Gazte bat ‘Up’ pelikulan inspiratutako mozorro eta puxika sortarekin.
Gazte bat ‘Up’ pelikulan inspiratutako mozorro eta puxika sortarekin. (Andoni CANELLADA | FOKU)
‘Zaldunita’ eguneko karroza bat.
Txalupa bat eta emakume bat arrantzan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Kupido eta emaztegai bat ezkontza tartaren aurrean.
Kupido eta emaztegai bat ezkontza tartaren aurrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Gazte kuadrilla bat Rigoberta Bandiniren Benidorm Festeko ikuskizuna parodiatzen.
Gazte kuadrilla bat Rigoberta Bandiniren Benidorm Festeko ikuskizuna parodiatzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Garbiñe Biurrun, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua, mozorrotuta.
Garbiñe Biurrun, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko magistratua, PPko kide bihurtuta. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Oria ibaiaren ertzean hondartza, ‘Oria beach’
Oria ibaiaren ertzean hondartza, ‘Oria beach’ (NAIZ)
Kardenala zaldi gainean eta hiru emakume doluan.
Kardenala zaldi gainean eta hiru emakume doluan. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Txaranga bat SAn Frantziskon.
Txaranga bat SAn Frantziskon. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Espazioko gerrarako prest.
Espazioko gerrarako prest. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Erizaina kuestazioa egiten.
Erizaina kuestazioa egiten. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Amaia Ugarte

Dianak saltoka eta dantzan jarri ditu tolosarrak eta mozorroek kaleak bete dituzte

Dianarekin ohetik salto egin eta bete-betean murgildu dira tolosarrak inauterien burbuilan. Zaldunitaren lehen orduak gogoz hartu dituzte eta mozorroen koloreek kaleak hartu dituzte ondoren.

Alferkeria pixka bat ematen du igande batean goiz jaikitzeak, baina gaur tolosarrek nagi guztiak alde batera utzi eta ohetik salto egin dute Dianara joateko. Inoiz baino gogo handiagoarekin, gainera. Izan ere, Diana inauterietako ekitaldirik kuttunenetakoa eta jende gehien biltzen duenetakoa izan ohi da.

Aurten, urtebeteko hutsunearen ondoren, jendetza hurbildu da Udal Musika Bandaren atzetik «Jaiki, jaiki, ohe hortatik gaur tolosarra, inauteriak beti, alaitzen gaitu guztiz…» Dianako «ereserkia» kantatu eta dantzatzera. Maskararekin batzuk eta gabe gehienak, guztiak gogo biziarekin.

Aitonaren pijama, amonaren kamisoia, albornoz zaharra, etxeko zapatilak, pelukaren bat, sarea edo ruloak buruan –bakarren batek kulero zaharrak ere bai– eta eskura dauden «konplementu» guztiak jantzita, kalera. Izan ere, horixe da Dianaren esentzia: jaiki eta pijama erantzi gabe, salto egitera.

Goizeko 8.00etan izaten da hitzordua Gorriti plazan. Handik abiatuta, Udal Musika Bandak, aurretik eta atzetik jende oldea duela, Alde Zaharreko kale guztiak zeharkatzen ditu sigi saga, «Jaiki jaiki» behin eta berriro joz tolosar guztiak esnatzeko. Tartean eta toki jakin batzuetan gelditu eta inauterietako beste pieza batzuk jotzen ditu: ‘Galtzaundi‘, ‘Artillero’, ‘Pello ziri ziri’, ‘Iriyarena’… jendearen gozamenerako. Bizpahiru ordu ematen ditu Musika Bandak kalez kale, bukaera duen Plaza Berrira iritsi arte.

Berdura Plazan ia inoiz ez du hutsik egiten bihotza ateratzeko moduko petardo traka botatzen duenak, ezta mokadu bat banatzen aritzen direnak ere: barkilloak, txokolatea…

Une batzuetan segizioa eta Musika Banda aurrera egin ezinik geratzea ere ohikoa izaten da, jendetza biltzen delako. Aurrekoak zapaltzen zaitu, atzekoari zapaltzen diozu, baina ez dago arazorik, irribarre bat eta segi saltoka. Tarteka kale kantoiren batetik kolatu eta aurrera egiten duzu, lehen ilaretan tokia egiteko. Aurten, pilaketak ekiditeko atzera ez egiteko «agindua» zegoen eta horregatik arinago joan da dena. Musikariak babesteko «zaindariak» ere jarri dituzte haien inguruan.

Bisitari entzutetsuak eta jite guztietako pertsonaiak erakartzen ditu Tolosako Dianak: Francisco aita santua hemen izan zen izendatu zuten urte berean; Freddy Mercury eta Franco diktadorea ere berpiztu ziren hona etortzeko; espainiar errege emeritua ere izan zen Arabiar Emirerrietara ihes egin aurretik… Pandemia aurreko inauterietan soprano sonatu bat agertu zen militar batek lagunduta, baina inork ez zien kasorik egin. Gaur, mendizale famatu bat ikusi dugu... eta birus madarikatua ere dantzan ibili da, bere aldaera guztiekin. Bizitza elkartekoak ere hor ziren, inauteririk ez dela ospatu behar aldarrikatzen. Eta alkatea eta EAJko zinegotzi bat Udaletxeko balkoitik neurri guztiak zorrotz betetzen zirela bijilatzen, maskara jantzita.

Honaino iritsita, ordubete baino gehiago daramagu kalean gora kalean behera eta goiz esnatzeak merezi duen gosari legea egitea da ohikoena, dela txokolate bero bat kalean edo lagunen etxean, dela gosari-hamaiketakoa elkarteren batean. Eta handik korrika etxera, mozorrotu eta berriro kalera!

Karroza eta konpartsak

Eguerdi partea iritsi ahala hasten da karroza eta konpartsen desfilea. Inauteriak ospatzea azken unean erabaki zenez, muntaia handiak egiteko denbora askorik ez da izan eta gehienbat gazteen plataforma-karroza-konpartsek bete dute San Frantzisko kalea. Irudimen handiarekin, hori bai, toreroak, 60. hamarkadako nostalgikoak, Boris Johnson, Ajuria Enea jauregia, arrantzale portua, nazi talde bat, apaiz eta gotzainak nonahi, sevillana mordoa, Osakidetzako langileak inauteriak lan hitzarmenean sartzeko Sagarduiri eske manifestazioan, ezkontza bat kupidorekin eta tarta erraldoi eta guzti, Garbiñe Biurrun epailea PPko kide bihurtuta... Irudimenak ez du mugarik. Erdiguneko zurrunbilotik atera eta ibai ertzean sortu den hondartzan lasai egoteko aukera ere baliatu dute beste batzuek, «Oria beach» delakoan.

Bi egun geratzen dira aurretik eromenaz gozatu eta dena emateko.