Urruty: «Bi ‘Oihanen’ istorioa kontatzen dugu, basoarena eta pertsonaia nagusiarena»

Antzerkia eta dantza elkartzen dituen ‘Oihana’ igande honetan estreinatuko dute Angeluko Quintau antzokian. Belaunaldi desberdinetako emakumeen arteko harremana du oinarri Maryse Urrutyk sortu duen lanak. Barbara Rivas, Francisco Dussourd, Joana Olasagasti eta Arantxa Hirigoyen, antzezleak.

Maryse Urruty aktoreekin lanean aritu dira Quintau antzokian estreinaldia prestatzeko.
Maryse Urruty aktoreekin lanean aritu dira Quintau antzokian estreinaldia prestatzeko. (BOB EDME)

‘Oihana’ ikuskizunean belaunaldi ezberdinetako emakumeen arteko harremana islatzen da, antzerkia eta dantzaren bitartez. Itzuli, Atx Teatrok eta El Punto Gunearen eskutik heldu da Maryse Urrutyk sortu duen obra. Igande honetan Angelun izanen den estreinaldiaren ondoren, Euskal Herriko itzulia eginen dute Barbara Rivas, Francisco Dussourd, Joana Olasagasti eta Arantxa Hirigoyen aktoreek taula gainean, Urrutyren zuzendaritzapean.

«Bi ‘Oihanen’ istorioa kontatzen da, oihan fisikoa non enpresa multinazional batek eukaliptoak landatu nahi dituen, eta Oihana gure pertsonaia nagusiarena» adierazi du Maryse Durruty antzezlanaren sortzaile eta zuzendariak.

Duela hiru urte hasi zen proiektu honekin, transmisioari gaitzat hartuta, obra bat egin nahi zuela argi zuen eta: «Kontatu nahi nuen istorio bat soilik emakumeekin, neska bat istorioaren protagonista izanik, horrela, bai neskak, bai eta mutikoak ere, aukera izan zezaten emakume batekin identifikatzeko».

Belaunaldien arteko harreman horretan hizkuntzak, euskarak, garrantzi handia duela nabarmendu du sortzaileak: «Dantza gure istorioan euskararen metafora da, eta harreman handia du nire bizitzako bidearekin. Entzun nuen euskara txikitan, baina gero ez nuen eskolan ikasi, hori dela eta berreskuratu nuen 18 urterekin. Oihana protagonistak bezala, bidaia iniziatiko bat egin nuen hizkuntza berriz topatzeko, eta orain egitea obra bat euskara hutsean plazera da».

Dantzaren garrantzia

Dantzak obran duen garrantzia nabarmendu du Urrutyk, daukan adierazgarritasunari esker, transmisioaren ideia agertzeko oso lagungarria delako: «Antzezlanaren esanahiari dagokionez, niretzat oso argi da euskara aipatzen dugula, baina edonork atzematen ahal du zein den beratzentzat transmisioa, beharbada batzuendako familia istorioa bat da, edo gaitasun berezi bat. Badira sekretu anitz familietan, eta batzuetan transmisioa belaunaldi bat saltatzen du, horren ondorioz hurrengo belaunaldiak sentitzen du zerbait eskas dela».

Hori da justuki Oihanari gertatzen zaiona, eta hutsune hori betetzeko beste bide bat hartzea deliberatzen du: «Ametsetan aurkitzen du presentzia bat, eta presentzia honek erakusten dio dantza bat, hizkuntza berezi bat, katea moztu zelako, baina bere familian betidanik emakumeen arteko dantza izan zena».

Zentzu horretan belaunaldien arteko haustura magiaren bitartez berreskuratu daitekeela azaldu du, baina beste behin ere ikuslegoaren eskutan izanen da horren interpretazioa egitea: «Magiaren atea irekirik uzten dugu, imajinatu daiteke ametsetan ari dela, edo ate bat ireki duela beste mundu magiko batera pasatzeko». Interpretazioan irekiera badago ere, «uste dut istorioa borobiltzen dugula, baina laster ikusiko dugu zeintzuk diren ikuslegoak zer dioen».

Poesia eta zientzia fikzioaren arteko lotura ere badagoela azaldu du sortzaileak: «Guk uste dugu bi estiloetatik hartzen duela, asmoa da biak nahastea».

Paula Olazen musika

Musikari dagokionez, garai bateko kantu rokeroak –Berri Txarrak, Dut, Su ta Gar...– bezalakoekin batera, Paula Olazek antzezlanerako egindako sorkuntza bada. «Paulari kontatu nion istorioa, eta parte hartu nahi izan zuen. Protagonista ametsetara doanean, gehienetan  bere musikarekin da, dantza momentuak bere musikari esker ikusten ditugu».

Finantziazioari dagokionez, Ipar Euskal Herriko erakunde publikoen laguntza jaso du. Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdearen dirua ere jaso dutela nabarmendu du Urrutyk: «Mugaz gaindiko proiektua, muntatu dugu, bildu gara Atx teatroa Bilboko konpainia, eta orain beraiek egingo dute hedapena. Gero El Punto gunea Iruñean, non egon garen egonaldia egiten, eta hiruron artean gauzatu dugu».

Euskal Herriko itzulia

Otsailaren 6ko estreinaldiaren ondoren, Quintaun ariko dira ere 7an eta 8an. Martxoanren lehen egunean Luhuson ariko dira, eta Hendaian 2an eta 3an. Donapaleun 11n eta 12an aritu ondoren, Bizkaiara itzuliko dira, Durangon ariko baitira martxoaren 13an. Maiatzaren 14 eta 15ean Donostian ariko dira.

Udazkenerako aurrikusita dituzte beste emanaldiak, urriaren 16an Bizkaiako hiriburuan, eta oraingoz programatutako azkena Azkainen izanen da hilabete horretako 22an.