![Euskal Herriko atletismo proba herikoiak itzultzen hasiko dira berriz.](/media/asset_publics/resources/000/874/528/article_main_landscape/Atletismoa.jpg)
Covid 19aren pandemia ez da oraindik desagertu, baina bere erasana murrizten ari delakoan, duela gutxira arte bertan behera geratu ziren atletismo probak berriz ere martxan jartzen hasi dira.
Hala, esaterako Areeta-Bilbo lasterketa, iaz jokatu gabe geratu ostean, igande honetan berriz ere martxan jarriko da. Euskal Herrian asfalto gainean egiten den probarik zaharrena da berau –1930ean jokatu baitzen aurrenekoz– eta gehienera 1.500 atletak parte hartu ahal izango dute.
Areetako Zubi Esekitik aterako da lasterketa igande goizeko 10.30etan eta ohiko ia 12 kilometroko ibilbidea mantenduko du, Ibaizabal ibaiarekiko paraleloan Getxo, Erandio, Leioa eta Bilbo zeharkatuz, Bilboko udaletxean kokatuko delarik helmuga.
Lasterketa jokatuko bada, ere, antolatzaileen hitzetan, «jende pilaketak saihesteko» ez da sari banaketarik izango, nahiz eta aurreneko hamar sailkatuentzat sariak izango diren. Dutxarik ere ez omen da egongo helmugan «espazio itxi eta estuak» direlako.
Areeta-Bilbo lasterketako errekorrak Eritreako Samson Kiflemarianek –34.21– eta Etiopiako Marta Tigabeak –43.17– dituzte.
Arabako punturik altuenak
Bere aldetik, Vital Fundazioak eta Ascentium kirol-enpresak datorren maiatzaren 22an Gasteiz eta Gorbeiako tontorreko gurutzea lotuko dituen lasterketa berreskuratu dute. Gasteizko punturik garaiena, Santa Maria Katedrala, eta Arabako punturik altuena, itsas mailatik 1.481 metrora, lotuko ditu lasterketak. Probak 26,5 kilometroko luzeera izango du eta 1.057 metroko desnibel positiboa.
Proba herrikoia izan dadila da antolatzaileen helburua, eta Gasteizko hainbat kale zeharkatuko ditu, Mendiguren, Etxabarri Ibiña, Gopegi eta Murua herrietan barrena pasa aurretik.
Lasterketa goizean goiz abiatuko da Gasteizko alde zaharreko punturik gorenetik, eta errepide probintzialetatik, nekazal-pistetatik eta mendi-bidezidorretan barrena igaroko da Gorbeiako Parke Naturalaren barruan, Arabako mendirik esanguratsuena igo baino lehen.
Izena emateko epea ostiral honetan bertan irekiko da eta, zentzu horretan,hainbat kategoriatan burutuko da proba: gizonezkoetan, emakumezkoetan, beteranoetan –45 urtetik gorakoak gizonezkoentzat eta 41 urtetik gorakoak emakumezkoentzat– eta taldeka –gehienez bost partehartzailerekin–. Bestalde, gehienez 700 partehartzaile onartuko dira lasterketan.
Antolatzaileek adierazi dutenez, denboran irauteko asmoz antolatu duten proba izango da, eta urtero errepikatzeko asmoa azaldu dute.
Ibilbidean banatuta, partehartzaileak janariz eta edariz hornitzeko lau puntu izango dituzte 7, 13, 18 eta 23 kilometroetan, baina ez da hornidurarik egongo helmugan, «espazioaren eta ingurunearen berezitasunak» direla eta.
Antolatzaileen arabera, lasterketa osatu ahal izateko ezarritako gehienezko denbora 3 ordu eta 30 minutukoa izango da eta hainbat puntu egongo dira: Etxabarri Ibiña –ordubete eta 20 minutu–, Murua –bi ordu eta 10 minutu– eta pagadiaren sarreran 23,5 kilometroan –3 ordu–.
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Bestak-garbiketa](/media/asset_publics/resources/001/136/867/article_thumb_horizontal/bestak-garbiketa.jpg)
Dos bestazales violentamente atacadas por defender a un hombre de una agresión
![Captura_de_pantalla_2024-07-25_a_las_15.22.51](/media/asset_publics/resources/001/140/611/article_thumb_horizontal/Captura_de_pantalla_2024-07-25_a_las_15.22.51.png)
UPN manipula una imagen para borrar las referencias a Euskal Herria de la camiseta de un edil
![Alpargata-maule](/media/asset_publics/resources/001/140/789/article_thumb_horizontal/alpargata-maule.jpg)
Arranque de temporada complicado para los últimos fabricantes de alpargatas suletinas
![Gasteiz](/media/asset_publics/resources/001/140/870/article_thumb_horizontal/gasteiz.jpg)