NAIZ

Alcobendas liderraren etxean irabazita lehen postua beretzat nahi du Ampo Ordiziak

Goierriko taldeak erronka zail bezain erakargarria du ligako tituloa irabazteko faborito nagusienetako baten zelaian.

Talde lana funtsezkoa izango da Alcobendasen irabazteko.
Talde lana funtsezkoa izango da Alcobendasen irabazteko. (Gorka RUBIO/FOKU)

Erronka zail bezain erakargarria du Ampo Ordiziak asteburu honetan. Madridera joango da igande honetan eguerdiko 12.30ean Las Terrazas zelaian Lexus Alcobendasen aurka jokatzeko, pandemiak atzeratutako zazpigarren jardunaldiari dagokion partidan. Gaur egun talde madrildarra da liderra, 38 punturekin, eta ordiziarrak hirugarren postuan daude 34 punturekin. Beraz, Goierriko taldeak garaipena lortuko balu, lidertzan jarriko litzateke.

Talde madrildarra titulu guztiak irabazteko egindako taldea da, eta liga hasieran zalantza batzuk izan dituzten arren, sailkapeneko lehen postura igo dira. Tiki Inchaustik zuzentzen dituen jokalarien artean, Agustin Schab, Matias Cabrera, iazko entsegu-lortzaile nagusia, Mauro Perotti mele erdilaria eta Xabier Martin harrobiko jokalari ordiziarra nabarmentzen dira.

Larunbat honetan Espainiako Selekzioak Errusiako lurretan jokatuko duen partidak erabat baldintzatuko du igandeko partida; izan ere, partida horretarako 3 jokalari madrildar eta Ampo Ordiziako jokalari bat hautatu dituzte, madrildarren aldetik Van den Berg eta Ovejero lehen lerroak deitu dituzte eta hirugarrenen lerroko Dominguez. Ampo Ordiziaren aldetik, berriz, Julen Goia kapitaina deitu dute.

Gakoa, defentsan

Iñigo Marotiasek eta Asier Pazosek zuzentzen duten taldea azken jardunaldietan praktikatzen ari diren errugbi «trinko» hori hobetzeko itxaropenarekin doaz, eta badakite, ohikoa duten defentsa hori egitea lortzen badute, ezustekoa eman dezaketela ligako titulua irabazteko faborito nagusienetako baten aurka. Horrez gain, aurkariaren 22an sartzen den bakoitzean taldeak puntuak lortzen baditu, garaipena Goierri aldera ekar dezakete.

Bestalde, datorren igandeko partidan Axier Alvarez de Eulate aurrelari ordiziarrak Ampo Ordiziako elastikoarekin 300. partida jokatuko du, Xabi Lerma eta Iñaki Puyadenarekin bat eginez, oso jende gutxik lortutako erronka.