NAIZ

Ukrainako gerrari ezetz esatera eta Gobernu espainiarrari ardurak eskatzera elkartu dira Bilbon

Gobernu espainiarrak Ukrainako gatazkan dituen «indar militar guztiak erretira ditzala» galdegin dute KEM-MOC, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Gerra Hemen Hasten Da plataformek Bilbon gerraren kontra egindako elkarretaratze batean.

Bilbon gerraren kontra egindako elkarretaratzearen irudia.
Bilbon gerraren kontra egindako elkarretaratzearen irudia. (OEE Bizkaia)

Ukrainaren kontrako gerraren aurkako elkarretaratzea egin dute igande eguerdi honetan Bilboko Arriaga plazan, KEM-MOC, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Gerra Hemen Hasten Da plataformek deituta.

‘Gerrari ez!’ lelopean 12.00etan hasi den protestak ondoko erakundeen babesa ere jaso du: ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuak, Anticapitalistak Bigite Elkartea, Bizkaiako IU, EH Bildu eta PCE-EPK.

Ukrainan gerra piztuko balitz biztanleriarengan izango zuen eraginez ohartarazi dute bozeramaileek elkarretaratzearen ondotik irakurritako manifestuan, biztanleria zibila izango zelako kaltetuena beraien esanetan. «Jakin daiteke [gerra] noiz eta non hasten den, baina ez dago jakiterik noraino zabalduko den ezta zenbat iraungo duen», adierazi dute.

Estatu espainiarraren ardura ere nabarmendu dute, NATOko «eragile nagusienetarikoa baita»: «Itsaso Beltzera fragata bat bidaltzearen iniziatiba ere hartu du. Era berean, Eurofighter gudu hegazkinez haize hedatze bat eskaini du Bulgarian, Letonian ehunka militarrez eta gerra tresneria ugariz hornitutako beste misio bat mantentzen duen bitartean».

Hala, Ukrainiako gatazkan dituen «indar militar guztiak erretira ditzala» eta «NATOrekin haustea» galdegin diote Madrilgo Gobernuari KEM-MOC, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Gerra Hemen Hasten Da plataformek.

«Armadek, euren kultura zaharkitua, euren esku hartzeak eta armamentua, matxismo anakronikoz beteriko eredu sozial gaiztoa» osatzen dutela iritzi dute eta, beraz, industria militar osoa «desegitearen eta birmoldatzearen» alde egin dute.

Bestalde, herritarrei eta giza erakundeei mobilizatzeko eta «gerra goraldi hau» gelditzeko deia egin diete.