Enea Bastianini italiarrak (Ducati) bere kirol ibilbideko lehen garaipena lortu du MotoGPn, Qatarko Sari Nagusia, Lusailen jokaturikoa, irabazita. Brad Binder (KTM) izan da bigarrena eta Pol Espargaro kataluniarra, hirugarrena. Repsol Hondako pilotua lider joan da hemezortzi itzulitan baina azkenean, podiumeko azken postuarekin konformatu behar izan da.
Lehen itzulitik hemezortzira lasterketa menderatu duen arren, bere neumatikoen errendimenduak behera egin du eta garaipena italiarrari eman behar izan dio. Brad Binder hegoafrikarrak ere pasa egin dio (KTM RC 16), amaierako balaztaketan larri-larri sartu baita.
Bere erritmoan oinarrituta, Pol Espargarok lehen postuan eutsi du, nahiz eta itzuliak aurrera joan ahala Hego Afrikako pilotua Repsol Hondaren errebufora modu arriskutsuan hurbiltzen joan den.
Hamabigarren itzulian, Francesco "Pecco" Bagnaia (Ducati) Jorge Martini barrutik gailentzen saiatu da, baina bere motorraren neumatikoak ez dio eutsi eta lurrera joan da. Jorge Martin aurretik eraman zuen, eta ezin izan zuen ezer egin istripua saihesteko.
Bukaerarako hamar itzuliren faltan, Pol Espargarok ia segundo bateko aldea zuen finkatuta Binder, Bastianini –honek hegoafrikarra apur bat geroago gainditu du–, eta Marquezekiko.
Bastianinik Binderri aurrea hartu izana gertatzen ari zenaren bihozkada bat izan da; izan ere, italiarra itzuliz itzuli kataluniarrarengana hurbiltzen joan da, eta azkenean, lau itzuleraren faltan, helmugako zuzengunean aurreratu du.
Bastianini "Piztia" bakarrik joan da garaipena lortzeko bidean, bere kirol ibilbideko lehena MotoGP mailan, Brad Binder eta Pol Espargaroren aurretik, honek bere anaia Aleix Espargaroren azken erasoari eutsi baitio.