NAIZ
Iruñea

Milaka lagun elkartu dira Iruñean osasungintza publikoaren defentsan

Milaka pertsonak manifestazioa egin dute ostiral honetan Iruñean, osasungintza publikoa babestu eta hura aurrekontu altuagoarekin indartu dezaten.

Milaka lagunek bat egin dute Iruñean osasungintza publikoaren defentsan.
Milaka lagunek bat egin dute Iruñean osasungintza publikoaren defentsan. (EUROPA PRESS)

Kazetariei eginiko adierazpenetan, «osasungintza publikoa eta unibertsala blindatzeko» eskatu du Felix Zabalzak Nafarroako Osasun Plataformaren izenean.

Manifestazioa Baluartetik abiatu da, Gaztelu plazan amaitu aurretik, Oliveto Kondearen etorbidea, Nafarroa Behereko etorbidea, Merindadeen plaza eta Karlos III.aren etorbidea zeharkatu ditu.

Osasungintza publikora eta, bereziki, lehen mailako arretara bideratutako aurrekontuak handitzeko eskatzen du plataformak, «osasungintzaari eskainitako kontuen ehunekoak berdinak izaten jarraitzen dutelako».

Horrez gain, plantillak sendotu eta murrizketak lehengoratzeko eskatu dute, «lanpostu egonkorra duten profesionalek biztanleria artatu ahal izatea, ratio errealak dituzten arreta presentzial gehiago eta administrazioko langile gehiago izatea bermatzeko, kalitatezko arreta bermatzeko».

«Pandemiak erakutsi digu inoiz baino beharrezkoagoa dela Nafarroako osasun sistema publikoa eraldatzea eta hobetzea, eta orain da unea», azpimarratu du Zabalzak.

Hori dela-eta, beharrezkotzat jo dute legealdi honetan Osasunari buruzko Foru Lege berri bat onartzea, «gizartearen parte-hartze zabalenarekin, aipatu egiturazko beharrei aurre egin ahal izateko».

Gaineratu duenez, pandemiak «osasun-sistema publikoaren krisia areagotu du, profesionalak neka-neka eginda utziz eta erabiltzaile asko etsipenera eramanez».  Sistema pribatuak, aldiz, «Gobernuaren permisibitatearekin, soilik etekin ekonomikoak atera dituenean agertu da».

«Premiazkoa da Nafarroako Osasun Zerbitzuko enplegu- eta lan-baldintzak errotik hobetzea. Gutxienez, beharrezkoa da plantillak egonkortzea, behin-behinekotasun onartezina etetea, kontratazioa duintzea, zenbait zerbitzuren lan-gainkarga murriztea, pribatizatutako lanak iraultzea, hala nola garbiketa edo garbitegia, eta kolektibo askoren karrera profesionalaren diskriminazioarekin amaitzea», adierazi dute Nafarroako Osasun Plataformatik.