Iraide Ibarrondo

Hego Euskal Herriko gazteen %56k eskuin muturreko alderdiak debekatuko lituzke

‘The Future Game. Bihar zer?’ inkestak ondorioztatu duenez, Hego Euskal Herriko 18 eta 35 urte bitarteko gazteen %56k eskuin muturreko alderdiak debekatuko lituzke.

‘The Future Game. Bihar Zer?’ ekimenak egindako inkestaren emaitzen aurkezpen ekitaldia Bilboko BBK Aretoan.
‘The Future Game. Bihar Zer?’ ekimenak egindako inkestaren emaitzen aurkezpen ekitaldia Bilboko BBK Aretoan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimenaren baitan egindako inkestaren emaitzak plazaratu dituzte asteazken honetan Bilboko BBK aretoan. Inkestan Hego Euskal Herriko 18 eta 35 urte bitarteko 800 gazteri Hego Euskal Herria 2050. urtean nola irudikatzen duten galdetu diete. Emaitzek erakutsi dutenaren arabera, gazteek «mesfidantza» sentitzen dute erakunde publikoekiko eta inkestatuen %56k adierazi du eskuin muturreko alderdiak debekatuko lituzkeela. Gainera, %58 armak debekatzearen alde azaldu da. Kontrol polizialari dagokionez, %81ak uste du etorkizuna hobea izango litzatekeela kaleen kontrol gutxiago balego.

Era berean, inkestatutako gazteen %40k baino gehiagok apustu etxeak, tabakoa eta prostituzioa debekatuko lituzke.

Braulio Gomezek, barometro honen zuzendariak, hiru gako nagusi azpimarratu ditu galdeketatik: «Gazteek konfiantza erraldoia dute beraien parekideen edo komunitateko kideengan. Erakundeekiko edo belaunaldi zaharragoenganako duten mesfidantza guztia beraien arteko konfiantza bihurtzen da, zeinak beraien artean kooperazio harreman estuak sortzea eragiten duen. Bigarren gakoa; posiblea ikusten dute beraien ekintzek 2050. urterako EAE hobetzea eta, uste dute, mundu hobe horren baitan, boterea eskuratzen dutenean klima aldaketa, genero arrakala edo lan baldintzak hobetzeko gai izango direla. Gainera, positiboak dira eta ez apokaliptikoak».

Gomezen esanetan, gazteak «apokaliptikoak» ez diren arren, beraien kezka nagusien artean klima aldaketak badu bere lekua. Hori horrela, ia gazteen erdiek uste dute 30 urte barru kostaldeko herriak jada desagertuta egongo direla eta %71k energia ekologiko berriak garatuko direla aurreikusten du. Ildo beretik, ia gazteen hiru laurdenak baieztatu du krisi klimatikoak iraultza bat egiteko besteko larritasuna duela.

Arlo ekonomikoan, krisi bat bestearen atzetik bizi duen belaunaldiak baikortasunez begiratzen dio etorkizunari. Izan ere, gazteen %91k erantzun du ez duela uste bere familiarekiko menpekotasun ekonomikorik izango duenik 2050. urtean. Hau da, independentzia ekonomikoa izango dutela uste dute eta, gainera, hamar gaztetik zazpik gustatzen zaion gauza batean lan egingo duela uste du. Hala ere, inkestatuen %68k ez du uste datozen urteetan etxebizitzaren prezioaren aferan irtenbide bat lortuko denik.

‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimenaren bultzatzaileak DOT kooperatiba, Badalanb, hizkuntza gutxituen esperimentazio gunea, EITB eta BBK kuna izan dira. Hori horrela, asteazken honetan egin den mahai-inguruan eragile bakoitzeko kide batek hartu du parte. Zehazki, Nora Sarasola, BBK-ko Gizarte Ekintzako Zuzendaria; Andoni Aldekoa, EITBko zuzendari nagusia eta Goiatz Oiartzabal, Badalab-eko zuzendaria, egon dira hizlari gisa.

Andoitz Gutierrez ‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimenean parte hartu duen gazteetako bat izan da. Gutierrez sare sozialen bidez jabetu zen ekimenaz, eta interesgarria iruditu zitzaion ekimenak luzatzen zion proposamena: «Gazteentzako espazio fisiko eta digital bat sortzea». Horregatik, esperientzian parte hartzea erabaki zuen eta era positiboan baloratu du bizitakoa. Izan ere, esperientziak iritziak plazaratzeko «espazio seguru bat» opatu eta edozein gairen inguruan hitz egiteko «komunitate bat» sortzeko aukera eman diola azaldu du.

Hurrengo pausoak

Mahai-inguruarekin amaitzeko, datozen hilabeteetan hartuko duen bidea iragarri du ‘The Future Game. Bihar zer?’ ekimenak. Hasteko, «etorkizun hobea lortzeko ohitura-aldaketa zuzenean bizi gura duten esperientziak» finantzatzeko diru poltsa bat opatuko dutela aurreratu du Olatz Ibarretxek, ekitaldiaren aurkezleak eta DOT kooperatibako kideak.

«Aukeratutako gazte kopuru bat egongo da esperientzia hori bizitzeko eta beraien bizitzetan aldaketa horiek txertatzeko. Prozesu horren barruan ideazio eta prototipazio prozesu bat egongo da. Hori negozio, ekimen edo iniziatiba berriak sortzeko izan daiteke. Diru poltsa benetako inplikazio hori lantzeko eta bermatzeko izango da», azaldu du Ibarretxek.

Bestalde, Ibarretxek azpimarratu du inkestaren emaitzek hala iradokita, «aldaketa klimatikoa, humanitate digitala eta aniztasuna» bereziki landuko dituztela «esperientzia berriak» sortzeko unean eta, hortaz gain, ekitaldi, hitzaldi eta edukiak antolatzen jarraituko dutela.