NAIZ
Bilbo

PCB-ITPko 83 langile kaleratzeko espedientea baliogabea izan zela berretsi du Gorenak

Auzitegi Goren espainiarrak berretsi egin du Barakaldoko eta Sestaoko lantegietan PCB-ITPko 83 langileren kaleratzea baliogabetzat jo zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, enpresaren helegitea atzera botata.

PCB-ITPko langile bat, protesta batean.
PCB-ITPko langile bat, protesta batean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

PCB-ITPren Barakaldo eta Sestaoko lantegietako 83 behargin kaleratzeko espedientea baliogabea dela berretsi du Auzitegi Goren espainiarrak, EAEko Justizia Auzitegiaren epaia berretsiz eta enpresak aurkeztutako errekurtsoa atzera botata.

Gorenaren arabera, enpresak «egiaztatu behar du kaleratze kolektiboa eragin zuten inguruabarrak benetan egiturazkoak direla, eta ez egoeraren araberakoak». Eta adierazi du, kasu honetan, enpresak ez zuenez egiaztatu «egiturazko egoera bat dagoenik, barne-malgutasuneko neurriak artikulatu behar zituela, eta ez kanpokoak».

«Zuzendaritza psikopata» baten «gehiegikeriaren» aurkako borrokan konprometitutako langile batzuek enpresa «erraldoi» bati irabazi diotela ospatu dute beharginek sare sozialetan.

Aurreko astean, langileek elkarretaratzeak egin zituzten Madrileko Auzitegaren atarian eta Bilboko Lakuako Gobernuaren ordezkaritzan, kaleratze kolektiboen aurrean Urkulluren exekutiboa inplikatu ez dela salatzeko.

Enpresa-batzordeak azpimarratu zuenez, enpresak «errealitatearekin bat ez datorren krisi egoera baten plantak egin zituen kaleratze kolektiboa ezarri ahal izateko».

«PCBk onura ekonomiko handiak lortu ditu azken urteetan, eta hala egiaztatu du lan-agintaritzaren espedienteak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren ondorengo epaiak, enplegu-erregulazioko espedientea baliogabetzat jo zuenak. Estrategia argia izan da: salmenta merkatzeko langileak kaleratzea», salatu zuten langileen ordezkariek.

«Borroka jarrai dezan»

ELA sindikatuak «pozarren» hartu du epai hau eta langileak zoriondu ditu hilabete hauetako mobilizazioak direla eta. Era berean, lantaldea animatu du beren lanpostuen eta lan baldintzak hobetzearen aldeko borrokan jarrai dezan.

«Kasu honetan enpresaren ahalegina ezerezean geratu arren, enpresa askok egungo legedia baliatzen dute enplegua suntsitzeko, Rajoyren erreformarekin eta duela gutxi Espainiako Gobernuak, patronalak eta CCOO zein UGT sindikatuek egindakoari esker indarrean dirauelako; horregatik, etekinak dituzten enpresek lasai asko kalera dezakete jendea», azaldu du sindikatuak.

Gainera, salatu dute erakundeek kaleratze kolektiboen aurka «ez dutela bat ere inplikaziorik agertu».

LAB sindikatuak ere pozez hartu du PCB-ITPko 83 behargin kaleratzeko espedientea baliogabea dela berretsi duen Auzitegi Goren espainiarraren ebazpena.