Valladoliden botere erasotzaileak Amorebieta suntsitu du (5-1)

Etxekoek nagusitasun osoko lehen ordu erdian bideratu dute partida, bi gol sartuz. Gururen golak urdinen erreakzioa saritu du, baina Valladolidek azkar berritzali ditu haien ilusioak.

Nacho eta Iker Bilbao arean borrokan, Zorrillan lehiatu den partidaren jokaldi batean.
Nacho eta Iker Bilbao arean borrokan, Zorrillan lehiatu den partidaren jokaldi batean. (LaLiga)

Sekulako zigorra jaso du Amorebietak Zorrillan. Valladoliden kontra ospatu zuen lehen itzulian denboraldiko garaipenik handiena eta aurkari berak eman dio ikasturteko jipoi handiena ere. Urdinek lehen zatiaren amaieran erreakzionatu dute eta Guruk saria ere eman dio taldeari bere bederatzigarren gola baina erreakzioa, berandu heltzeaz gain, ez da nahikoa izan zuri-moreen nagusitasunari, ofentsiboa batez ere, aurre egiteko.

Txarrena, jasotako bost golak baino, talde bizkaitarraren partida hasiera eskasa –etxekoen meritu handiagoa izan bada ere, Amorebietaren demeritua baino– eta gaurkoa bigarren porrota jarraian dela izan da. Aurkari zuzenek, gainera, ez dute kolpea eztitu, Mirandesek eta Sansek irabazi baitute. Malagak Cartagena gainditzen badu bihar, zazpi puntutakoa izango da 18. postuarekiko aldea.

Aldaketa dezente egin ditu Iñigo Velez de Mendizabalek hasierako hamaikakoan. Irazabal, Olaetxea, Markel Lozano eta Obi aurreko jardunaldiko golegilea sartu dira, eta kanpoan geratu dira Alvaro Peña –gaixorik, bidaiatu ere ez du egin–, Ros, Moreno eta, deigarriena, Luengo. Atzelaria orain arte minutu gehien jokatu dituen futbolaria da, hamaikako gehiagotan egon dena eta, deialdian egonda, behin bakarrik geratu da aulkian aurretik.

Ez dira onerako izan nobedadeak. Valladolid arduratu da horretaz. Eibarren eta Almeriaren garaipenen ondoren, irabaztera behartuta zelairatu da etxeko taldea eta hasiera-hasieratik erakutsi ditu irabazteko gogoak eta bere nagusitasuna. Amorebietak ez du ia baloia ikutu ere lehen ordu erdian. Valladolidek, berriz, gol-aukera dezente sortu, hainbat jaurtiketa egin eta gol pare bat ere sartu ditu. Hiru, izan ere, 11.minutuan Nachok sartu baitu baina epaileak baliogabetu du, hegalekoa jokoz-kanpo baitzegoen. Hiru minutu beranduago, anekdota bilakatu du Weissmanek baliogabetutako gola, Sergio Leonen pasea aprobetxatu baitu 1-0ekoa egiteko. Sergio Leon berak, partidako protagonista nagusia, egin du bigarrena lau minutu beranduago, berak probokatutako kornerra bigarren zutoinean errematatuz.

Beste baloi bat zutoinera bidaltzeko denbora izan dute zuri-moreek, Amorebietaren erreakzioak izoztu aurretik. Herabeki lehenengo, konbikzioa handituz minutuak aurrera joan ahala, talde bizkaitarrak buelta eman dio partidari, markagailuan ezin izan badu ere, gutxienez soropilean. Olaetxeak abisu ona eman du eta hurrengo jokaldian El Yamiquek ia bere atean sartu du baloian Larraren erdiraketa desbideratu nahi zuenean.

Bide beretik jarraitu du Amorebietak bigarren zatian, Valladoliden urduritasuna gero eta nabarmenagoa zen bitartean. Guru burukada batekin saiatu da hasi bezain laster eta pixkat bat beranduago gola lortu du jokaldi pertsonal batekin, taldearen ilusioak piztuz.

Azkar itzali ditu, zoritxarrez, Sergio Leonek, jokaldi azkar batean aldea handitu duenean. Bere taldeak zalantzak baztertzeko eta berriro nagusi sentitzeko behar zuena zen. Partida bere menpe geratu da berriro ere eta oraingoan ez da egon urdinen erantzunik. Sergio Leonek berak sartu du laugarrena hamar minutu beranduago jaurtiketa gogor batekin eta bostgarrena ekarri duen Anuarren erremate eder batekin amaitu da Amorebietaren ametsgaiztoa.

PARTIDAKO FITXA:

Valladolid: Masip; Luis Perez, Javi Sanchez, El Yamiq, Nacho; Oscar Plano (Morci, 65.m.), Aguado (Monchu, 65.m.), Roque Mesa (Cristo Gonzalez, 75.m.), Toni Villa (Gonzalo Plata, 53.min.); Sergio Leon (Anuar, 75.m.) eta Weismann.

Amorebieta: Santamaria; Larra, Oscar Gil, Nolaskoain, Irazabal, Andoni Lopez; Olaetxea (San Jose, 74.m.), Markel Lozano (Ros, 60.min.), Iker Bilbao (Etxaburu, 74.m.); Guru (Moreno, 74.m.) eta Obi (Unzueta, 65.m.).

Epailea: Galech Apeztegia (Nafarroa). Txartel oriak: Oscar Plano (30’), Javi Sanchez (33’); eta Lozano (26’).

Golak: 1-0, 14.m.: Weissman. 2-0, 19.m.: Sergio Leon. 2-1, 54.m.: Guru. 3-1, 61.m.: Sergio Leon. 4-1, 71.m.: Sergio Leon. 5-1, 87.m.: Anuar.