NAIZ

Egitarau oparoa antolatu dute Behar Zana elkartearen 75. urteurrena ospatzeko

Villabonako pilota elkarteak iaz bete zituen 75 urte, baina ospakizunak atzeratu egin behar izan zituzten pandemiaren ondorioz. Pilota beti ardatz hartuta, festa giroa eta elkartasuna batzen saiatuko dira datozen hilabeteetan.

Egitaraua gaur aurkeztu dute Villabonako Behar Zana pilotalekuan
Egitaraua gaur aurkeztu dute Villabonako Behar Zana pilotalekuan (Jon URBE | FOKU)

Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteak 75 urte bete zituen iaz, baina urteurreneko ekitaldi bereziak atzeratu egin behar izan zituzten pandemiaren ondorioz eta azkenean aurten, 76 urte betetzearekin batera, egingo dituzte ospakizunak. Egitaraua oparoa da eta gaur egin dute aurkezpena.

Pilota beti ardatz hartuta, festa giroa eta elkartasuna batzen saiatuko dira datozen hilabeteetan. Kronologikoki lehen hitzordua, esaterako, martxoaren 12an Errebote plazan egingo den Berdel Pilota Festa izango da. 10.00etatik 12.30era inguruko herrietako gaztetxoen pilota partidak izango dira ikusgai, eta eguerdian berdel dastaketa izango da Getariako kofradiak eta babesle duten Inazio Urruzola txakolingileak lagunduta.

Hurrengo hitzordua apirilaren 30ean helduko da: Oinatz Bengoetxearen partaidetzarekin Bertsopilota jaialdia. Baikori larunbat honetan agur esango dio leitzarrak, baina partidak jokatzen segiko du urrira arte, eta tartean Villabonako jaialdian parte hartuko du Behar Zanako pilotariekin batera. Oinatzek Arkaitz Esnaola izango du atzelari Iñaki Lizaso eta Jon Erasunen aurka jokatzeko. Eta botilero lanetan Unai Mendizabal eta Amaia Agirre bertsolariak izango dituzte, abestuz laguntzen saiatzeko. Behar Zana pilotalekuko jaialdia beste neurketa interesgarri batekin hasiko da: Eneko Maiz eta Julen Urruzola Jon Urbieta eta Aaron Arbizuren aurka. Sarrerak zortzi eurotan jarriko dira salgai Villabonako Amasa okindegian ostegun goizetik aurrera.

Eta egitarau horretako hitzordurik bereziena ekainaren 3a eta 4a bitartean ospatuko dena da seguru asko. Izan ere, Pilota Maratoi Solidarioa antolatu dute egun horietarako Aspanogi elkartearen alde. Maratoia ekainaren 3ko 18.00etan hasiko da eta 25 orduz jarraian pilotaz gozatzeko aukera izango da herriko frontoian. Erremontea, zesta-punta, pilota egokitua, xarea, pasaka, laxoa, bote luzea, joko garbia, pala, eskua… Jokamolde desberdin asko izango dira ikusgai eta pilotarien artean ere adin guztietako jendea bilduko da. Elkartasun kutxa bat ipiniko dute pilotalekuan eta biltzen den dirua Aspanogi elkarteari bideratuko zaio.

Beste bi ekitaldi ere aurkeztu dituzte antolatzaileek, nahiz eta horiek eguraldiaren arabera atzeratzea posible den. Batetik, ekainaren 25ean Errebotea Herrian Bizirik txapelketa azkarra jokatuko dute herriko pilotari eta pilotari ohiekin lau talde osatuz. Eta bestetik, uztailaren 31an Villabonak eta Hazparnek 92. aldiz jokatuko dute elkarren aurka errebotean.