Nagore Belastegi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Ertzaintzak bortizki hustu du goizaldean Algortako gaztetxe berria

Udaletxeko plenoan gazteak elkarteko leku bat eskatu zuten urtarrilean, baina ordutik ez dute erantzunik jaso eta hutsa zegoen eraikin bat okupatzea erabaki dute Algortako gazteek. Atzo arratsaldean gaztetxe berriari ongi etorria eman zitzaion baina gaur goizaldean Ertzaintzak hustu du bortizki.

Ertzaintza Algortako Gaztetxea kolpez desalojatzen.
Ertzaintza Algortako Gaztetxea kolpez desalojatzen. (ALGORTAKO GAZTETXEA)

Algortako Gaztetxea atzo ostiralean zabaldu ostean, larunbat goizaldean Ertzaintza bertaratu da eta hustu egin du. Gaztetxeko kideek zabaldutakoaren arabera, lehenik barruan zegoen jendea mehatxatu egin du eta ondoren haien kontra oldartu dira. Zabaldutako bideoetan ikusten den bezala, porrak atera eta kexaka zeuden gazteak kolpatu dituzte ertzainek. Gaztetxearen iturrien arabera (ez da informazio ofizialik momentuz), 11 pertsona zauritu eta beste 6 identifikatu ditu Ertzaintzak.

«Konfinamendua baino lehen elkartzen hasi ginen. Nahiko talde potentea ginen eta konfinamendu ostean berriro biltzen hastea kostatu zitzaigun eta ikusi genuen espazio falta handia zegoela gazteentzako eskaintzetan, bai ikasteko (liburutegian ez zegoen lekurik), aisialdirako (dena dago bideratuta kontsumora)… beraz, abenduan talde motore bat sortu zen eta asanblada irekiak antolatu genituen eta horietan erabaki zen espazio bat okupatuko genuela», azaldu dio NAIZi gazte taldeko kide batek.

Pare bat lekuetan pentsatu ostean, baten alde egin zuten, Sarrikobaso kalean dagoena, leku nahiko zentrikoan. Hamar urte darama abandonatua. Kontatu duenez, hitzarmen bat dago, oraindik onartu ez dena, eta etxe hori kenduko dute beste batzuk eraikitzeko. «Jabeak pribatuak dira eta etxea eraitsi nahi dute, baina horretarako ordaindu egiten behar dute», diote Gaztetxetik.

Argitu dutenez, urtarrilaren amaierako udaletxeko plenora joan ziren euren arazoa zein zen kontatzera, alegia, gazte bezala Algortan aisialdirako aukerarik ez dago kontsumitzera bideratuta ez bada, eta ez dutela lekurik ez ikasteko, ez elkartzeko, ez antolatzeko, ez euren ekimen propioak sortzeko. Gauzak honela, alternatibarik emango zieten galdetu zuten. «Alkateak esan zigun gurekin kafe bat hartu nahi zuela, baina azkenean inoiz ez da gurekin bildu», aipatu du galde taldearen kideak.

Jabeekin hizketan hasiak ziren

Horri erantzuna emateko, okupazio hau abiatu zuten, ostiralean manifestazio baten ildotik. «Ez genuen esan atzo okupatuko genuela baina jendeak bazekien», adierazi du gazteak. Manifestazioa amaitu zenean, 18.30ak aldera, ongi etorria egin zioten gaztetxe berriari. «Hor ez zen tentsiorik egon. Hurbildu ziren Ertzaintza eta munizipalak, eta jabeak ere bai. Jabeek esaten dutena da etxea nahiko egoera kaskarrean dagoela eta ez dutela gure gainera erortzerik nahi. Beraiekin hitz egin genuen eta erdi hitzarmen bat egin genuen. Esan genien zesio kontratu bat egin genezakela, nahi duten abokatuarekin, ordainduko genuela… beti modu onean, ez genuen arazorik nahi», adierazi dute.

Hala ere, aurreikusten zuten zerbait gertatuko zela polizikideek ez zutelako alde egin. Asanblada azkar batean bildu eta gauean txandak egitea erabaki zuten. Lehen txanda nahiko lasaia izan bazen ere, 2.30-5.00etako txandan ertzainak eraikinera gerturatzen hasi ziren, bi kidek  barrura sartzea erabaki zuten eta orduan Poliziak errefortzuak eskatu zituen eta 6.30k aldera hasi dute eraikina hustutzen.


View this post on Instagram

A post shared by @algortakogaztetxea

«Esan digute 30 segundu genituela erabakitzeko ea erresistentzia egin nahi genuen edo ez, eta ezetz esan diegu baina atearen aurrean gelditu gara eusten. Atera gaituzte banan-banan, jipoitu gaituzte. Ez dugu ezer larririk; izterretan kolpeak, ipurdian, besoetan… larrien kolpatu dutena buruan izan da, baina ondo dago. Orain gaztetxea prezintatuta dute», adierazi du gazteak.

Elkarretaratzea egin dute arratsaldean

Gaur arratsaldean gazteek elkarretaratzea egin dute gertatutakoa salatzeko.«Gaur goizaldean espero zitekeena gertatu da. Udalak gazteon kontra bidali du Polizia. Bai, duela bi aste gurekin hitz egin nahi zutenek kolore guztietako poliziak bidali dituzte hitz egiteko aukerarik eman gabe. Gauez egin dute, izkutuan, ez direlako auzokoen eta herritarren begiradapean gazteak jipoitu, zauritu, identifikatzera ausartzen», adierazi dute egindako irakurketan.

Era berean, kexatu egin dira euren segurtasuna aitzaki jartzen badute ere, ez dutela «ankerkeriaz jokatzeko inolako beldurrik». «Porrekin jo gaituzte, lurrean geudenean kolpeak ematen jarraitu dute, erresistentziarik ez zegoenean kargatzen jarraitu dute, bertatik alde egin dugunean portaletaraino jarraitu eta identifikatu egin gaituzte. Motxilak erregistratu dizkigute», esan dute ertzainen jarrera deskribatuz. «Horrela jokatu badute gazteria antolatu baten beldur direlako da», azpimarratu dute.

Iragarri dutenez, asanblada bat egingo dute laster zer egin erabakitzeko. «Argi dugu leku bat okupatu nahi dugula guretzat, motibatuta gaude eta segiko dugu», aipatu dute gaztetxetik. Hala, baieztatu dute lanean jarraituko dutela, «amesten dugun herria eraikitzen, guretzako bizigarriak diren proiektuak sortzen. Eraikin honetan edo beste edozeinetan, baina gure ilusioz piztutako suek bizirik jarraituko dute. Hau hasi baino ez da egin», amaitu dute.