Naiz

Egiari Zorrek torturaren aitortza publikoa egitea eskatu du, Arregiren heriotzaren urteurrenean

Joxe Arregi torturaren ondorioz hil eta 41 urte geroago, Egiari Zor Fundazioak eskatu du instituzioek aitortza ofiziala egin dezatela, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermea, horiek ezinbestezkoak baitira torturaren dimentsioaren eraginarekin amaitzeko.

Joxe Arregiren omenezko ekitaldiaren ostean, lore eskaintza egin dute.
Joxe Arregiren omenezko ekitaldiaren ostean, lore eskaintza egin dute. (Iñigo URIZ | FOKU)

Poliziak Joxe Arregi hil arte torturatu zueneko 41. urteurrenean, Egiari Zor Fundazioak ekitaldia ospatu du Zizurkilen. «Euskal Herriko tortura kasuen artean, oihartzun handiena izan duen kasuetako bat izan da Joxerena, heriotzeraino torturatu zuten herrikidearen gorpuari ateratako argazkiek komisaldegietan gertatzen ari zen basakeria zein zen erakutsi baitzioten munduari», adierazi dute.

Gertatutakoa deskribatzen esan zituen hitzak, «oso latza izan da», guztion memorian gordeta baditugu ere, gerora beste tortura kasu ugari eman dira; beste bost heriotzan amaitu ziren. «Arregiren heriotzak ez zuen diktadura frankistaren herentzia maltzur horrekin bukatu eta milaka euskal herritarrek modu sistematikoan pairatu dugu, edozein zelarik ere Estatuko gobernuaren kolorea. Horrela, gutxienez 5.657 dira dagoeneko egiaztatuta dauden tortura kasuak», gogoratu dute.

Egiari Zorren ustetan, Feliope Gonzalezen Gobernuak martxan jarritako ZEN planak «milaka herritarren atxiloketa arbitarioa ahalbidetu zuen», eta tortura «polizia-tresna» bilakatu zen. Inkomunikazioa, atxiloketaren luzapena, medikuek tortura estaltzeko ahalmena eta guzti horren negazionismoa etorri ziren ere bai.

«Estrategia hori proiektu politiko legitimo bati eta hura partekatzen zuen orori aurre egiteko diseinatu zen. Hala, ETAren aurkako ustezko borrokaren babespean, 40.000 pertsona inguru atxilotu zituzten, horietatik 30.000 baino gehiago kargurik gabe aske geratu baziren ere, horietako asko tortura eta behin-behineko espetxealdia pairatu behar izan zituzten», salatu du Fundazioak.

Instituzioek aitortza egin dezatela

Hala, espero dute laster «herri honetako erakundeek milaka eta milaka herritarrei zuzenean eragiten dien gai honi buruzko ikerketa bat abian jartzea». Izan ere, diote egun negazionismoa gainditu dela, tortura inpunitate osoz gauzatutako praktika sistematikoa izan dela onartzen dela, eta dagoeneko hori dela egia ofiziala.

Baina uste dute oraindik bide luzea dagoela egiteko eta, horregatik, Euskal Herriko instituzioei dei egin diete «ahalik eta lasterren aitortza eta erreparazioarako mekanismo bizkor eta eraginkor bat aktibatu dezaten». «Torturatutako pertsonek, Estatuko indarkeriaren gainerako biktimek bezala, urte gehiegi daramatzate legeak ematen dizkien egia, aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermearen eskubideak baliatzeko aukerarik gabe. Legeak egitea ez da nahikoa; biktimak duintzeko prozesuek eraginkorrak izan behar dute», adierazi du Egira Zorrek.

Haren ustez, oraindik urrun gaude ere gure giza eskubideak urratu izanaren benetako ondorioak gainditzetik. «Torturaren erabilera prozesalaren gaia aktualitatea da beste behin ere. Honek pertsona askoren iraganari eragin dio, baina gaur egun torturaren hainbat biktimaren orainari eta etorkizunari modu zuzenean eragiten jarraitzen du. Hauxe konpondu beharreko anomalia demokratikoa da, eta duen larritasunagatik ulertezina da gehiengo instituzional eta politikoaren ixiltasuna».

Beste behin eskatu dituzte aitortza ofiziala, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak, behingoz torturaren dimentsioaren eraginarekin amaitzeko. «Ez dira nahikoak torturaren erabilera gaitzesten duten ekintza sinbolikoak. Torturari buruzko txostena gai honen inguruan egiteko dagoen bide luzearen abiapuntua baino ez dela argi daukagu», diote.

Horren aurrean, espero dute «gure zaurien erantzuleek herri honetan milaka pertsonari eragindako kaltea aitortzeko adina ausardia izatea; Estatuko indarkeriak sortutako tragediaren erantzukizun politikoak bere gain hartzeko behar adinako heldutasun demokratikoa izatea». Era berean, euskal instituzioengan ere badituzte itxaropenak jarriak, alegia, herritar batzuek jasaten dituzten eskubide-urraketa nabarmenen aurrean ez isiltzeko prestasuna izatea, horiek baitira bizikidetzarako gutxieneko parametro demokratikoak, «gatazka politikoa eta haren ondorioak behin betiko konpontzeko bideari ekiteko». 


‘Karpeta urdinak’, izen berria

Ander Iriartek zuzenduko duen torturaren inguruko dokumentalari izena aldatu diote. Orain ‘Karpeta urdinak’ deituko da, baina oinarrian material bera izango du, Izan ere, film honek «modu zientifikoan azaduko du t ortura praktikatzen eta biltzatzen duen sistema maltzurrak nola funzionatzen duen».

Karpeta urdinen kontzeptua salaketa sinbolo gisa ikusten du lantaldeak, baita errekonozimenduaren, egiaren eta justiziaren aldeko borrokaren eredu gisa.

Filmaren hasierako izena ‘Klask Soinua’ izan behar zuen, eta izenburu horrenpean crowdfunding kanpaina baten bidez lortu dute dokumentala egitea (ia amaituta dute jada). ‘Proiekto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014’ txostena irakurri ostean erabaki zuten emaitzak zinemara eraman  behar zituztela.