Erasokor eta fin hasi du partida bikote urdinak, batez ere Danel Elezkanok. Lehendabiziko 4-0eko partzialean hiru tanto egin ditu, horietatik bi, airez, eta Altunari parez pare begiratuko ziola desafiatuz, nolabait.
Zaratamokoak, baina, txapapera bota du bosgarren tantoa litzatekeena eta orduan jokoan hasi da Altuna. Aztia da amezketarra, totala, eta jokoan hasi denean arerioa apaltzen joan da, nahiz eta nola edo hala eusten saiatu diren.
Ohartzerako, launa berdindu da partida eta 9-9ko markagailua, partidako bosgarren berdinketa izan da. Zabaletak eutsi du bikote urdina, atzean bost tanto egin baititu lehendabiziko zatian. Zaratamokoak, ordea, hasieran hiru tanto egin baditu, bere argitasuna ez da iritsi urdinen 11. tantora arte eta bitartean, gorriak oso ondo ulertzen direla erakutsi dute. Bakoitzaren abilezia ez ezik, bien arteko koordinazioak ere tanto bat baino gehiago eman baitie. Aztiaren tranpatan erori da Zabaleta behin baino gehiagotan, azkena 15-22ko azken tantoan.
Lehen zatian gauzak estu joan dira baina lehen atsedenaldi luzearen ostean, 2-7ko partziala ezarri dute Altuna eta Martijak eta partida apurtzea lortu dute. Urdinek ez dute amorerik eman baina hutsegiteak nabarmenagoak bilakatzen joan dira, freskotasun faltarengatik, agian. «Zabaletak metro asko egin ditu eta uste dut bigarren zatian faktura pasa diola», adierazi du Altunak, hain zuzen ere. Zabaletak bost tanto galdu ditu, Etxarrengoak ohitu gaituen mailarako, gehiegi; horrez gain, Elezkano ere ez da zorrotz ibili eta txapara bota du gorriak 20. eta 21. tantora iristea ahalbidetuz.
Goibel agertu da Zaratamokoa partida osteko agerraldian, aurkaria gehiago izan dela behin eta berriz nabarmenduz. 15. tantoan hasierako zorroztasuna berreskuratu duen arren, 21-15 markagailua gorriek alde zutela, nagusi izan dira azken tantoan eta merezitako lehen puntua eskuratu dute.
Seigarren garaipena jarraian erdiertsi dute Altuna eta Martijak eta behetik gora datozenaren beste erakustaldi bat eman dute. «Gauza bat da ondo ulertzea baina ondoren pilotari mina eman behar diozu, eta hori gaur egin dugu», adierazi du Altunak ETBko kameren aurrean. Bere bikote Julen Martijaren lana ere goraipatu nahi izan du: «Uste dut pilota bakoitzean asko gozatu duela». Etxeberriak ez du galdutako pilotarik izan.
Pilotakadak: 546.
Iraupena: 68:53.
Markagailua: 0-4, 4-4, 5-5, 6-6, 6-8, 8-8, 9-9, 12-10, 12-12, 13-19, 14-20, 22-15.
Tantoak: 8 Altunak eta 7 Elezkanok; 4 Martijak eta 5 Zabaletak.
Galdutakoak: 3 Altunak eta 5 Elezkanok; 0 Martijak eta 5 Zabaletak.
Gorabeherak: Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiko bigarren partida jokatu da Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Bi ordu eta 1.294 pilotakada
Aurretik, Promozioko Binakako txapelketa jokatu da Bibako Bizkaia pilotalekuan eta espero baino gehiago luzatu da Zabala-Etxeberria eta Zubizarreta III.a-Eskirozen arteko dema (22-21). Bi ordu pasatxo eta 1.294 pilotakadaren ostean erabaki da partida gorrien alde.
Lau pilotariek lehertuta eta errenka bukatu dute partida zinez ikusgarria.