NAIZ

Irlandak garraio publikoa merkatu eta argindarra ordaintzeko laguntzak emango ditu

Gobernu irlandarrak garraio publikoa %20 merkatuko du eta etxe bakoitzari 200 euroko diru laguntza bat emango dio, diru-sarrerak edozein direla ere, argindarraren faktura ordaintzen laguntzeko.

Energia sarearen azpi estazio bat.
Energia sarearen azpi estazio bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Irlandako Gobernuak ostiral honetan iragarri du garraio publikoko tarifak %20 merkatuko dituela eta negu honetan argindarra ordaintzen laguntzeko diru-laguntzak emango dizkiela herritarrei. Hori horrela, Michael Higginsen Exekutiboak jakinarazi du etxe bakoitzari 200 euroko laguntza helaraziko diola, etxeko diru-sarrerak edozein direla ere, energiaren garestitzea eta inflazioaren gorakadaren ondorioz garestitutako argindarraren faktura ordaintzen laguntzeko.

Dublinek martxan jarri duen ‘arintze planaren’ ondorioz, uhartea elektrizitatez hornitzen duten konpainiek 2,1 milioi etxeren fakturatik 200 euro deskontatuko dituzte datorren apirilean. Horren truke, Gobernu irlandarrak 500 milioi euro ordainduko ditu.

Era berean, apirilean sartuko da indarrean garraio publikoaren tarifen merkatzea. ​​Gobernuak jakinarazi duenez, tarifa berriak, orain aplikatzen direnak baino %20 merkeagoak, gutxienez, abendurarte mantenduko dira. 800.000 biztanlek erabiltzen dute garraio publikoa Irlandan egunero.

Argindarra ordaintzeko diru-laguntzek denbora daramate zentristek, demokristauek eta berdeek osatutako Gobernu koalizioaren mahai gainean. 2021 amaieran, diru-laguntza 100 eurokoa izatea aurreikusten zuten, baina, oposizioak «gutxiegi» zela argudiatu eta diru-laguntza iragan den urrian aurkeztu ziren 2022ko aurrekontu orokorretan gehitu ez izana deitoratu zuen.

Inflazioak ez du etenik

Leo Varadkar Irlandako lehen ministroorde kontserbadoreak ostegun honetan gogorarazi duenez, urriaz geroztik inflazioak gora egiten jarraitu du, nahiz eta Europako Batasunak (EB) eta Europako Banku Zentralak (EBZ) «adierazle hori moteldu edo egonkortu» egingo zela esan zuten.

Era berean, Varadkarrek azpimarratu du 2022ko aurrekontu orokorrak inflazioa %2 edo %3an kokatuko zela iragartzen zuten aurreikuspenetan oinarritu zituztela. Egun, %5,7an kokatzen da inflazioa Irlandan. Era berean, Gobernu irlandarraren kalkuluen arabera, prezioen eta, batez ere, energiaren garestitzeak 2.000 euro inguru garestitu du familien urteko aurrekontua.