NAIZ

Sindikatuek Lakuaren immobilismoa salatu dute Osakidetzan deitutako greben aurrean

Osakidetzan deitutako grebetarako egun gutxi falta direla, sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte asteazken honetan osasun-etxe eta ospitaleetan, Osakidetzaren zein Lakuako Gobernuaren «immobilismoa» salatzeko.

Sindikatuen protesta Amara Berriko anbulatorioaren aurrean.
Sindikatuen protesta Amara Berriko anbulatorioaren aurrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Otsailaren 25ean Lehen Mailako Arretan eta 28an Osakidetza osoan deitutako grebarako egun gutxi falta direla, ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Osakidetzaren «immobilismoa» salatu dute eta ekimen horren beharra berretsi dute, «inoiz baino beharrezkoagoa» den tresna dela iritzita. EAEko anbulatorio eta ospitaleetan egin dute protesta gaur goizean.

Gurutzetako Ospitalearen aurrean egindako mobilizazioan, Esther Saavedra ELAko arduradunak salatu du Lakuako Gobernuak «uko» egiten diola Osakidetzaren egiturazko arazo larriak konpontzeari.

Iñigo Urkullu lehendakariaren adierazpenei erantzunez (greba egiteko unea ez dela esan berri du) sindikatuek adierazi dute «Jaurlaritza eta Sagardui sailburua mugitzeko unea dela».

Saavedrak gaineratu du Osakidetzak, pandemiaren aurreko gabeziak konpontzeko urratsak egin beharrean, kontrako norabidean jo duela. «Martxan jarritako hobekuntza apurrak murrizten ari dira, kontratuak amaitutzat ematen eta langileak kaleratzen», deitoratu du.

LAB sindikatutik ere erakunde publikoen jarrera salatu dute: «Urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute pauso bakar bat ere eman langileek bizi duten egoera jasanezina arintzeko. Ez dute neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko. Hauxe salatu dugu gaurko mobilizazioetan, eta horixe bera salatuko dugu otsailaren 25 eta 28ko greba egunetan, baita otsailaren 26rako iragarritako manifestazioetan ere».

Bestalde, Amaia Mayor Satse sindikatuko bozeramaileak «errealitatea ukatzea» leporatu dio Osakidetzari. Gainera, egiturazko arazoak Lakuak koiunturalak bezala tratatzen dituela salatu du. «Horren ondorioak langileek eta erabiltzaileek ordaintzen dituzte», deitoratu du.