EH Bilduk, Podemos Ahal Dugu Nafarroak, Izquierda Unidak, Batzarrek eta Alderdi Komunistak elkarretaratzea deitu dute ostiral honetarako Iruñeko Udaletxe plazan. Kontzentrazioaren helburua Errusiaren eraso militarra salatzea eta ukrainarrei babesa helaraztea izango da. Momentuz, CCOO, CGT, Solidari eta Steilas sindikatuak atxiki dira deialdira.
‘Gerrarik ez! Bakea herrientzat’ lelopean, hainbat aldarrikapen plazaratuko dituzte deitzaileek: Errusiaren eraso militarra «gogor» salatzen dutela erakutsiko dute, erasoa bertan behera «berehala» uzteko exijitu eta tropak erretiratzeko eskatuko dute. Hortaz gain, «bide diplomatikoaren eta bakearen aldeko lana» alde batera utzi ez dezaten galdegingo dute.
Errefuxiatuen aferari dagokionez, hauek artatzeko beharra azpimarratu dute: «Asilo eskaerak onartzeko betebeharra gogorarazten dugu, Espainiako asilo legearen 38. artikuluaren arabera».
«Ezinbestekotzat jotzen dugu Errusiak Ukrainari egindako erasoaren aurka mobilizatzen jarraitzea; izan ere, herritarrek gerraren aurka egindako mobilizazioek Gobernuari gogorarazten diote Europar Batasunaren barruan eta Nazio Batuen menpean lan egiteko betebeharra dutela, gerraren amaieraren eta bakeari eustearen alde. Era berean, Errusiako eta Ukrainako gobernuen arteko elkarrizketa bultzatzera animatzen ditugu eragile guztiak, eraso militarra amaitzeko eta konponbide iraunkorrak bilatzeko», azaldu dute deitzaileek ohar batean.
Hori horrela, mobilizazioa ostiral honetan Iruñeako Udaletxe plazan izango da, arratsaldeko 19.00etan.