Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Ukrainan gerra, mundu osoan astindua

Nazioarteko komunikabideei errepaso azkar bat emanez gero, bistakoa da mundua astindu duela Ukrainiako gerrak. Eta Txinan kenduta, nekez aurkitu daiteke komunikabide bat Errusiak abiatu duen erasoa lehen lerrora eraman ez duena. Ñabardurak daude, ezberdintasun handiak, hala ere.

Ostegun honetan hasi da Putinek agindutak ofentsiba.
Ostegun honetan hasi da Putinek agindutak ofentsiba. (Aris Messinis | AFP)

Europako komunikabideetan II Mundu Gerraren erreferentziak ugariak dira, kontinentean gerra odoltsu bat gertatzea iraganeko fantasma denak iratzartzen dituelako. Europar hiriburu bat bonbardatzea –Belgrad estatubatuarrek eta Europako hainbat herrialdek lehenago bonbardatu zutela ahaztuta– apokalipsiari ateak irekitzea delakoan.

Hori bai, bateko eta besteko komunikabideetan, tonu bertsuan gainera, bai irakurri ahal izan da berri berdina: lehengaien, baloreen eta bonuen merkatuak astindu dituela mundu osoan. Eta beti izan dela horrela, historiako gerra handi guztietan. Hori omen da logika, jarraitzen den patroia. Gerra hasi baina lehen ahuldu, eta gerra amaitu baino lehen indartu egiten direla merkatuak, kalamidadeen aurrean indiferentzia harrigarri batekin.

Ukrainari eraso egin diote. Europako kontinentean bake hamarkaden amaiera suposatzen omen du. Ez da bakarrik gasaren eta gasoleoaren prezioan igarriko, Errusia eta Ukraina dira munduari garia ematen diotenak, ekoizle handienetakoak, eta Itsaso Beltzetik banatzen da mundura, ergo, Itsaso Beltza ixten bada, janariaren prezioa disparatuko dela aurreikusten dute. Mundu osoan erreplikak izango dituen gatazka lehertu da, beldurrak biderkatu dituena. Ñabardurak nabardura, tonu honetako mezuak irakurri daitezke.

AEBetan, adibidez, CNN kateak «Erusiak Ukraina inbaditu du» irakur zitekeen, maiuskulaz, gerrak hasten direnean egunkarien izenburuek hartzen zuten larritasun forma berean, 2001eko irailaren 11aren edo II. Mundu Gerrako egunkarien izenburu haien antzera. Eta Fox News kateak, aldiz: «Errusiak Ukraina inbaditu du. II. Mundu Gerra geroztik Europan izan den eraso handienean». Biek inbasioa eraman dute lerroburura, fronte eta eskala guztietan garatzen ari zen operazioa. Baina kuriosoa da, bi kateak teorian mutur politiko ezberdinetan egon arren, nola bai batean eta bai bestean, biek begiratu dioten Txinari, gerra honetatik hain urruti eta hain gertu dagoenari. Bien ustez, Putinek Xi Jinpingi eredu bat eman dio, eta Txinako presidenteak Bidenen indarrak eta ahuleziak neurtuko dituela aurreratu dute,Taiwan inbaditu baino lehen.

‘Los Angeles Times’ egunkariak, berriz, «Europa gerran dago» deigarria ekarri du lerroburura, Putin erasoa areagotzen ari dela, eta dauzkan arma nuklearrei begiratuz, kanpoko beste herrialderen bat tartean sartuko balitz «ezagutu ez den erantzun» bat emateko prest dagoela azpimarratzen zuen.

BBCk «Errusiak Ukrainaren inbasioa abiatu du» jarri du izenburuan. Eta bere defentsa analistaren piezan aurreratu du Ukrainak ezingo duela bere burua defendatu, Iparraldean Bielorrusiatik hasi eta hegoaldean Krimearaino milaka kilometrotako mugari ezingo diola eutsi, edozein lekutan erasoa jo eta edozein lekutan har dezakeelako abantaila Errusiak . ‘The Guardian’ egunkariak inbasio hitzaren alde egin du ere «Errusiak fronte askotatik inbaditu du Ukraina» aukeratuz. Eta gerraren nolakotasuna aurreratuz, Errusiak ahalik eta azkarren lurretik inbaditzeko eta bere helburuak lortzeko interesa daukala irakur daiteke. Errepaso azkar bat eginda, Irlandatik Eskandinaviaraino II Mundu Gerraren erreferentziak etengabekoak dira, eta orduz geroztik inoiz bizi diren «ordu ilunenak» bizitzen ari garela.

Errusiako komunikabideetan, baina, hizkera eta arreta, oso bestelakoak dira. ‘Sputnik International’ digitalean «Putinek Donbasseko operazio espeziala baimendu du» eta «kanpoko mehatxuen aurrean berehalako erantzuna aurreratu du» irakur daiteke, «Ukraina desmilitarizatzea eta desnazifikatzea» helburua duena. Alegia, gerrari operazio militar espeziala deitzen diotela, eta gerra desmilitarizatzeko egiten dutela. ‘Russia Today’-k gerraren jarraipen berezia egiten du, hobe esanda, «operazio militar espezialarena», eta Turkiak Bosforoa ixteko jaso dituen gonbidapenei begiratzen die, edo Zelenskyk Austriako presidenteari Ukrainak batasunari ezingo diola eutsi esan diola, eta abar.

Txinakoa kasu berezia da. Kuriosoa. ‘China Daily’ ingelesezko bere digital irakurrienak dakar Putinek argi berdea eman diola «Donbasseko operazio espeziala»ri, baina ez da bakarra, ezta pandemia edo neguko joko olinpikoen inguruko berrien baino nabarmenagoa. Gainontzeko munduko prentsarekin gonbaratuz gero, askoz ere hotzago jorratzen du gaia, oso kalkulatua den oreka batean.

Auzoko estatuetan, aldiz, «inbasio» hitza ez da ageri. ‘Le Monde’ egunkariak: «Guerre en Ukraine» hautatu du, eta Emmanuel Macron presidentearen diskurtsoari erreferentzia eginez «Europan bakeari hamarkadetan egin zaion eraso larriena» ekarri du lerroburura, baina «Frantzia ez dago gerran», «ez dirudi mundu gerra baten espektroa etorriko dela», eta gidakoak irakur zitekeen lerroartean, nahiz eta oso barneratuta eduki «ondorioak sufritzen hasiko garela». ‘El Pais’ egunkariak, «Errusiak Ukrainari egin dio eraso», eta Europar Btasuneko kanpo ministroa den Josep Borrellen diskurtsoa azpimarratu du, «Ukrainia erasotzea gu denok erasotzea da» azpimarratuz.