Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Entrevue
Juan Izuzkiza
Filosofiako irakaslea

«Eskola ez dago mundua salbatzeko»

«Borregos que ladran» liburuaren egileak hezkuntza berriz imajinatzera gonbidatzen gaitu, ironiaz eta espiritu borrokalari batekin, ikasleak errespetatuz, iraganeko eta oraingo pentsalarien konpainian.

Juan Izuzkiza. (Raul BOGAJO | FOKU)
Juan Izuzkiza. (Raul BOGAJO | FOKU)

Plazera da Izuzkizarekin eskolaz eta munduaz aritzea. Hizlari ona da, zorrotza, idazten duen irakaslea. "Borregos que ladran" liburua argitaratu berri du, pentsamendua kondentsatuz eskolaren errealitatera bidaia bat proposatuz, umorearekin eta bizitasunez.

Hezkuntzan amildegi bat ikusi eta sute handi bat proposatzen duzu, mailukadaz edo guraize-ebakiz baino enkajatu ez daitekeen puzzlea dela diozu… A zer panorama.

Bai, panorama dadaista da. Dadaistek zioten: 'gizakion simaurra ordenaren perfumearekin estali? Ezta pentsatu ere!'. Liburua nolabaiteko protesta bat da irakaskuntzaren mundura datorkigun katekesi disneyfikatu eta perfumatuaren aurrean. Badirudi guztiok peluxezko hartz txikia behar dugula, parte emozionalak sekulako garrantzia hartzen du. Inozentziaren irrikaz gabiltza, ez diegu gaizkiari eta iluntasunari begiratzen, eta horrek pertsona bezala anputatzen gaitu. Eta gazteek ez dute sinisten; ongiaren, marabillaren diskurtso horiek ez dituzte erosten. Inportantea da, bestalde, jakitea eskola beti egon dela hondatuta, eta hondatuta segituko duela betirako.

Hortaz, ez gara larregi kezkatu behar...

Ez. Eta ikusi behar dugu zein den eskolaren jatorria, funtsean instituzio klasista bat da. Eskolaren kontzeptuak aisialdia esan nahi du, nahiz eta gazteek ez duten horrela bizi, mazopak bezala aspertzen direlako. Aisiaren ideiak jende liberatua esan nahi du. Nor joan zitekeen eskolara? Liberatuak, elikatzeko eskuak erabili behar ez zituztenak. Aristotelesen ideia da liberatuek gobernatu behar zutela. Orduan, nor doa eskolara? Gero gobernatu beharko dutenak. Datuek hori erakusten dute, per capita errentak emaitza onak determinatzen ditu. Eskola ozeanoan dagoen arrainontzi bat baino ez da. Eta arrainontzia konponduta ere, ozeanoak berdin jarraituko du, kutsatuta. Hor erotu egiten gara, eskola konpondu nahi dugu konpondu behar dena mundua denean. Eta mundua hondatuta dagoenez, eskola ispilutxo bat baino ez da, bere miseriak ez islatzeko parapeto bat jar dezakeena, asko jota.

Orduan, hezkuntza ez dago mundua salbatzeko; hotsandiko helburu eta hitzak alboratuta, hobeto agian, ezta?

Baina hori asko gustatzen zaigu, kontua errazagoa bada ere. Kanpoan funtzionatzen ari ez dena ezin da eskolan konpondu. Hitz potoloekin aritzen garenean, eskolak benetan egin dezakeenaren zati handi bat galtzen ari gara, ezagueren transmisioan, pertsona kultuak sortzen, pixka bat lotsatzen gaituen kontua dela dirudien arren. Eta nola badirudien ezagueren transmisioa motz geratzen zaigula, mundua salbatzea nahi dugu. Gero, eskola nolabaiteko enplegu bulego batean birmoldatu dugu, eta gure gazteak ito egiten dira horrekin, 'ai, ez dakit zer izango naizen, non egingo dudan lan'. Nora bidaltzen ditugun jakin behar dugu, ze lan merkatua krudela da. Eta beste gauza bat, nire ustez argigarria: eskola porrota arrakasta bat da, hortik ateratzen dugu eskulan merkea. Oso inportantea den kontzeptu bat modaz pasatu da hemen, diskurtsoetatik desagertu da: alienazioarena.

Hezkuntza errendimendura bideratzen duen pragmatismo anglo-saxoia ez al da gailendu? Eta ez gara gai zentzu kultural eta harrotasun existentzial batez aurre egiteko.

Gizakiari esplikazioak interesatzen zaizkio. Sloterdijk pentsalariak dio begi bistakoaren ertzean irekitasuna dagoela; eta irekiak egonezina sortzen digu, agian erantzunik ez daukana delako. Zera esaten du ere, esplikaezinak esploratuarekiko duen superabitaren aurrean erantzun egokia dela egonezina. Superabita esplikaezinean dago, inolaz esplikatu ezin den horretan; eta hau ere esaten du: 'Esploratua ez da esplikatua, dominatua da'. Tesitura horretan sartzen da hezkuntzaren parte instrumentala, itsutzen gaituena, 'zu gai zara, zu ez zara gai' ideia errazago igartzen da hor. PISA adibidez, ‘gai zara, ez zara gai’ txosten bat da, erabilgarritasunari lotuta beti. Parte estetikoak, baina, erabilgarria den oro transzenditzen du, parte abstraktuak ere bai, eta hor mutu geratzen gara. Eta badakizu zer? Esploratu gabea eta esplikaezina den parte hori dela gu hobekien esplikatzen gaituena.

Liburuan nolabaiteko arrunkeria bat aipatzen duzu, edonor bere onetik ateratzen duen inertzia errepikakorra; errealitatetik kanpo dauden plan eta protokoloak, ostrukarena egiteko modu berriaz.

Gaur bertan ikusi dut Madrilgo Gobernuak irakurketa plan bat bultzatuko duela 40 milioi euroko aurrekontuarekin. Ez da gehiago irakurriko, ongi dakigu hori, eta gutxiago plana badator, nola esan, plan horretan. Bazterrak nahasi, berriz ere. Ez dakit zer okurrituko zaien gero, baina ez pentsa irakasleok hain fidagarriak garela gazteentzat, ozpindutako jende bat bezala ikusten gaituzte, eta irakurtzea munduko gauza ederrena dela esatera joan behar dugu orain? Ezertarako ez, beste emaitza penagarri bat.

Alegia, hezkuntzako plan eta protokoloen historia beti bukatzen dela gezur batean…

Bai. Hor badago hiruko fantastiko, eta platoniko, bat: ongia egiaren berdina da, eta egia, edertasunarena. Badago beste hiruko bat ere, aurrekoa bezain fantastikoa baina beldurgarriagoa: planak egiten direnean ordenamendu bat egiten saiatzen da, asko gustatzen zaigu gauzak ordenatzea, egoera kontrolatzen dugula esatea. Ordenamenduak menderatzea eskatzen du, baina, zein da bikote honen kide txikia? Gezurra. Gezurrik gabe ezin da menderatu. Gero, beste zirkunstantzia bat ere badago: gure garai zinikoarena. Denok dakigu gezurrean instalatuta gaudela, baina ezjakinaren plantak egiten ditugu. Irakasleok ikasleak, administrazioak… Eta, jakina, irakaskuntza beste instituzio batzuekin orekatzen den instituzioa da, eta garrantzitsuenetarikoa administrazioa da, boterea; XVI. mendetik badakigu, Makiavelok esanda, botereari boterea interesatzen zaiola; eta boterean mantendu nahi duenari, berri onak ematea. Gero badago eskolak betetzen duen beste funtzio bat, pragmatismoaren eta errendimenduaren kontuarekin lotu daitekeena, gure esku gehien egon daitekeen parte horretatik, ezagueren transmisiotik, baino harago doana: parking publikoa izatearena. Gurasoek lan egiten dituzten orduak lan egiteko umeak egoki aparkatu behar dira. Akats handi bat da, eta, nik uste, hezkuntzan inoiz iraultza etortzekoa bada, hortik etorri behar duela: ikasleen ordutegi kriminala gutxituz. Egunero zazpi orduz jarrita aguantatzen duenik ez dago. Ahal duten moduan aguantatzen dute, baina gurasoen ordutegia babesteko da. Hortaz, zertara ari gara jolasten? Irakastera ala gurasoek lan egin dezaten babestera? Eta planeta salbatzea falta zaigu. Perfektu! Beste plan bat egingo dugu.

Eskolatik errebotatuta ateratzen diren ikasle aspertuak, beren buruak biktimatzat dauzkaten irakasleak, keinu arraroak egiten piztiez lepo dago hezkuntza, ezta?

Badira ondo egokituta daudenak ere, sistema honetan eroso daudenak. Niretzat, ikasle on bat eskolara joan aurretik da ikasle on. Goazen berriz ere PISAra. Bale, hainbeste motibatzen gaituenez, ikus ditzagun ondo funtzionatzen duten eskolak zeintzuk diren. Badago bat Espainian azken hiruzpalau urteetan beti lehenengoa ateratzen, alde ikaragarriarekin gainera, eta Finlandiako edozein proiekturen gainetik dago. Baina, jakina, ikus ditzagun zer eskola den: ez da mistoa, bakarrik neskak hartzen ditu eta Opusekoa da. Oso ikastetxe polita da, ez dauzka ikasle asko eta familiek diru pila bat daukate. Ba bale, horretara jolasten bagara, nik ez dut izena ematen.

Irakasteko pasiorik eta irakasle bokazionalik gabe ba al dago zereginik?

Gu ere nerabe ginenean trauskilak ginen benetan, trauskilenetan trauskilen, ezta? Liburua idatzi baino lehen irakasle beteranoei galdetu nien ea orain okerrago irakasten eta ikasten den, eta ez dut bat aurkitu hobera egin dugula esaten duenik. Ez dakit ba. Bokazioarena oso argi daukat. Ezin dezakegu motibatzen ez gaituzten lezioak botaka egin, eta, gero, iraultza magiko bat eskatu: nazkatu eta aspertzen nauena gero pozez eta edertasunez niri bueltatzea ezin zaio ikasleari eskatu. Ez du funtzionatzen. Pasioa ikasgelara eramaten duzu, eta ez baduzu eramaten, hobe da honetan ez jardutea. Baina gogorra da, e! Platon aipatze hutsarekin aurkituko dituzun aharrausien kopurua ikaragarria baita.

Eta nola egin orduan?

Irakastea animaliak ikustea bezalako jarduna da. Zarata atera eta 'ikusi nazazue! kasu egidazue!' oihukatzen hasten bazara, animaliak ez zaitu begiratuko. Askotan isil-isilik egon behar duzu, itxoin eta itxoin, eta azkenean azaltzen dira, eta azaltzen direnean hor harrapatu behar dituzu. Arte bat da eta pasiorik gabe arte guztiak desegiten dira. Begira, orain azterketak zuzentzeko errubrika deitzen den zerbait egin behar da. Omen, 17 item ezarri behar dituzu eta ikasleek aipatzen badituzte nota ona jartzen diezu, eta item bat aipatzen ez badute, nota jaitsi; nolabaiteko molde bat jartzen duzu. Aurreko batean Arte irakasle batekin egon nintzen eta argi esan zidan ‘lan oso onak zuzentzen ari naiz eta errubrika hauekin azterketa guztiak nota berdinarekin ateratzen zaizkit, 8 bat'. Eta zeresanik ez konpetentzia famatuez, ze hori ja…

Goazen liburuaren kapituluak apur bat errepasatzera. Aurrenekoak eskemak apurtu dizkit. «Egunero kanpaia jotzearen paradigma».

Hori Balio Etikoen klase batean gertatu zen. Nola gustatzen zaien irakasgaiei izen potoloak jartzea! Balio Etikoak! Ordu bat astean, ez gehiago, e? Hori bai, DBH osoan, Balio Etikoak! Eta irakaslea joaten da jakinda ez duela asto baten putza ere balio, ondo daki hori, baita ikasleek ere… Ni gustura joaten naiz, zuzenean esaten diet 'gutxienez baduzue ordu hau despresurizatzeko'. Baina bueno, agian kanpaia jotzearena interesatzen zaizu eta zuzenean joan nahi duzu, ezta?

Eszena irudikatzen dut-eta. Zu Balio Etikoen klasea ematen, etika «ethos»-etik datorrela, «ohiturak» esan nahi duela, eta, klasea hasteko, beren bizitzako ohiturez galdetuta, 14-15 urteko ikaslea ikusten dut: «Nire bizitza? Nik egunero kanpaia jotzen dut», gelako barreak ere irudikatzen ditut...

Ulertzen dizut. Protestatzeko modu egokia da; eta, gero, niretzat, ohore bat. Ausartzen da niri esaten, ez dit beldurrik. Eta nire buruari galdetzen diot 'mutil honek eskolaz zer espero du egiten zaion lehen galderan erantzun hori beldurrik gabe emateko gai bada?' Noski ari dela mezu bat pasatzen: 'Gutxienez kanpaia jotzen ari naizenean ni naiz neure gain, neure plazeraren gainean jarduten dut, inor ez da tartean sartzen eta nor sentitzen naiz', 'nire bizitza esplikatzea nahi duzunean, ez dut sinisten interesatzen zaizula, ez zuri eta ez inori'. Pentsarazi beharko zigun nahigabe izugarri baten berri ematen ari dela.

«Ongi armatuak dauden pirata antipatikoak» hainbeste al dira ikastetxeetan?

Hezkuntzak zerbaitetarako balio badu, zerbait irakatsi badezakegu, lehenago aipatu dudan inozentzia horretatik, peluxe hartzaren kulturatik, ihes egitea da, bai ikasleak eta bai irakasleak. Ez dago sapiens sapiens arriskutsuagorik pertsona ona dela uste duena baino. Inozentea, xaloa zarela uste duzunean, arriskutsua zara. Parte ilunari lotu behar gatzaizkio. Ikasleari berak ere parte iluna duela irakasten diozunean, horrek seguru asko besteak hain arinki ez epaitzen irakatsiko dio. Iluntasun horretan ordena ere badago, zeinek gidatzen duen ontzia. Eta honetan oso platonikoak izan behar dugu, oso zorrotzak: dakienak gidatzen du ontzia. Hemen beste gauza bat sartzen da, gaur egun, agian, gaizki ikusia egon daitekeena: nor bere iritziez ahaztu behar gara, iritziak soberan daude. Irakaskuntzaren munduan oso inportantea da garbitzen jakitea, nor bere iritziak garbitzeko gai izatea pentsatzen hasi ahal izateko. Pentsamendua, askotan, iritziaren garbiketa eskatzen duen lan nekeza da.

Eta nola irakasten da hori?

Ontasunetik, gozotik, perfumearekin ez da lortzen. Badago gauza bat oso funtsezkoa: bi indar mota daude. Indar basatia da bat; baina badago beste indar handiago bat, Platonek pertsuasioa deitu zuena, emakumezkoaren arketipoa dena, portzierto. Zeinek pertsuaditzen du? Benetako mezulariak, benetan esatekoa daukanak. Bokaziozkora itzultzen gara: esatekorik ez daukana ez dadila joan, ze gazteek gauzak entzun nahi dituzte.

Institutuak eraikin itsusiak dira, arkitektura mailan kartzela eta ospitaleen antzekoak. Pasillo luzea, alboetan gelak... garrantzia ematen diozu estetika eta edertasunaren absentzia horri, ezta?

Funtsezkoa da. Foucaulten panoptikotik badauka zerbait. Niretzat, leku bat, non aldarean arbela elektroniko bat dagoen, eta ordenagailuak a tutiplen, esekilekuak bakoitza kolore batekoak eta armairuak korrokoilduta dauden, gotelezko paretak, zorua baldosa granitiko horrekin, eta azuleju txuri hori, harategi batean zaudela ematen duena... puff! Edertasuna zaintzen ez duen leku batean oso zaila da diskurtso ederrak sortzea. Badakit ikastetxe politak egiten dirua gastatzeak fribolitatea dirudiela, baina nire ustez, hori da beste iraultzetako bat. Nik oraingo makroeskola hauek eraiki ahal izatea kenduko nuke, zuzenean. Hemen dauzkagun parajeekin, Gorlan bertan adibidez, jar dezagun eskola txikitxo bat, askoz hobeto funtzionatzen dute. Ikastetxea inguru eder batean egoteak irakasten denaren gainean eragin bat dauka. Hau ez da zaintzen, deskuidatu egiten da. Horrekin zer esan nahi da? Ez zaigula axola ikasleak gustura dauden ala ez, leku eder eta eroso batean sentitzea ala ez. Hori gutxienekoa da! Baina, hori bai, teknologikoki ondo hornituak...

Jo, zer urrun dago Helsinki!

(Barreak). Baina zergatik ez dute Singapur hartzen? Notetan lehenengoak dira, eta gazteen suizidio mailan ere bai. Sorian Helsinkin baino nota hobeak ateratzen omen dira, baina Helsinki Helsinki da. Anekdota bat kontatuko dizut, oso interesgarria niretzat. Duela urte gutxi nire institutura etorri ziren PISAko probak egitera. Jende oso ona neukan, benetako jenioen talde bat, marabilla bat, batzuetan horrela gertatzen da; eta gainera poz handia zeukaten ikasle haiek, ganberreoa maite zuten. Eta oso argi esan zuten: 'Nire izena azaldu ere egiten ez den azterketa anonimo bat orain egiten hastea!? Kokoteraino gaude azterketak egiteaz!'. Txuriz entregatu zuten. Horrek nola eragiten du emaitzan? Ekintza egoista kontsideratu daiteke, edo errebeldia ekintza bat, ez dakit. Gero emaitzak etorri ziren institutura, eta oso emaitza txarrak, jakina; azterketa egiteari uko egiten dion jendea badago! Baina desobedientzia balio bat da beti, e? Nazien Alemanian ikusi zen. Zygmunt Baumanek horren inguruan lan oso on bat dauka. Obedientea da arriskutsua. Dakienari obeditzen dio, eta dakiena da goian dagoena, espezialista. Eta gizarte oso espezializatuetan bizi gara, ‘a ez, niri esan didate hau, niri esan didate bestea’, eta hor planteamendu etikoa ez da inon sartzen. Obedientzia sartzen da, ‘horrek esan dit, dakienak; nik ez dakit ondo edo gaizki dagoen’; orduan, desobedientzia bada eskolan baloratzen hasi daitekeen gauza bat, ezta?

Eskoletan mamu asko daudela aipatzen duzu, eta argia bilatzeko orduan ez dela ahaztu behar pospoloa punta-puntako teknologia dela.

Hiru gauzatxo. Lehenengoa, mamuak gauza ederra direla. Irakasle oro bere aita eta amaren seme-alaba da, bere kolpeak ditu, baina, nire ustez, gaur ere, 25 neska-mutilen aurrean norbait adierazten ikustea luxu bat da. Irakasleok egun hobeak eta txarragoak dauzkagu, gure euforiak eta existentziaren erridikuluak, krudelak izateko gai gara, eta barregarriak, batzuetan okurrenteak gara eta beste batzuetan benetako tostoi bat, baina bai, norbait horrela ikustea, neska-mutil horiei aurre egiten eta zerbait transmititzen saiatzen, pribilegio bat da. Gero, teknologiarena dago. Honekin gazteak kiskaltzen ari gara, minutu bat berandutu eta oharra jasotzen dute etxean 'zuen umea berandu iritsi da'. Zelatatuak sentitzen dira, beldurgarria da. Badauzkagu beste aukera batzuk: autoritatea irabaztea, adibidez, entzuna izateko eskubidea irabazi behar dela, batzuetan ahaztu egiten zaigu. Bai, teknologiaren adorazio moduko bat dago. Covidarekin ikusi dugu, eskolak online emateak oso fenomenologia ezberdina du. Ikasleei galdetu diet eta hitzeman diezazuket burua leherrarazten diela. Dena delakoagatik, ez du funtzionatzen, eta betikoa egiten dugu: funtzionatuko balu bezala egin. Eskola orduan etxean egon dela badakigunez, «konplitu du» item bat markatu eta lasai geratzen gara. Ez, kontaktua behar da, behar-beharrezkoa da, eta hori da pospoloa, punta-puntako teknologia.

Eta hirugarrena?

Hankak mugitzea. Ez gara greziarrek egiten zuten bezala elkarrizketan jarduten, paseatuz, lasai ederrean; jarrita baizik, mugitu gabe. Deserriratu egin ditugu eskuak irakaskuntzatik, dena doa burura, burutik burura, eta ideia gutxi jaisten dira bihotzera, benetan emozioa sartzen den lekura.

Aristotelesek zioen gizakiok sortze berekoa dugula jakiteko grina; eskolak hori atenditu eta asetzen al du?

Lehen esan dugu eskola klasista dela eta liberatuei zuzendua zegoela. Baina eskola modernoa, ezagutzen dugun bezala, asmakizun prusiar bat da, eta, gero, Ilustrazioaren umea da. Baina akats bat dauka Ilustrazioak: gehiegi gustatzen zaio argia. Eta argiak errealitatea zein den behin erabakita, poteratu egiten du, entziklopedikoki hor sartzen du, eta ez da kuestionatzen. Hor dago frantses iraultzaz, mitokondriez edo integralez galdetzean ikasleek askotan erantzuten dutena: ‘Eta?’ ‘Zertarako balio dit?’, ez denean ‘eta niri bost’. ‘Eta?’ horren aurrean ez dakigu zer erantzun. Ezaguera ankilosatuetan geratu gara, hausnarketa biziari beldur diogu, eta, beldurrarekin, esango didazu zer irakatsi daitekeen!

Eskola instituzio politikoa dela barneratzea inportantea da zuretzat?

Politikoa da, jakina, eta ideologizatzailea. Baina politikan baino, zoritxarrez, katekesi moduko batean erori gara. ‘Ez zaitezte drogatu’, ‘kasu sexualitateari!’, ‘kontuz matxismoarekin!’... eta badakigu ez duela funtzionatzen. Literalitatean geratzen gara, askoz ere konplexuagoak izan behar dugu.

Hobe umil eta azpitik, ezta?

Hori da oinarrizko tesia. Filosofia mailan, eta filosofiaren fanatiko bezala, uste dut hori transmititu behar dela. Ikasleei ezin diet esan nola izan behar duten onak eta nola txarrak, kooperatiboak izan behar duten ala ez, klimagatik kezkatu behar diren ala ez; diskurtso filosofikoan bertan aurkitu beharko dituzte beren erantzunak. Antzinako filosofia da, Sokratesen maieutika famatua: egia potenteena norberak aurkitu duena da, ez kanpotik diktatua izan dena. Saia gaitezen ikastetxeak ez bilakatzen makroparking edo makroabeltegiak; egin ditzagun gauza txikiagoak, ederrak, eta, batez ere, murriztu dezagun ikasleen fabrikako ordutegi hori. Baina horrekin ez dira gauzak konponduko, e!? Eskola ez delako eremu mekaniko bat, eremu dialektikoa da. Begira, eskola konpontzeko modu bat esango dizut: munduan bakea eta zoriontasuna lortuz. Baina hori nola egiten da? Ez dakigu. Justizia soziala dagoenean izango da eskola justua; ez alderantziz.