NAIZ

Donostian kuartel berriaren aurkako sinadura bilketa abian, eta susmo txarrekin

'Kuartel berririk ez!' ekimenak sinadura bilketa bati ekingo dio larunbat honetan Loiolako Latsari Plazan, eraikin militar berririk ez dela behar aldarrikatzeko. Ez Donostian eta ez munduko gainerako tokietan ere.

Iaz Loiolako Kuartelaren aurrean egindako ekimen baten argazkia.
Iaz Loiolako Kuartelaren aurrean egindako ekimen baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Larunbat honetan, 12, 12.30etatik aurrera, Loiolako Latsari Plazan 'Kuartel berririk ez!' ekimenak sinadura bilketa bati ekingo dio,  «Donostian eta munduan instalazio militar berrien beharrik ez dela aldarrikatzeko».

Ohar batean ekimenak gogoratu duenez, Espainiako Gobernua eta EAJk sinatutako akordio baten arabera, gaur egun Loiolako kuartelak hartzen dituen lurrak Donostiako Udalaren eskuetara pasa beharko ziren iaz, abenduak 31 baino lehen. Baina, jakina denez, epe hau ez da bete.

«Aldiz, gaur bertan komunikabide baten bidez ezagutarazi da Defentsa Ministerioak ekainaren 30a bitarteko epea eman diola Hipikari lur horiek uzteko», ohartarazi dute ekimenean parte hartzen dutenek. Izan ere, bertan ezarriko omen zen kuartela aurrerantzean.

Honek susmo arraroak eragin ditu plataformaren barruan. Gogoratu duenez, 2020an Defentsa Idazkariak Kongresuan adierazi zuen eremu horrek ez zituela betetzen kuartel berri baterako baldintzak, ˜baina aldi berean Gipuzkoan beste eraikin militar bat ezartzeko asmoa iragarri zuen».

Asmo espekulatiborik ote?

«Egoera honetan, ez da oso ulergarria Hipikakoei epe hori jartzea eta atzean zein arrazoi dauden publiko egitea eskatzen dugu, hau da, militarrak bertara mugituko ote diren edo asmo espekulatiboak dauden Hipikako eremu honetan», gaineratu dute.

30 entitatek baino gehiagok osatzen dute ' Kuartel berririk ez!' ekimena.