Alaia Sierra

Asteburuan erabakiko dute gaztetxearen etorkizuna Algortako gazteek

Ostiralean zabaldutako Algortako gaztetxea larunbat goizaldean hustu zuen Ertzaintzak. Han zeuden gazteak kolpatu eta 11 pertsona zauritu eta 6 identifikatu zituzten. Arratsaldean elkarretaratzea egin ondoren, datorren asteburuan erabakiko dute gazteek zer den orain egin beharrekoa.

Larunbat arratsaldean egindako elkarretaratzea.
Larunbat arratsaldean egindako elkarretaratzea. (ALGORTAKO GAZTETXEA)

Larunbat goizean Algortako gaztetxearen hustearen ondoren «egun zailak izan dira», gazte taldearen kide batek adierazi duenez. Hurrengo pausuak erabakitzeko, asteburuan deitu dute asanblada: «Aukera pare bat daukagu buruan, baina oraindik ez dugu guztiz erabaki», argitu du.

Gaztetxearen irekitze ekitaldian, ostiralean, Ertzaintza, udaltzainak eta eraikinaren jabeak hurbildu ziren. Azken hauek gazteekin hitz egin zuten eta, kideak azpimarratu duenez, jabeek «salaketa aurkeztearen aukera kontuan hartu zuten, baina azkenean ezetz erabaki zuten».

Hurrengo eguneko goizaldean, ertzainak berriz agertu zen eraikina husteko. Adierazi dutenaren arabera, eraikina hustea Ertzaintzaren erabakia izan zen eta ez zieten inolako paperik erakutsi esku-hartzea justifikatzeko: «Sartuko zirela baino ez ziguten esan». Horren ostean, ez dute beste berririk jaso, ez eta Udaletxearen partetik ere.

Oldartzea bortitza izan zen eta gazteen artean 11 zauritu egon ziren eta Ertzaintzak 6 pertsona identifikatu zituen. Hori salatzeko asmoz, arratsalde horretan bertan elkarretaratzea egin zuten Getxon.

Hala ere, gazteek positiboki baloratzen dute gertatutakoa, haientzat aurrerapausoa izan da eta: «oso pozik gaude, egoera optimoena ez den arren, gaztetxea erdialdean lortzea nahiko zaila zen». Aurreko egunetan esan zutenez, «argi dugu leku bat okupatu nahi dugula guretzat, motibatuta gaude eta segiko dugu».

Zauritutakoei dagokienez, eledun honek esandakoaren arbera, oraindik erabakitzen ari dira zer egin. Bere hitzetan, «seguraski» ez dute salaketarik aurkeztuko.