NAIZ

Indautxuko komisaldegira martxa antolatu du Sortuk larunbatean tortura salatzeko

Otsailaren 12an, ‘Alde hemendik!’ lelopean manifestazioa deitu du Bilboko Sortuk Plaza Biribiletik Indautxuko komisaldegira, arratsaldeko 18.00etan. Igandean tortura tresnekin erakusketa jarriko du Uribitarte paseoan.

Tortura salatzeko Sortuk aurreko urtean egindako mobilizazioa.
Tortura salatzeko Sortuk aurreko urtean egindako mobilizazioa. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Urtero otsailaren 13ko torturaren aurkako egunaren harira, Bilboko Sortuk hainbat ekimen antolatu ditu asteburu honetarako.

Aurreko urtean La Salveko Guardia Zibilaren komisaldegiaren aurrean egin bezala, aurten manifestazioa deitu dute larunbatean, arratsaldeko 18.00etan Plaza Biribiletik Polizia espainiarrak Indautxun duen komisaldegira, ‘Alde hemendik!’ lelopean.

«Indautxukoa Bilbon dugun beste tortura zentro bat izan da urteetan zehar. Bilbotar askok ziega horietatik pasa eta torturak jasan izan ditugu. Ehundaka torturatu izan dira Indautxun, Bizkaiko tortura zentro handiena izan delarik, La Salveren gainetik. Bertan hil zuten Anuk [Xabier Galparsoro], 1993ko irailean», gogoratu du Sortuk.

«Inpunitatea nagusi, torturatzaileek eta torturak ahalbideratzen dituen sistemak bertan jarraitze dutela» salatu nahi du alderdi abertzaleak: «Azken garaian, torturaren negazionismotik torturaren goratze eta aldarrikapenera ere saltoa eman da eta torturatzaileek doluminak jasotzen jarraitzen dute.

Sorturen datuen arabera, azken hamarkadetan Bilbon 570 torturatu izan dira:

Gainera, torturan oinarritutako epaiketa politikoak gauzatzen jarraitzen dutela azpimarratu du. Besteak beste, Nahia Zuriarrain eta Arantza Zulueta bilbotarrak «torturaz zikindutako» 13/13 prozesuan epaituak izan direla gogoratu du, gaur egun espetxe zigor baten mehatxupean daudelarik.

Igandean, berriz, tortura tresnekin erakusketa jarriko du Sortuk Uribitarte paseoan.

«Inpunitatearekin bukatzeko eskatzen dugu, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. Berme eraginkorrena torturatzaileak diren poliziak Bilbotik eta Euskal Herritik alde egitea eta torturak ahalbideratzen dituen sistemarekin bukatzea dela azpimarratuz».

Horretaz gain, Ernai gazte antolakundeak ‘Tortura Euskal Herrian’ dokumentalaren proiekzioa eskainiko du ostegun honetan, otsailak 10, 18.30ean 7Katu Gaztetxean.