Bizi! mugimendu ekologistaren aburuz Frantziako estatuko presidentetzarako hautagai «askok» ez dute larrialdi klimatikoa serioski hartzen «nahiz eta klimaren arloan geldirik egotearen ondorioak jadanik biziki zehatzak diren». Hala, eta hautesleak egoeraz jabetuarazteko, Bizi! kide den ANV-COP21 sareak eta ‘Amis de la Terre’ elkarteak, Estatu osoan afixaketa operazio handi bati abiatu du larunbata honetan.
Baiona, Angelu eta Biarritzen ekintzaileek esku gorri baten formako «abisua» jarri dute hautagaien kanpainako karteletan, ‘Larrialdi klimatikoa, hautagai lanjerosa’ leloarekin batera. «Zehazki, helburua da abisu zientifikoak gutxi edo batere kontuan hartzen dituzten programak salatzea, eta, beraz, larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurri handinahi, errealista eta sozialki bidezkorik proposatzen ez duten programak salatzea», adierazi du mugimenduak ohar bidez.
«Beren neurriek ez diote frantses Estatuari 2030. urterako berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuak betetzea ahalbidetzen. Ez dira desberdintasunen kontra ere borrokatzen. Aberatsenen eta enpresa handienen zerbitzuko dira, prekarioenak alde batera utziz. Azkenik, hautagai hauek klima-larrialdiarentzat aterabide ez-eraginkorrak eta garestiak proposatu dituzte, hala nola trantsizio ekologikorako beharrezkoak diren funtsak desbideratzen dituzten karbono harrapatzea eta energia nuklearra», kritikatu du Thibaut Godin, Biziko bozeramaileak.
«Klimarentzat arriskutsuak diren hautagaien aurrean» eragin asmoz, Bizi!-k herritarrei dei egin die martxoaren 12an, larunbatez, Estatu frantses osoan eginen den mobilizazio egunean Klima Martxan parte hartzera. Elkarte ekologistak Baionan hitzordua finkatu du, aipatu egunean 15:00etan tren geltokian.