Jon Ormazabal
Entrevue
Xabi Tolosa
Aspeko atzelaria

«Beti izan naiz pertsona baikorra; amore ematea ez da sekula aukera bat izan»

Zortzi urte behar izan ditu Binakakoan titular izateko, eta gozatzea bai, baina sufritzea ere egokitu zaio estreinako txapelketa honetan. Hala ere, lehen ere aurrera egiten zaildutakoa da anoetarra eta, horrenbeste itxaron ostean, ez zegoen aukera bikain honi, besterik gabe, alde egiten uzteko.

Xabi Tolosa, aurtengo Binakako partida batean.
Xabi Tolosa, aurtengo Binakako partida batean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Masajistarenetik bueltan hartu gaitu anoetarrak, txapelketa osoa bezala, Zallako asteburuko partida gogorra izan zelako oso eta ostiralean bere bizitzako partidarik erakargarrienetako bati aurre egiteko puntu-puntuan egon nahi duelako. Bere titular gisako lehen Binakakoan, finalerdietan sartzeko aukera izango du Joseba Ezkurdiarekin batera, aste askoan sailkapenaren zuloan egon ostean.

Asko sufritu ostean sari handia lortu duzue. Pentsatzen dut pozik egongo zarela?

Partida mota hauek jokatzea gozamena da pilotari batentzat; are gehiago, niretzat, lehen aldia baitut txapelketa batean eta ilusio handiarekin eta ondo egiteko gogoarekin nago.

Azken-azken unera arte sufritu behar izan duzue.

Nik uste Zallako partida txapelketa izan denaren laburpen moduko bat izan daitekeela; galtzen hasi ginen, baina lanean jarraitu genuen, oso kontzentratuta, bururik galdu gabe eta azkenean aurrera atera ahal izan dugu.

Gauzak oso zail izan dituzue, errazena amore ematea izan zitekeen, baina beti sinistu duzue zuengan. Horixe izan da agian zuen arrakastaren giltza?

Bai, kirol ikuspegitik, seigarren geratzea ez da ikaragarrizko lorpena, baina nik uste dut meritu handia duela horren egoera zail bati aurre egiteko gai izana; gutaz asko esaten du horrek.

Behetik gora egin zenuten nabarmen; lehen itzulian puntu bakarra lortu zenuten zazpi partidetan eta bigarrenean lau izan dira. Zer aldatu da?

Lehen hiru partidak Aspeko bikoteen aurka jokatu behar izan genituen, oso bikote gogorrak gerora ikusi den bezala; hirurak galdu genituen, nire lehen txapelketa zen eta konfiantzan ere nabaritu genuen. Baina pixkanaka gora egiten joan gara, Joseba eta biok beti izan dugu konfiantza gugan, eta esango nuke lehen itzulian bertan, bosgarren jardunalditik aurrera, irabazterik lortu ez bagenuen ere, gora egin genuela jokoan eta azkenean emaitzak ere etorri egin dira.

Joseba Ezkurdiak aurreko astean komentatu zuen beti oso baikorra izan zarela eta hori ere oso mesedegarria izan zaizuela...

Hori nik uste izaera kontua ere badela. Pertsona baikorra naiz, beti aurrera egitea gustatzen zait eta amore ematea sekula ez da aukera bat izan niretzat. Baina nik ere esan beharra daukat Josebarekin aritzea ere gozamena izan dela. Pilotaz ezer dakienak badaki Ezkurdiak asko laguntzen diola atzelariari bere bolea eta aireko jokoarekin. Gainera, esperientzia handia dauka, azken urteetan izar bat izan da eta horrek denak lasaitasuna eta konfiantza ematen du. Baina kantxatik kanpora ere ikaragarria da; une oro animatu eta zaindu nau eta hor ere egon da arrakastaren giltza.

«Txapelketan ezer erakutsi badugu, halako partidetan oso ondo jokatzen dugula da; badakigu lasaitasuna mantentzen»

Une erabakigarrira, gainera, finalak jokatzen helduko zarete; abantaila izan daiteke?

Egia esan, ilusio handiarekin gaude. Guretzat opari handi bat da halako partida bat jokatzea, baina guk ere finalerdietako ligaxkan egon nahi dugu. Lehen bi postuen lehian egon den bikote baten aurka aritu beharko dugu; bikote oso gogorra da, txapela irabazteko faboritoetakoak eta, normala denez, lasai etorriko gara; ziur eurak baino lasaiago etorriko garela.

Dena zerotik hasten da, hil ala bizi da, eta, txapelketan ezer erakutsi badugu, halako partidetan oso ondo jokatzen dugula da. Badakigu lasaitasuna mantentzen, kontzentratuta jokatzen eta gure maila ematen partida hauetan. Horrek ere konfiantza ematen digu.

Bi jotzaile handiren aurka, ostiralean ere sufritzea tokatuko zaizu.

Bai, hala da. Gainera, Atanokoa lur bizia da eta hala tokatuko da. Normala denez, eurek asko ematen diote pilotari eta ziur ostiralean ere hala egingo dutela, ligaxkan jokatutako bi partidetan atzean asko sufritzea tokatu zitzaidan, baina saiatuko gara hori ekiditen.

Eta nola egin daiteke hori?

Oraindik ez dugu horretaz hitz egin, baina egingo dugu. Normalean pilota azpitik ibili beharko genuke, pilota botearekin dutenean eurek asko ematen diote eta.