NAIZ
Donostia

Miren Agur Meabe euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, Miren Agur Meabe idazle eta itzultzaile bizkaitarrak erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa.

Miren Agur Meabe ‘Itsasoaren atea’ liburuarekin.
Miren Agur Meabe ‘Itsasoaren atea’ liburuarekin. (Jon Urbe | FOKU)

Euskaltzaindiak euskaltzain berria izendatu du ostireal honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egin den osoko bilkuran. Joan den urteko urrian, Gasteizko Etxezarra eraikinean egindako osoko bilkuran, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Xabier Kintana euskaltzain osoa; izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek.

Ondoren, urtarrilaren 28an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek Bilbon egin zen osoko bilkuran, Miren Agur Meabe, hain zuzen, eta ostiral honetako bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Irakasle ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zuen, eta irakaskuntzan eta testu liburugintzan aritu zen urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia.

Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, 'Azalaren kodea' eta 'Bitsa eskuetan' poema liburuengatik, eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsi du, 'Itsaslabarreko etxea' (2002), 'Urtebete itsasargian' (2006) eta 'Errepidea' (2011) gazte nobelei esker. 'Mila magnolia-lore' albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, 'Nola gorde errautsa kolkoan' lanagatik.

Literatur itzulpengintzan ere aritzen da tarteka, eta, besteak beste, Forough Farrokhzad poeta irandarraren eta Skolastique Mukasonga ruandarraren obrak ekarri ditu euskarara.

Ohorezko aitortzen artean, Lauaxeta saria (2007), Rosalia de Castro (2012) eta Deia Hemendik (2015) daude. Era berean, haren testuetako batzuk hainbat hizkuntzatara eta braillera ere itzuli dituzte. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an, ibilbide oparo horren esker onez.

Gaur egun, 24 euskaltzain osok, zazpi euskaltzain emerituk, ia 150 bat euskaltzain urgazlek eta 68 ohorezko euskaltzainek osatzen dute Euskaltzaindia.