Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

«Katxue» eta «Pantxi», bi belaunaldi eta bi izen memoriaren libururako

Duela 25 urte, Joxe Mari Aranzamendi «Katxue» presoak bere buruaz egin zuen Alcala Mecon. Ez zuen behar zuen laguntza psikologikoa jaso. Duela zortzi, beste belaunaldi bateko elorriar bat, Arkaitz Bellon «Pantxi», hilda aurkitu zuten Puerton, kartzelaldiak guztiz akitu eta gero.

Elorrion egin zen ekitaldiaren irudia.
Elorrion egin zen ekitaldiaren irudia. (EGIARI ZOR)

Egiari Zor fundazioak antolatuta, Elorrioko plazak ekitaldi bat hartu zuen atzo, espetxean hildako bi herritarren omenez. Belaunaldi desberdinetakoak izan eta bakoitza egoera desberdinean hil arren, hainbat ezaugarri komun izan zituzten, horietatik bat oso nabaria: euskal presoei aplikatu zaien salbuespenezko espetxe sistema. Egiari Zor fundazioak emandako datuak argigarriak dira oso: azken sei hamarkadotan 38 euskal preso hil dira kartzelan; horietatik gehienak, 36, azken lau hamarkadetan. Are, 2011. urteaz geroztik, hau da, ETAren su etenaren ostetik, 13 preso hil dira, tartean Arkaitz Bellon elorriarra.

Bi herritarren oroimena bizirik mantentzeko ekitaldia urtero-urtero egiten da Durangaldeko herrian, baina aurtengo omenaldiak bazuen osagai oso berezi bat, Joxe Mari Aranzamendi Katxue hil zenetik mende laurdena bete delako. Atzoko eguerdi eguzkitsu eta hotzean Elorriko plazan bildu zirenen artean, hildakoen militantzia eta kartzela kideak ikus zitezkeen, baita bi gazteen senide eta lagunak ere.

Mende laurdena igaro da dagoeneko Alcala Mecoko bere ziegan Katxue hilda aurkitu zutenetik. Aireztapen hodi batetik fular batekin zintzilik zegoen, oinak lotuta, baita eskuak bizkarrean lotuta ere. 1997ko otsailaren 7a zen. Oroitzapen ekitaldian lagun batek gogorarazi zuenez, Katxue frankismo garaiko Elorrio hartako giro itogarrian hazi zen; gazte hark, beste askok legez, gauzak aldatu nahi zituen, askatasunean bizitzea zuen amets.

Lau aldiz atxilotu zuten eta tortura latzak jasan zituen. Horrek berebiziko eragina izan omen zuen elorriar gaztearengan. Katxue epaitu gabe hil zen, kondenarik jaso gabe, behin-behineko kartzelaldian espetxean bi urte luze baitzeramatzan 1997an behin betiko joatea erabaki zuenean. «Gehiago jasan ezin zenuelako, zuretzat zen modu duinenean joan zinen», gogorarazi zuen bere lagunak. Egun batzuk lehenago, badaezpadako kartzela-agindua luzatu ziotela iragarri zioten. Noiz arte? Ez zekien. Elorriarraren txostenean deprimituta zegoela agertzen zen arren, ez zuen inolako laguntza psikologikorik jaso. Kartzelak muzin egin zion mediku laguntza eskatuz egin zituen eskaerei.

«Naturala ez zen izan»

Arkaitz Bellon Pantxi bere gelan hilda agertu zen, 2014ko otsailaren 5ean. Hiru hilabete falta zitzaizkion kalera ateratzeko, hamahiru urteko kartzela zigorra ia beteta baitzuen. Legedia arruntaren arabera, aspaldi behar zuen kalean. Kale borrokagatik kartzelaldi gogorra eta luzea bete zuen. Egin zioten autopsiak argitu zuenez, bat-bateko heriotza izan zen berea; hau da, “arrazoi naturalengatik” hil zen, 36 urterekin bihotza gelditu zitzaionean.

Kirolaria zen, kick boxing egiten zuen, baina hamarkada luze bat zeraman muturreko egoerak pairatzen: funtzionarioen jipoiak, gose-greba anitz egoera aldatu nahian, isolamendua... Gurutze-bide ankerra zinez. «Duela zortzi urte zuk krak egin zenuen eta guk zurekin —esan zion kuadrillako batek—. Orduan zerbait puskatu zitzaigun barnean betiko guri ere. Baina zure heriotza ez zen naturala izan, naturaletik ez daukalako ezer!».

Bi elorriarren heriotzok «ekidin zitekeen», gehitu zuen, Egia Zor fundazioaren izenean, Ibon Garate otxandiarrak atzoko ekitaldian. Ibon Garatek duela 22 urte galdu zuen Ruben anaia Alcala Mecoko kartzelatik lagun bat ikustetik zetorrela izandako auto istripuan. «Azken urte luzeotan Euskal Herriko gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketa larriak ehundaka, milaka izan dira. Horiei guztiei aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko bermeak zor dizkiegu, bizikidetza oinarri duen gizarte berria eraikitzen jarraitzeko», aipatu zuen. «Horregatik, beharrezkoa da presoek eta haien senideek jasandako biolentziak ere aitortzea, zuzenekoak eta zeharkakoak. Beharrezkoa da salbuespenezko espetxe politikak eragin dituen urraketen egia itzaletik argitara ateratzea. Baina, batez ere, ezinbestekoa da behingoz bertan behera uztea oraindik ere indarrean jarraitzen duten indarkeria instituzionalaren adierazpenak».

«Memoria bati buruz» hain maiz mintzatzen denean, kolektiboa izan dadila aldarrikatu zuen Ibon Garatek: «Oraindik ere badirelako Euskal Herrian gertatu denaren oroimenaren liburuan tokirik ez duten errealitateak».