NAIZ

Berenguer: «‘Urte berri, bizi berri’ esan nuen eta mentalki askatu egin nintzen»

Barañaingo jokalaria, Athleticeko onenetako bat azken partidetan, pozik azaldu da azkenaldian egiten ari den lanarekin eta bere errendimendu aldaketa Osasunaren aurkako partidan kokatu du. «Ordutik eman behar dudan maila ematen ari naiz», onartu du nafarrak.

Berenguer, Realaren aurkako derbian taldekideei azalpenak ematen
Berenguer, Realaren aurkako derbian taldekideei azalpenak ematen (Monika DEL VALLE | FOKU)

Alex Berenguer, Athleticeko jokalari onenetako bat azken neurketetan, pozik azaldu da ostegun honetan prentsaren aurrean egiten ari den lanarekin eta bere errendimendu aldaketa Osasunaren aurkako partidan kokatu du. «Uste dut Osasunaren kontrako partidatik datorrela batez ere. ‘Urte berri, bizi berri’ esan nuen neurekiko eta nolabait mentalki askatu egin nintzen. Ordutik eman behar dudan maila ematen ari naiz», onartu du jokalari nafarrak.

Azaldu duenez, Marcelinok «bertikala izateko eta areara erdiraketa asko sartzeko» eskatzen dio, eta argi utzi du gakoetako bat «sartutako golekin edo emandako asistentziekin ez obsesionatzea» dela, horrek kalte egin ziolako denboraldi hasieran.

Kopatik kanpo geratu ostean, meritua eman dio taldeak Ligan izan zuen jarrerarekin: «Erortzen zarenean berriz altxatzeko modurik onena gauzak ongi egitea da, eta Levanteren aurka gauzak ongi egin genituen. Baina ez da lehen aldia, denboraldiaren zati handienean horrela jokatu dugu. Uste dut denboraldi nahiko ona egiten ari garela eta goiko borrokan sartuta gaude».

Hemendik denboraldia amaitu arte Europan sartzea izango da Athleticen helburua, eta Barañaingo futbolaria baikor azaldu da taldearen aukerekin. «Ehuneko ehunean konbentzituta gaude hori lortzeko, baina partidaz partida joan beharra daukagu. Lehen lana igandean Sevillara joan eta gauzak ongi egitea da, hiru puntuak Bilbora ekarri ahal izateko», aipatu du borroka horretan oso garrantzitsua izango den Betisen aurkako demara begira.

Sei asistentzia banatu dituen arren, gol bakarra sartu du aurtengo denboraldian Berenguerrek, eta horrek are balio handiagoa ematen dio Levanteren aurkako partidan penaltia jaurtitzen Oier Zarragari utzi izanak. «Baloia hartu nuen nik jaurti nahi nuelako, baina Zarragak eskatu zidan –berari egin zioten penaltia– eta sartzeko horren ziur ikusi nionez berari utzi nion».

Dani Garcia, zalantzan

Betisen aurka jokatzeko zalantzan dagoena Dani Garcia da. Zumarragako erdilariak pubalgia bat duela baieztatu du klubak eta osatze prozesua hasi duela.

Zehazki, «berregokitzapen funtzionaleko eta tratamendu espezifikozko prozesu bat» hasi duela dio gaur ezagutu den mediku txostenak, jokalaria «azken asteetan pairatzen ari den pubalgiako arazoak konpontzen saiatzeko».

«Prozesu horrek taldearen dinamikatik kanpo mantenduko du jokalaria», gehitzen du oharrak, denbora eperik aipatu gabe.