NAIZ

Bilboko feministak zaintza sistema publikoaren alde mobilizatuko dira martxoaren 8an

Aurtengo martxoaren 8ko manifestazioa «Antolakuntza feministaz zaintza publikoa borrokatu!» lelopean izango da Bilbon. Bilbo Feminista Saretzenek adierazi duenez, «lehentasun soziopolitiko eta ekonomikoak berrantolatuko dituen egiturazko aldaketa» aldarrikatuko dute.

Bilboko Mugimendu Feminista asteazkenean emandako prentsaurrekoan.
Bilboko Mugimendu Feminista asteazkenean emandako prentsaurrekoan. (Bilbo Feminista Saretzen)

Euskal Herriko Bilgune Feministak jada zaintza sistema publikoaren aldarri egin zuen aurreko asteazkenean. Bilbon, aurtengo manifestazioa 19.30ean hasiko da Jesusen Bihotzetik Udaletxeraino. Bilboko Mugimendu Feministak adierazi duenez, zaintza sistema publikoa izango da martxoaren 8ko mobilizazioen erdigunea. Hain zuzen «zainketei merezi duten garrantzia emango dion» zaintza sistema «publiko, unibertsal eta kalitatezkoa» defendatuko dute.

«Merkatuaren logika jarraituko ez duen zainketa sistema bat aldarrikatzen dugu, azpikontrataziorik gabekoa. Era berean, esklabotza-baldintzetan bizitza sostengatzen duten andra migratuentzat errekonozimendu politikoa, soziala eta laborala eskatzen dugu», adierazi dute.

Bide batez, aldaketa hau «mugimendu feminista aldaketarako eta borrokarako indar izaten jarraituko badugu soilik» gertatuko dela azpimarratu dute Bilbo Feminista Saretzen mugimenduko kideek.

Horrela, «kolektibo feminista indartzeko gune baten beharra aldarrikatzen dugu, eta gure auzoetako emakumeoi antolatzera dei egiten diegu», ohartarazi dute.

Beste mobilizazioak

Bilbokoaz gain, Euskal Herriko beste lau hiriburutan deitu ditu mobilizazio nagusiak Mugimendu Feministak. Baionan Merkatu plazan izango da kontzentrazioa arratsaldeko 18.00etan. Donostian, Antiguako tuneletik hasiko dute martxa manifestariek 18.30etan. Gasteizen San Anton plazan hasiko dira mobilizazioak arratsaldeko 19.00etan. Bukatzeko, iruindarrek 20.00etan ekingo diote martxari Antoniutti parketik.