Maitane Aldanondo

Hernaniko emakumeek amestu eta eraikitako topagunea

Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak iazko irailean zabaldu zituen ateak. Ia bi hamarkadako prozesu parte hartzaile baten emaitzetako bat da, mugimendu feministaren mugarri, eta eraikitzen jarraitzeko leku. Lanketan parte hartu duten hiru emakumek azaldu dute haren ibilbidea eta edukia.

Joan zen urteko irailean zabaldu zituen ateak Kulturarteko Plaza Feministak.
Joan zen urteko irailean zabaldu zituen ateak Kulturarteko Plaza Feministak. (NAIZ)

Berdintasun teknikaria lortzearekin batera, 2001ean Berdintasun Kontseilua abian jarri zuten Hernanin. Nahita aukeratu zuten “berdintasun” hitza “emakume” beharrean, artean ohikoa ez bazen ere, gizonak ez zituztelako kanpoan utzi nahi, haien borroka ere izan zitekeelakoan.

Prozesu parte hartzailearen bidez hainbat lorpen erdietsi dituzte urteotan: liburuak, eskoletan tratu ona, parekidetasuna eta sexu aniztasuna lantzeko Harremonak programa, Emakumeentzako Jabetze Eskola, indarkeria protokola, kale izendegia... 2013an Plaza Feminista egikaritu zuten, eta berezko espazio horrekin pozik bazeuden ere, ez zuten nahikoa leku. Orduan, Emakumeen Etxea izateko nahia eta bidea piztu zen.

2016ko maiatzetik 2017ko otsailera arte iraun zuen lanketa baten emaitza eta ondorio da Hernaniko Kulturarteko Plaza Feminista. Ehun bat emakumek parte hartu zuten erabakien gaineko eztabaidetan, askotarikoak, adinez eta jatorriz. «Askoren artean eraikitako etxea da», Irantzu Jauregi Artola berdintasun arloaren arduradunaren esanetan.

Prozesua azaltzeko, Amaia Altuna Etxabek haziak fruitua eman arteko bidearekin alderatu du. Erein fasean, hamabost bat laguneko talde motorra osatu zuten lanketa bideratzeko; Ernatu fasea, berriz, herritarren Emakumeen Etxearen gaineko «ametsak eta nahiak» biltzeko jardunaldiek osatu zuten. Hazi fasea, aldiz, helburu eta ezaugarriak zehazteko saioak izan ziren, «emakume guztien beharrak entzun eta haiei erantzuteko». Loratzea, aldiz, gunea bera amestu eta programa proposamenak jasotzea izan zen. Bildu urratsean, Euskal Herriko beste Emakumeen Etxeak bisitatu eta interesekoa hartu zuten, eta, azkenik, Gozatu: ospatzeko festa egin zuten.

Bost urte geroago ireki zituen ateak Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministak, iazko irailean, eta goiko solairuko hormetan zintzilik dago bide horren argazki erakusketa. Jende antolatuaz gain, mugimendutik kanpoko emakume asko bildu zituen, aliantzak josi, proiektu berriak sortu... denentzat lekua izan zedin. «Oso baliagarria izan zen elkar ezagutzeko, haur, gazte eta heldu», gogoratu du Altunak. Prozesua Emakumeen Etxea bezala hasi bazuten ere, Udalak erabaki zuen bertan kokatzea AMHER-SOS Arrazakeria elkartea ere. Aurrez harremana bazuten eta bidean, elkarrekin aritu eta elkar aberasteko aukerak ikusi dituzte. Jauregiren ustez, «beraien jardunean ikuspegi feminista txertatzea erraz dezake», eta, era berean, feminismo «ez hain zuri eta klase batekoa» sustatu. Izan ere, arrazakeria eta matxismoa askotan elkarrekin doazen bi borroka garrantzitsu dira eta haiek nola josi erabakitzen ari dira. Zapalkuntzei adi egon, erantzunak artikulatu, eta norbere burua berraztertzeko garrantzitsua izan daiteke. «Mugimenduak emakume guztiei erantzuten saiatu behar du. Ez dugu elitista izan nahi, ez klase ertaineko beharrei soilik erantzun. Hautsi nahi dugu horrekin eta emakume zapalduak bereziki kontuan eduki», berretsi du Ixiar Pagoaga Soraluzek.  

Aholkularitza, elkar zaintza...
Zenbait zerbitzu barnebiltzen ditu eraikinak: aholkularitza juridikoa, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeentzako elkar zaintza taldea, jabetze eskola... Herrira begirako eraldaketa feminista eta ez arrazista baterako erreferentzia izan nahi du, haren alde diharduten eragileei leku eginez.

Bertan daude Berdintasun Kontseilua, Koordinadora Feminista, transexualitatea lantzen duen Loratuz Lotu elkartea, Arremanitz, AMHER-SOS Arrazakeria... Bakoitzak bere ekimenak antolatzen ditu eta espazioak hilabetero egitarau bat atonduko du. Jardueren artean, areto bakoitzari izena ematen dioten emakumeak ezagutarazteko saioak egin asmo dituzte. Martxan jarri duten Gobara podcastean jada tartea egin dioten Simone de Beavoir izango da martxokoa. Ate ondoetan hiru hernaniar daude: Empar Pineda, Miren Clemente sindikalista eta bere buruaz beste egin zuen Moio gazte transexuala.

Errealitate bilakatutako ametsa «aurrera egiteko baliabide bat da», baina, Altunak nabarmendu duenez, «ez da hemen geldituko, aurrera egingo dugu eta borroka izango da bidea». Horretarako, ordea, militantzia ezinbestekoa dela deritzo Pagoagak, «mugimendua indartzeko eta gauzak mugitzeko denon arteko lan jarraitua behar da».