NAIZ

Espainiar Estatuak 700.000 kartutxo eta 1.370 granada jaurtigailu bidaliko ditu Ukrainara

Margarita Roblesek, espainiar Estatuko Defentsa ministroak, iragarri du armaz betetako bi hegazkin bidaliko dituztela ostiral goizean Ukrainako mugara.

Margarita Robles, espainiar Estatuko Defentsa ministroa.
Margarita Robles, espainiar Estatuko Defentsa ministroa. (Alberto ORTEGA | EUROPA PRESS)

Sanchezek iritziz aldatu du asteazken honetan Ukraniari armak zuzenean bidaltzeko aferan. Hori horrela, Europako Batzordearen bidez armak bidaltzeaz gain, armak zuzenean bidaliko dizkio Kievi: fusil eta metrailadoreentzako 700.000 kartutxo eta 1.370 granada jaurtigailu. Margarita Roblesek, espainiar Defentsa ministroak, Antena 3 telebista katean egindako adierazpenetan aurreratu zuen gerrarako materiala ostiral honetan bidaliko dutela Ukrainako mugarantz.

«Ostiral goizean irtengo da Poloniarantz Aireko Armadaren hegazkinen bitartez. Gero, Ukrainako mugatik hurbil dagoen Poloniako puntu batean jasoko dituzte Ukrainako agintariek», zehaztu du Roblesek. Armen bidalketarako 24 ordu baino gutxiago falta direnez eta, ministroaren esanetan bidalketa «urgentziazkoa» denez, Defentsa Ministerio espainiarrak Armadaren biltegietan jada prest dauden armak edo armagintza enpresa espainiarretan eskuragarri dituzten izakinak bidaliko ditu Ukrainarantz. Pedro Sanchezek berretsi du ez dituela militar espainarrak Ukrainara bidaliko, NATOk ere troparik bidaliko ez duen moduan.

Era berean, Defentsa ministroak azaldu du lehen bidalketa hau «garrantzitsua» dela defentsa «oso indibidualizatua» eskainiko dielako ukrainarrei eta armen erabileran «esperientzia handirik ez duten pertsonek» erabili ahalko dituztelako. «Garrantzitsuena guztion batasuna da. Ukraina erasotua izaten ari da, ukrainarrak beraien bizitzaren defentsa legitimoan jokatzen ari dira», justifikatu du Roblesek.

Sanchezek, bere aldetik, adierazi du «europar mehatxu baten aurrean, europar erantzun koordinatu eta bateratu bat» eman behar dela.

Espainiar alderdi eskuindar eta ultraeskuindarrek, PP, Ciudadanos eta Voxek, Sanchezen iragarpena babestu dute. Cuca Gamarrak, PPko koordinatzaile nagusiak, armen bidalketak koalizio Gobernuaren baitan eragin dituen desadostasunak ikusita, eskua luzatu dio espainiar presidenteari, PPren babesa UPrena baino «sendoagoa» eta «fidagarriagoa» dela argudiatuta.

UP, zatituta

Unidas Podemosek ez du Sanchezen erabakiak eragin dion atsekabea ezkutatu. Ione Belarrak, UPko idazkari nagusiak, erabakia ez zaiola zuzena iruditzen defendatu du eta bide diplomatikoarekiko apustu handiagoa faltan bota duela deitoratu du. Era berean, ohartarazi du gerra-eskalada lerro honek «agertoki arriskutsu bat» sor dezakeela. Ildo beretik, Pablo Echeniquek armak bidaltzea «akats» bat bezala kalifikatu du.

Hala ere, asteartera arte, UP ados azaldu zen Gobernuaren aurreko jarrerarekin. Hau da, Europako Batasuneko bitartekoen bitartez armak Ukrainara bidaltzearekin.

Bere aldetik, Yolanda Diaz Lan ministro eta UPko lehendakariordea bat etorri da Sanchezen iragarpenarekin eta bere babesa eskaini dio: «Presidenteak gure babes osoa dauka, erabaki zailak dira, guztiok jakinaren gainean geunden».

EH Bildu, CUP, ERC eta BNG, aurka

UPren ildo beretik, EH Bildu, CUP, ERC eta BNG armen bidalketaren aurka azaldu dira. Mertxe Aizpuruak, EH Bilduko Kongresuko bozeramaileak, zibil ukrainarrei elkartasun mezu bat bidali die eta, jarraian, armen bidalketa gaitzetsi du: «Bakea, egonkortasuna eta segurtasuna mantentzeak ez du esan nahi Armada are handiagoak armaz hornitu behar direnik, irismen handiagokoak, gaitasun suntsitzaile handiagokoak eta gero eta kontzentratuagoak».

«Distentsioa diplomaziaren bidez bultzatzea eta babestea izan behar da bidea. Hori da Europako Batasunaren eta Gobernuaren posizioan lehentasuna izatea gustatuko litzaigukeena», aldarrikatu du Aizpuruak.

EAJk beharrezkoa dela deritzo

Aitor Estebanek, EAJko Kongresuko bozeramaileak, armak bidaltzea defendatu du: «Gure partez borrokatzen dutenak ukrainarrak izatea nahi baldin badugu, ezin ditugu bakarrik utzi, baliabideak izan beharko dituzte. Gauza bat da zuzenean esku hartzea, azken urratsa dela uler dezakedana, inplikazioak kontuan hartuta, eta beste bat eraso bati erantzuten ari den biztanleria babesik gabe uztea».

Jarraian, «txalekoekin, kanpainako ospitaleekin eta bendekin» errusiarren erasoa ez dela uxatzen gehitu du.