NAIZ

EAEko Hezkuntza akordioaren zirriborroa kritikatu du Euskal Eskola Publikoaz Harrok

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak uste du EAEko Hezkuntza akordioaren zirriborroa «eskasa» dela eta legeak biltzen dituen oinarriei ez diela eusten. Legeak jaso beharko lituzkeen beste betebehar batzuk proposatu ditu eta zirriborroa baztertzea eskatu du.

Euskal eskola publikoaren aldeko manifestazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Euskal eskola publikoaren aldeko manifestazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Euskal Eskola Publikoaz Harron plataformak ekarpenak egin dizkio ‘Euskal Hezkuntzaren Eraldaketarako Oinarriak’ Hezkuntza akordioaren zirriborroari, aproposa ez dela uste baitu. Izan ere, «kezka handiz» ikusi du dokumentua «eskasa» delako, «oso orokorra eta zehaztasunik gabea».

«Ez gaude txostenaren oinarriarekin, norabidearekin eta planteamenduarekin ados, ez baititu eskola publikoko ordezkariek egin genituen eskakizunak bere barne hartu, eta lege honetaz kezkatzen gintuena bete egin nahi da: lege hau sistema duala mantentzeko interesarekin dator. Publikoa ardatzean jarri ez, eta titulartasun ezberdineko ikastetxeak parekatzen ditu», salatu du plataformak.

Plataforma honen ustez, «Euskal Hezkuntza Sisteman dugun arazo nagusietako bat segregazioa» da. «Euskal Herrirako irudikatzen dugun elkarbizitza ez da ‘geruzen’ edo kolektiboen artekoa, baizik eta ondo formatutako pertsonen artekoa, eskubide bereko pertsona anitzen artekoa. Horretarako hezkuntza ezinbesteko tresna da», adierazi du. Hori dela eta, ez du onartzen une honetan dagoen mota ezberdinetako ikastetxeen sistema.

«Urteetan ezkutatu nahi izan da segregazioaren eta sare bikoitzaren artean dagoen lotura, nahiz eta aspalditik aski frogatuta dagoen lotura hori. Behin eta berriro salatu dugu bekadunen, hezkuntza behar berezidunen eta atzerriko jatorria dutenen banaketa desorekatua bi sareen artean, eta, azkenik, arrazoia eman behar izan digute. Ukaezina da ISEK eskaseko ikasleak sare pribatuak uxatzen dituela eta sare publikora bideratzen dituela. Hau da, sare publikoak unibertsala izan nahi duen bitartean, sare pribatuak ez ditu gustuko ustez emaitza akademiko kaxkarragoak izan ditzaketen ikasleak, eta ez ditu onartzen», azpimarratu du Euskal Eskola Publikoaz Harrok.

Era berean, aipatu du EAEn sare pribatuak duen presentziak ez duela «parekorik gure inguru hurbilean», eta egoera hori zuzentzeko eskatu dute. Zirriborroan bi sareen «doakotasuna» bermatzea proposatzen denean planteamendua gaizki egina dagoela uste dute. «Diru gehiago eman nahi zaio dirua kontrolik gabe eta hitzartutakoa baino gehiago gastatzen duenari, –seigarren ordua, gehiegikeriazko instalazioak, gela berriak, zerbitzu gehigarriak...– diru publikoaz gain beste diru iturriak dituenari, bazterkeria sustatzen duenari eta, kuotak kobratuz, kontzertuetan sinatu duena betetzen ez duenari», deitoratu du plataformak. Horri horrela, ez du uste arazoa zentro horiei diru gehiago emanez konponduko denik. «Publikoa denona da, pribatua, ez», ondorioztatu du.

Bete beharreko printzipioak

Hartzen diren erabakiak «zuhurtzia gehiagorekin» hartu ahal izateko, Udal Eskola Kontseiluen emaitzei begiratzea proposatzen du, eta gogoratu du badaudela legeak jaso beharko lituzkeen printzipio batzuk, tartean Euskal Eskola Publikoa goraipatu eta eta euskal gizarteak berarekiko duen atxikimendua handitzea. Hala, hezkuntza unibertsala, doakoa, berdintasunezkoa eta konpentsaziozkoa jasotzeko eskubidea bermatzen duen sare publiko bakarra egon beharko litzateke plataformaren iritziz.

Eskola publikoak dituen oztopoak gainditzeko planteamentuak eskaintzea (baliabide material, pertsonal edota formatiboak, adibidez) eta pribatizazioa gelditzea ere oinarri horietako bi dira, baita segregazioa errazten duten mekanimoak identifikatzea eta euskal kulturan murgiltze eredua unibertsalizatzea.

Azkenik, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak legeak jaso beharko lituzkeen bestelako oinarriak proposatu ditu: eskola bakarra aldarrikatzea doako hezkuntza integrala eskaintzen duena 0-18 urte bitartean udalerri eta auzo guztietan; eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean ikastetxe pribatu-itundurik ez irekitzea; eskola publikoak behar dituen baliabideez hornitzea neurri konpentsatzaileak sustatuz; inbertsio plan berezia egitea eskola publikoen azpiegiturak hobetzeko; segregazioari «tinko» heltzea; ikasleen matrikulazio orekatua ziurtatzea; harrueskoletan doako zerbitzua eskaintzea; edo erlijio eskaintza hautazkoa izatea ikastetxe guztietan.

Laburbilduz, plazaratu den dokumentua atzera bota eta hezkuntza publikoaren alde egiteko eskatu du plataformak. «Guk ez dugu etsiko eta espero dugu legebiltzarkideek gure gizartearen etorkizunerako ezinbestekoa dugun hezkuntza publikoaren alde egin dezazuen», adierazi du.