NAIZ

‘Gerrako umeei’ Gernikako Arbolaren kimuak eman dizkiete Errusian landatzeko

Bizkaiko Batzar Nagusiek omenaldia egin diete duela 85 urte gerratik ihesi joan behar izan zuten haurrei. Omenaldiaren baitan, Gernikako arbolaren bost kimu eman dizkiete, memoriari eta faxismoaren aurkako borrokari lotutatuko Errusiako puntu esanguratsuenetan landa ditzaten.

Gerrako haurrak Bizkaiko Batzar Nagusietan Gernikako Arbolaren kimuak jasotzen.
Gerrako haurrak Bizkaiko Batzar Nagusietan Gernikako Arbolaren kimuak jasotzen. (BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK)

Bizkaiko Batzar Nagusiek gerrako umeak omendu dituzte, astearte honetan, Gernikako Batzar Etxean. Zehazki, duela 85 urte Santurtzin ontziratu, eta Errusiara alde egin zuten haur haiei egin diete omenaldia. Gainera, Gernikako arbolaren bost kimu eman dizkiete Errusian «faxismoaren aurkako borrokan aritu zirenen memoriari» lotuta dauden lekuetan landatzeko. Omendutako gerrako umeek Euskal Herrira itzulerako bidaia sinbolikoa egin dute.

Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Azucena Fernandez eta Victoria Iglesias Martinez gerrako umeak izandakoak gidatu ditu Bizkaiko Parlamentuaren egoitza ofizialetik, beraien senideen eta Marina Sokolova Kurganozaren, ‘Sever-SESBeko Gerrako seme-alabak’ elkarteko presidenteordearen, laguntzarekin.

Otaduik azaldu duenez, kimu horiek Errusian sustraitzearen eta «bakearen zuhaitz» bihurtzearen alde agertu da: «Bakearen hazia erne dadin eta edozein gerra ideia baztertuta geratu dadin».

‘Sever-SESBeko Gerrako seme-alabak’ elkarteak bultzatu du aitortza ekitaldia eta, era berean, Gernikako bonbardaketatik onik atera zen haritzaren oinordekoen eskaera ofiziala egin zuen. Izan ere, hilabete gutxi barru 85 urte beteko dira ume horiek Santurtzitik Errusiara errefuxiatu zirenetik. Ontziratutako umeen erdiak euskaldunak izan ziren.

Ekitaldian egon diren funtzionario errusiarrak arduratuko dira herrialde horretako agintariek kimuen lekualdaketari oniritzia emateko egin beharreko gestioak egiteaz eta faxismoaren aurkako borrokako leku historiko eta enblematikoetan landatzeaz.

Oinordeko bat Moskun landatzea aurreikusten dute, ‘Poklonnaya Gora’ memoria museoan, Hitlerren tropen kontra borrokatu zuten espainiarrei eta euskaldunei eskainitako kaperaren ondoan. Beste bi San Petersburgora eroango dituzte eta Lenningradeko Defentsaren eta Setioaren Oroimenezko Estatuko Museoan eta II. Mundu Gerran nazien setioan zendutako borrokalarientzako txokoan egongo dira. Pushkin hiriak beste ale bat jasoko du, gerrako haur errefuxiatuak hartu zituzten etxeen ondoan ernatzeko. Eta, azken zuhaitzaren helmuga Karelia eskualdeko lurrak defendatu zituzten espainiarrei eskainitako obeliskoa izango da, zeina tamainaz txikia baina sinbologiaz betetakoa den.

Bizkaiko Batzar Nagusiek azaldu dutenez, ekitaldiak errusiarrekiko esker ona adieraztea izan du helburu, Euskal Herriko haur errefuxiatuei emandako «harrera bikainagatik» eta «abegikortasunagatik». «Zuhaitz horiek faxismoaren aurkako borrokaren eta garaipenaren oroigarri bihurtzea nahi dugu, gure heroien oroimena omentzea, horietako batzuk Santurtzin ontziratu ziren gerrako umeak izan zirelako, eta, batez ere, bakearen eta gizateriaren sinbolo bihurtzea. Errusiako Federazioaren etorkizuneko belaunaldientzat», azaldu zuen ‘Sever–SESBeko Gerrako seme-alabak’ elkarteak Bizkaiko Parlamentuko lehendakaritzari egindako eskaeran.