NAIZ

Nazioarteko parabadminton txapelketak 180 kirolari ekarriko ditu Gasteizera

Zabalganeko gizarte etxeko zazpi pistak egokituko dira, eta harmaila gehigarriak instalatuko dituzte, edukiera 150 eserlekutik gora handitu ahal izateko. Partidak 09.00etatik 20.00etara egingo dira, martxoaren 1etik 5era, eta hilaren 6an jokatuko dira maila bakoitzeko 22 finalak.

Gaurko aurkezpen ekitaldiaren argazkia
Gaurko aurkezpen ekitaldiaren argazkia (JUST BADMINTON)

Parabadminton Nazioarteko Lehiaketa jokatuko da Gasteizen, Zabalganeko gizarte etxean, martxoaren 1etik 6ra. gaur egindako aurkezpen ekitaldian aipatu dutenez, Japonian egingo den 2022ko Munduko Txapelketarako proba puntuagarria izango da, eta 180 kirolari inguruk hartuko dute parte. Kirolariekin batera 50 bat teknikari eta beste 50 laguntzaile inguru bilduko dira Arabako hiriburuan egun horietan.

Bost kontinenteetako 35 herrialde desberdinetako kirolariak bilduko dira Euskal Herrian lehen aldiz jokatuko den lehiaketan, besteak beste, Japonia, Korea, Txina, Australia, Peru, Brasil eta Europako herrialde gehienetako kirolariak arituko dira nor baino nor Gasteizen.

Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek, Arabako Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Valek, Vital Fundazioko zuzendari exekutibo Axier Urrestik, txapelketako zuzendari eta Just Badminton taldeko presidente Dina Abouzeidek, Espainiako Badminton Federazioko presidente Andoni Azurmendik eta Arabako Badminton Federazioko presidente Roberto Galdosek aurkeztu dute lehiaketa. Gainera, 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan txapeldun izan zen Pramod Bhagat ere egon da aurkezpenean, erakunde eta sustatzaileen ordezkariekin batera.

Azaldu dutenez, Zabalganeko gizarte etxeko zazpi pistak txapelketarako egokituko dira, eta harmaila gehigarriak instalatuko dituzte, edukiera 150 eserlekutik gora handitu ahal izateko. Partidak 09.00etatik 20.00etara egingo dira, martxoaren 1etik 5era, eta hilaren 6an jokatuko dira maila bakoitzeko 22 finalak.

Erakundeetako arduradunek nabarmendu dutenez, Gasteiz badmintonaren eta parabadmintonaren alorrean «erreferentziazko hiri bihurtzeko asmoan beste pauso bat ematea» ahalbidetuko du nazioarteko txapelketak.