NAIZ

Guatemalak abortuaren aurkako zigorrak gogortu eta homosexualei eskubideak murriztuko dizkie

Guatemalako Kongresuak abortatzeagatik ezartzen den kartzela zigorra 1 eta 3 urte artetik 5 eta 10 urte bitartera igotzeko legea onartu du. Gainera, pertsona homosexualen arteko ezkontza eta aniztasun sexualaren inguruko hezkuntza debekatuko ditu.

Emakumeen martxa bat Guatemalako hirian beraien eskubieak aldarrikatzeko.
Emakumeen martxa bat Guatemalako hirian beraien eskubieak aldarrikatzeko. (Johan ORDONEZ | AFP)

Emakumearen Nazioarteko Egunean, martxoaren 8an, onartu du Guatemalako Kongresuak ‘Bizitza eta Familiaren Babeserako Legea’ deitutakoa. Lege honek herrialdeko emakumeei abortatzeagatik ezartzen zaizkien kartzela zigorrak are gehiago gogortuko ditu. Orain arte, 1 eta 3 urte bitarteko kartzela zigorretara kondenatu zitzaketen abortatzea erabakitzen zuten emakumeak; orain, aldiz, 5 eta 10 urte arteko espetxe zigorrak bete beharko dituzte kondenatutako emakumeek. Gainera, legeak «moral kristauarekiko inkongruenteak» diren «talde minoritarioak» jomugan jarriko ditu, LGTBI komunitatea zuzenean jazarriz.

Kongresuko bozketari dagokionez, Alejandro Giammattei Guatemalako presidentearen Vamos alderdi eskuindarrari atxiki zitzaizkion 102 diputatuk Legearen onarpenaren alde bozkatu dute. Beste 50 diputatuk ez dute botorik igorri eta beste zortzik kontra bozkatu dute.

Testuak 50 urte arteko espetxealdiarekin zigortzen du «abortuaren edo emakumearen baimenik gabe egindako abortu-maniobren» erantzulea, baldin eta praktika horrekin emakumearen heriotza eragiten badu. Delitu hori ‘abortu kalifikatutzat’ jotzen dute. Egun, Guatemalan ‘abortu terapeutikoa’ deitutakoa bakarrik dago baimenduta; hau da, amaren bizitza arriskuan dagoen haurdunaldietakoa. Legeak dioenez, honen ezarpenarekin amak «kontrol handiagoa» izango omen du.

«Haurra galtzea suntsitzailea da, eta Lege honek, emakume bat doluan egon daitekeen arren, susmagarriaren etiketa esleitzen dio automatikoki. Abortu naturalak kriminalizatzen eta zigortzen ari dira, eta hori arriskutsua da», ohartarazi du Lucrecia Hernandez kongresistak, zentro-ezkerreko Semilla alderdiko kideak.

Samuel Perezek, Semillako diputatuak, Kongresuko kideen aurrean adierazi du araua «emakumeak espetxeratzeko eta hiltzeko legea» deitu beharko litzatekeela, eta gaineratu du legea legegintzaldi honetan egiten ari diren «gauzarik lotsagabeenetako» bat dela, eta, «gainera, Emakumeen Egunean».

LGTBI komunitatearen jazarpena

Lege honek Kode Zibila beren-beregi erreformatuko du Guatemalan «sexu bereko pertsonen arteko ezkontza espresuki debekatzen» dela argi uzteko. Era berean, hezkuntza erakunde publiko zein pribatuei ume eta nerabeei zuzendutako aniztasun eta identitate sexualari buruzko politikak edota programak garatzea galaraziko die.

Legea bultzatu duten alderdien aburuz, «gizarte guatemalarreko sektore minoritario batzuek ezkontzaren eta familiaren ordena naturalarekiko desberdinak diren portaera eta bizikidetza eredu desberdinak proposatzen dituzte, zeinak mehatxu bat diren gizarteko oreka moral eta bakearentzat».

Hernandezek gaitzetsi du Legeak ez duela «pentsamenduaren adierazpen askerako eskubidea errespetatzen» eta konstituzionalki laikoa den herrialde bateko «sinesmen askatasuna urratzen» duela. Ildo beretik, diputatuak salatu du legeak «giza eskubideen aurka» egiten duela eta «gorrotoa sustatzen» duela.

Horregatik, oposizioak aurreratu du Legea inpugnatzeko neurriak hartuko dituela eta konstituzioaren aurkakoa dela argudiatuko duela Guatemalako Konstituzio Auzitegian, herrialdeko instantzia juridiko nagusian.