NAIZ

ANk hilaren 31n aztertuko du Urrutikoetxearen defentsak aurkezturiko aurretiazko idatzia

Espainiar Auzitegi Nazionalak (AN) martxoaren 31n aztertuko du Josu Urrutikoetxearen defentsak aurkezturiko aurretiazko idatzia 1987an ETAk Zaragozan Guardia Zibilak zuen kasernaren aurkako atentatuaren harira zabalduriko prozeduran.

Josu Urrutikoetxea joan zen udaraz geroztik auziaren zain libre bizi da Lapurdin.
Josu Urrutikoetxea joan zen udaraz geroztik auziaren zain libre bizi da Lapurdin. (Jagoba MANTEROLA)

Europa Press agentziak jakitera eman duenez espainiar Auzitegi Nazionalak hilaren 31n aztertuko du Josu Urrutikoetxearen defentsak aurkezturiko aurretiazko idatzia.

Urrutikoetxea ezin dutela 1987an ETAk Zaragozan egin zuen atentatuaren harira zabalduriko prozeduraren baita epaitu oroitarazi du defentsak ugaotarra ETAko kidea izateagatik 1990an zigortu zutela gogoratuz.

Dagoeneko epaitua izan den afera argudiatu du Josu Urrutikoetxearen defentsak. Eta Parisko Epaitegiak eman zuen ebazpenean oinarrituz ezinezkoa dela berriro ere Urrutikoetxea ETA erakundeko partaide izateagatik auzipetzea «berdin kide soil gisara, berdin zuzendaritzako kide bezala» azaldu du aurretiazko idatzian.

Parisko Epaitegiak zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Josu Urrutikoetxeari 1990an «gaizkileen elkarteko partaide« izatea egotzita. Aipaturiko delituak espainiar zigor kodeak jasotzen duen «erakunde terroristako kidetza»-ren parekoa dela mahaigaineratu du defentsak.

2020ko uztailaz geroztik behin behineko askatasun egoeran, auziaren zain, dago Urrutikoetxea. Iazko udaraz geroztik Lapurdin bizi da bere bikotekide eta alabarekin batera.

Frantses justiziak errebeldian ezarritako bi auzien errepikapenaren zain dago 2019ko maiatzean Alpeetako Sallenches herrian atzeman zuten Urrutikoetxea.

Prozedura horiek lehentasuna dutenez, Auzitegi Nazionalak ezin luke epe ertainera ETAren amaierako mezua irakurri zuen militantea auzipetu.

Hiru hamarkadetan ez zioten eraso hori egotzi

Espainiar Justiziak ez zitzaion 11 hildako eragin zituen atentatuaren ardura egotzi Urrutikoetxeari 1996an gauzatu zen bere entrega lortzeko.

Ez da horren ondotik ere espainiar espetxetan egon zenean.

Dagoeneko libre zegoenean eta EAEko legebiltzarkide hautatu ostean, 2003an, berreskuratu zuen Auzitegi Nazionalak aipaturiko auzia, hiru hamarkada lehenago ETAk eginiko atentatuaren ardura Josu Urrutikoetxeari bizkarreratuz.

Eraso larri horrengatik epaituak eta zigortuak izan ziren erakunde armatuko kideek 30 urte inguruko espetxe zigorrak bete dituzte.

Hala 1990. urteaz geroztik kartzelan darraite Unai eta Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal presoek.

Auzitegi Nazionalak iazko martxoan jakinarazi zion Urrutikoetxeari atentatu horren gaineko auzipetze agindua. Eraso horri buruz neholako ardurarik ez zuela adierazi zuen Parisetik bideokonferenziaren bidez saio horretan parte hartu zuen Urrutikoetxeak.