NAIZ

Ekintzez beteriko Bilbao Surf Film Festivalek zazpi mundu-estreinaldi eskainiko ditu

Otsailaren 23tik 27ra bitartean surfari buruzko zinemaren festibalik garrantzitsuena bueltan egongo da Bilbon, inaugurazioa salbu, Getxon izango baita lehendabiziko aldiz. Ez dira faltako hitzaldiak, ekimen solidarioak, erakustaldiak, urarekin zerikusia duten kirolak eta kontzertuak, besteak beste.

Asteazken honetan aurkeztu dute Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivala.
Asteazken honetan aurkeztu dute Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivala. (BILBAO SURF FESTIVAL)

Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festival bueltan da Bilbon –inaugurazioa salbu, Getxon izango baita lehendabiziko aldiz–, surfari buruzko zinema onenarekin, nobedadeak eta ingurumena eta inklusioarekin lotutako kirol-jarduera solidarioz betea. Hilaren 23tik 27ra bitartean ospatuko da eta bertan 21 pelikula lehiakide eta gonbidatutako beste 10 film ikusi ahal izango dira.

Muxikebarrin burutuko den inaugurazioan, sail ofizialeko lehen saioko pelikulak proiektatuko dira eta Euskal Herriko surf munduko mitoen lanak ikusi ahal izango dira, horietatik zazpi «mundu-estreinaldiak» direlarik, adierazi dute asteazken honetan burututako prentsaurrekoan.

Egun horretan bertan, hilaren 23an alegia, 11.30etik aurrera mahai-ingurua ospatuko da GetxoLanen, ikus-entzunezkoen euskal industriako profesionalekin, hala nola Jon Aspuru, Edu Bartolome, Kepa Acero, Arrate Arana, Alex Garcia (Marmoka Films), Itziar Garcia (‘Cholitas’ eta ‘Pura Vida’ filmetako ekoizlea) eta Getxo Expresseko ordezkariekin, besteak beste.

Sail ofizialean, 21 pelikula lehiakide eta gonbidatutako beste 10 film ikusi ahal izango dira. Denek gai anitzak jorratzen dituzte: abentura eta bidaiak, natura eta ingurumen-kontzientziazioa, emakumeen balioa eta lortutako aurrerapausuak.

Protagonisten artean, Kepa Acero, Aritz Aranburu, Mikel Sarasola, Miguel Egiraun, Natxo Gonzalez, Jon Aspuru edota Albert Falzon aurki ditzakegu.

Gonbidatutako filmei dagokienez, Edu Bartolome, Javi Gora, Amaia Uberaga, Borja Allue, Aurel Jacib edo Txus delgadoren laburmetraiak ikusi ahal izango dira.

Festibalerako sarrerak salgai daude Itsasmuseoan, inaugurazioan edo Bilbaosurffilmfestival.eus webgunean erosi ahal izango dira. Saio bakoitzean hainbat pelikula proiektatuko dira.

Filmeez haragoko programazio zabala

Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalak eskainiko duen beste gauzen artean, otsailak 25eko kirol inklusiboaren inguruko mahai-ingurua da. Bertan egongo dira Sarah Almagro surf egokituko txapeldunordea, Aitor Francesena surf egokituko munduko txapelduna, Nilofar Bayat Estatuko saskibaloi paralinpikoko selekzioko kapitaina, Ana Salas Lozano teniseko entrenatzailea, jokalaria, komentarista, Senior Munduko Txapelduna eta BEPRO plataformako CEO-a, eta 3DLan, 3D bidez inprimatutako protesiake sortzen dituen enpresa.

Halaber, hilaren 25ean Punta Galean ospatutako olatu handien nazioarteko surf txapelketari (Punta Galea Challenge) buruzko hitzaldia eskainiko da eta hurrengo efunea, larunbatean, Kepa Acero surflariak Workshop-a zuzenduko du. Surf taula ezberdinen fabrikazioaz arituko dira eta ‘surfboard berezia’ tutoriala aurkeztuko du.

Bestalde, jaialdiaren barnean, bi ekintza solidario egongo dira; horietako batean, Chris Klein, Simon Mendoza eta Basti Fun, Provide the Slide GKEko kideek, Afrikako baliabiderik gabeko surfzaleentzako taulak aurkeztu eta bilduko dituzte. Eta bestean, dirua bilduko dute Sarah Almagroren protesi berrirako (egungo surf egokituko txapeldunordea).

Laboral Kutxa Bilbao Surf Film Festivalak beste zenbait jarduera eskainiko ditu egun horietan: ur-motorrekin egindako erreskatearen erakustaldia, ramp/miniramp eta skate Jam saioak, ur-bizikletak, piraguak, kayak, paddle-a, jet-board-a eta, jakina, surfa. Bi musika kontzertuk emango diote amaiera jaialdiari.