NAIZ

Gipuzkoarren arteko derbia jokatuko da Illunben igandean GBC eta Iraurgiren artean

Donostiarrek ACB Ligara itzultzea dute helburu eta azpeitiarrek, berriz, Urrezko LEB Mailan mantentzea eta, bide batez, beren jokalari gazteekin maila altuan lan egiterik badela erakustea. Lolo Encinasenak dira faborito, baina nekea pilatuko zaie, 15 egunetan bosgarren partida jokatzera doazelako.

Gipuzkoa Basket faborito bada ere gipuzkoarren arteko derbia irabazteko, Lolo Encinas entrenatzailea ez da fio.
Gipuzkoa Basket faborito bada ere gipuzkoarren arteko derbia irabazteko, Lolo Encinas entrenatzailea ez da fio. (Gorka RUBIO / FOKU)

Acunsa Gipuzkoa Basketek eta Juaristi Iraurgik gipuzkoarren arteko derbia jokatuko dute igande eguerdian Illunben. Esan gabe doa donostiarrak direla faborito, ez baitute alperrik ACB Ligara itzultzea bilatzen Urrezko LEB Ligan debuta egiten duen talde gazte baten aurka. Uneotan Gipuzkoa Basket sailkapen nagusiko bosgarren postuan doa 10-9ko balantzearekin, eta maila ez galtzeko borrokan, 7-10 balantzea aldean azpeitiarrak hamaseigarren postuan daude.

Lolo Encinasen mutilek faborito izarera erakustea nahiko dute, astean zehar Estudiantesek Illunben 54-72 irabazi eta gero. Donostiarrak amorratuta egongo dira ziurrenik, baina nekatuta ere bai, 15 egunetan jokatuko dituzten bosgarren neurketa jokatuko baitute igandean.

«Azken partida 15 egunetan. Partiden karga nabaritzen da, baina maratoi honen azkeneko esfortzua egin behar da, eta mentalki prest egon behar gara igandean lehiatzeko», adierazi zuen Lolo Encinas entrenatzaileak ostiralean eskaini zuen prentsaurrekoan.

Partida berezia da askorentzat, Gipuzkoa Basketen dauden euskal jokalari guztiak, eta baita entrenatzailea ere, behin edo behin Iraugitik pasatutakoak direlako.

«Urte asko dira maila honetan derbirik izan gabe, herrialdeko kantxa askotan egon garen jendea ikusi ahal izango da pistan. Egun polita izango da, historikoa. Uste dut bi taldeok saskibaloi ona jokatzen dugula, partida polita izan daiteke», gaineratu zuen Encinasek.

Arkume larrua jantzita Juaristi ISB aterako da, sailkapeneko hamaseigarren postuan dago, esan bezala, 7-10 balantzearekin, eyta oso jende gaztearekin, tartean Baskoniak utzita maila txukuna ematen ari diren Cissoko, Hanzlik eta Savkov gazteak.

Iñaki Jimenezen taldea, hala ere, denboraldiko ezusteko positibkoetako bat da, «Lleidan irabaztetik datoz eta Oviedori ondo irabazi zioten etxean. Talde arriskutsua da, galtzeko gutxirekin eta irabazteko asmoz datoz hona», nabarmendu zuen Lolo Encinasek.

Azpeitiko taldeak covid-19arekin sekulako arazoak pasa ditu eta horiek gainditu ostean Lleidan lortu zuen joan zen asteburuan etxetik kanpoko aurreneko garaipena. Prat taldearekin sekulako lehia ari da bizitzen Urrezko LEB Ligako bere debutean, eta zailtasunak zailtasun, duitasun osoz ari da bere postua defendatzen.