«Egutegia konprimitzen ari da», onartu du Jacobo Cuetara Bidasoa-Iruneko entrenatzaileak ostegun honetan Bada Huesca jaso aurretik (Artaleku, 20.15). Izan ere, gipuzkoarrek asteartean Tatran Presoven aurka jokatu zuten EHF European Leagueko neurketa, garaipen garrantzitsua lortuaz gainera.
Hala ere, ezin da aitzakia izan, biharko aurkariak 48 ordu baino gutxiagoko atsedena izango baitu baita ere, eurek Kopa partida jokatu behar izan zutelako Cangasen Frigorificos Morrazoren aurka.
Hori bai, irundarrak moralki hobeto egon litezke, Europan hurrengo fasean egoteko pauso handia eman zuten bitartean, Huesca Kopatik kanpo geratu baitzen gol bakar batengatik itzuleko neurketan 33-31 galdu ostean.
«Kasu honetan bi taldeak baldintza berberetan gaude. Hori bai, egia da guk partida gehiago daramazkigula aurretik eta nekea pilatzen ari garela», onartu du Jacobo Cuetara atarikoan.
Neurketa kopuru handia jokatu arren, bere jokalariak «prest» ikusten ditu Ligako lehia berri honetarako. Azken bi aste hauetan taldea «oso maila ona» ematen ari dela azpimarratu du, eta hori «jokalari gazte askoren» aportazioagatik izan dela gaineratu du.
Gazte hauek «maila handiko errotazio asko» ematen dutela adierazi du prestatzaile asturiarrak eta horrek «oso maila handian» jokatzea laguntzen du. Maila hori mantentzea eta ematea izango da Bidasoa-Irunen helburuetako bat ostegun honetarako.
Aurkariari buruz, Cuetarak esan du Huesca talde «konplexua eta deserosoa» dela. Horregatik, garaipena lortzeko, lehenik eta behin irundarrek «defenditu» behar dute eta, horrekin batera, «pibotearekin egiten duten jokoari eta dituzten banakotasunei eutsi» behar diete.
«Defentsan eroso baldin bagaude, erasoan askeago egongo gara, errotazio gehiago egin ahal izango dugu eta esfortzuak dosifikatuko ditugu», gaineratu du Cuetarak.
Azken honek garrantzi gehiago hartzen du jakinda baja izango direla Jon Azkue –asteartean ebakuntza egin zioten eskuin eskuko behatz batean– eta Rodrigo Salinas –ezker belaunean duen lesioan proba gehiago egin behar dizkiote–.
Bidasoa-Irunek aukera bikaina du Asobal Ligako bigarren postua berreskuratzeko, aurreko jardunaldian, Cangasen aurka berdinketa lortu arren, galdu ostean. Biharko aurkaria jaitsiera postuetatik aldentzeko helburua du.