Maite Ubiria

Oier Oaren aurkako auzia salatzeko deia egin dute Etxepare lizeoko bere lankideek

Otsailaren 15ean Baionako auzitegian iraganen den auzia salatzeko gonbidapena zabaldu dute gaur, gutun baten bidez, Etxepare lizeoko Oier Oaren lankideek.

Oier Oari Parisen auzia egin zioten egunean, azaroaren 8an, lasterketa egin zuten Hiriburu eta Baiona artean Etxepare lizeoko ikasleek.
Oier Oari Parisen auzia egin zioten egunean, azaroaren 8an, lasterketa egin zuten Hiriburu eta Baiona artean Etxepare lizeoko ikasleek. (Guillaume FAUVEAU)

Larresoro bizileku duen Oier Oaren aurkako auzia heldu den otsailaren 15ean iraganen da Baionan.

Lurralde debekua izanik, 2020ko azaroan Poliziaren kontrol batean Hiriburun atzeman ondoren bere familiatik urrundurik bizitzera behartua izan da geroztik Donostiako preso ohia.

Berez iazko irailean egin behar zioen auzia donostiarrari Baionan. Izan ere Oari kartzelatik atera zenean frantses Estatuan bizitzeko debekua ezarri zion auzitegiaren aurrean aurkezturiko helegitearen emaitza jakin arte itxarotea galdetu zuen bere defentsak.

Gauzak horrela auzia gibelatua izan zen.

Joan zen abenduan Parisko Dei Auzitegiak atzera bota zuen Amaia Rekarte abokatuak Oari lurralde debekua kentzeko aukezturiko eskaera berri hori.

Are abokatuak bere arrangura agertu zuen auzitegiak mamiari heldu gabe debekua atxikitzearen alde jo zuelako.

«Euskal Herriko egungo egoeran harrigarria zaigu epaileek harturiko deliberoa. Erabat testuingurutik kanpo ikusten ditugu honelako erabakiak. Ez dugu uste frantziar jendarteak, egoera zinez ezagutuko balu, gisa honetako erabakia begi onez ikusiko lukeenik», adierazi dute horren harira Etxepare lizeoko Oier Oaren 58 bat lankidek.

Gaur plazaratu duten gutun batean oroitarazi dutenez, bost urte daramatza Oak hezitzaile bezala Baionako lizeo horretan lan egiten. Denbora horretan bai Seaskako ikastetxean baita Larresoron bertan aitzineraturiko herri ekimen anitzetan lagundu duela nabarmendu dute.

Horrekin batera Oaren egoera salatzeko azkeneko hilabetetan eginiko mobilizazio ugari aipagai izan dituzte.

Deitoratu dutenez, «maitasun eta elkartasun erakusle izan diren mobilizazio hauek guztiak, haatik, ez dute Oierren deserriratzea eta, beraz bere bizi arrunt nahasi eta zangopilatzea».

Zugarramurditik telelana eginez

Emaztea eta hiru semeekin harremana errazteko lagun batek utzitako etxean bizi da Oa, Zugarramurdin. Pandemiak ezarritako mugen gainetik Nafarroko herritik jarraitu ahal izan du bere ikasle eta lankideekin lanean.

«Erran gabe doa bere inguruak ez dugula ulertzen, ezta onartzen ere, zigor hau; eta, ondorioz familia nola den pentsatzeak atsekabez betetzen gaitu», azaldu dute gutunaren sinatzaileek.

Idatzi horren bidez deia egin diete Euskal Herriko eragile, sindikatu, elkarte eta agintariei, «bidegabekeria buka dadila galde dezaten, bai Oierrentzat eta baita egoera berdina jasaten duten beste euskaldunentzat ere».

Kartzelatik atera zenean ezarri zioten debekua bortxatu izana egotzita epaituko dute Oier Oa Baionan. Berari elkartasuna adierazteko epaitegiaren aitzinean 13.30ean deituriko ekimenean parte hartzeko asmoa agertu dute gutunaren sinatzaileek.