NAIZ
Iruñea

Lezkairuko eskola berria D ereduan izatea eskatu diote nafar Hezkuntza departamentuari

LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, Sortzenek eta Kontseiluak elkarretaratzea egin dute Lezkairun, bertan irekiko den eskola berrian D eredua jar dezaten eskatzeko.

Lezkairun irekiko den eskolan D eredua ezartzeko eskatu dute.
Lezkairun irekiko den eskolan D eredua ezartzeko eskatu dute. (ELA sindikatua)

Lezkairun eskola berria eraikitzen ari da nafar Gobernua. gaur, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek, Kontseilua eta Sortzen elkartearekin batera, eraikina altxako den gunean izan dira, ikastetxe hau euskarazko D ereduan izan dadin eskatzeko.

«Azken urteotan etxebizitza asko eraiki dira Iruñeko hegoaldeko auzoetan, batez ere Azpilagañan, Arrosadian eta Lezkairun. Familia askok haien seme-alabak euskarazko murgiltze ereduan matrikulatu nahi dituzte, baina, gaur egun, eremu horretan Hegoalde ikastolak bakarrik eskaintzen du D eredua, eta ez da aski eskari guztia estaltzeko», gogorarazi dute.

Duela urtebete nafar, Carlos Gimenok, nafar Hezkuntza kontseilariak, esan zuen posible zela D eredua zabaltzea Lezkairuko eskolan. «Azken mahai sektorialean horretaz galdetu genuen, baina ez ziguten erantzun», nabarmendu dute sindikatuek.

«Gainera, Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoan xedatzen da ikastetxe publikoen sareak behar adinako gaitasuna lortu behar duela auzo eta zonalde guztien beharrak asetzeko, ikasleengandik hurbilen dauden ikastetxeetan eskolatzeko eta euskarazko eskaintza etengabe garatzeko mailaz maila», azpimarratu dute.

Hurrengo ikasturterako matrikulazio epea martxoaren 7an irekiko da eta Lezkairuko eskolan D eredua zabal dezala eskatu dute, «euskaraz ikastea denon eskubidea delako».