Jon Ormazabal

Aaron Arbizu atzelari etxarriarrak bi urterako sinatu du hitzarmena Asperekin

Ezustean harrapatu omen du Eibarko enpresaren deiak pilotari nafarra eta «ahalik eta urrutien heltzeko» ahal duen guztia ikasteko erronka jarri dio bere buruari etapa berri honetan.

Aaron Arbizuk gaur sinatu du kontratu berria Aspeko egoitzan.
Aaron Arbizuk gaur sinatu du kontratu berria Aspeko egoitzan. (ASPEPELOTA.EUS)

Oraindik bere debuta noiz eta non izango den zehazteke dagoen arren, martxoaren amaieran edo apiril hasieran profesional berri bat izango da eskuzko koadroan, Aaron Arbizu atzelari etxarriarrak –1998/08/04– bi urteko kontratua sinatu baitu gaur Asperekin. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, azken hilabeteetan Andoni Gaskuek, Unai Alberdik eta Arbizu berak –bi atzelariek Asperekin eta aurrelariak Baikorekin– eman dute jauzia.

Lan hitzarmena sinatuta ere, Arbizuk ez zuen kontratu berriarekiko harridura eta poza disimulatzen. «Egia esan, ez nuen espero», aitortu du nafarrak enpresaren webean jasotako adierazpenetan. «Urduri eta oso pozik nago. Ezustekoa izan da Asperen deia. Dena hain azkarra izan da, ez dit astirik eman hura bereganatzeko», onartu du Arbizuk. Etxarriarraren asmoak Aspek eskaintzen dion aukera ahalik eta gehien aprobetxatzea da. «Ahal dudan guztia ikasi nahi dut, ahalik eta urrutien iristeko», azaldu du.

Azken urtean hobekuntza nabarmena izan duen pilotaria da Arbizu eta hala erakusten dute azken hilabeteetan Dinastia Etxabe, GRAVNI eta San Anton leiaketetan jantzitako txapelek. Kantxan pilotakada bakoitzean dena –baztuetan gehiegi ere bai– ematen duen pilotaria da, zaleek maite duten horietakoa.

Zabaleta, Astelenari neurria hartzen

Urtebete da ia Jose Javier Zabaletak Astelenan jokatu ez duela eta Katedralari berriz ere neurria hartzeko, eta bere buruarekin, batez ere eskuinarekin, erabateko konfiantza hartu ezinik dabilenez, entrenamentua egin du etxarrendarrak gaur Eibarren Jokin Etxanizen aginduetara. «Ez naiz erabat eroso sentitzen eskuinarekin, ez naiz erabat gozatzen, eskuan ondo sartzen eta orduan hori kostatu ziat pixka bat txapelketa honetan. Gaur Jokinekin egin dudan saio honetan hasieran oso gustuta sentitu naiz, amaierarako pixka bat nekatu naiz eta ez hainbeste, baina egia esan ezkerrarekin eta eskuinarekin gustura geratu naiz», adierazi dio Euskadi Irratiari saioa maiatu berritan.

Ziurrenik bere buruarekin zorrotzena den pilotaria izango da egungo Binakako txapelduna, nekez geratzen da erabat gustura egindako lanarekin eta konfiantza berreskuratzea behar-beharrezkoa izango du aurten ere txapela jantzi nahi badu. Horretarako, berak eta Elezkanok aurretik dituzten hiru partidak irabazi beharko dituzte, igandean Laso-Imazen aurkakotik hasita.