NAIZ

Gasteizko Mercedesek hiru egunetan soilik egingo du lan datorren astean, hornigai faltagatik

Hornigaien falta «kritikoa» dela argudiatuz, datorren astean ere Gasteizko Mercedes fabrika hiru egunetan soilik zabalduko dutela iragarri du enpresako zuzendaritzak.

Gasteizko Mercedes Benz fabrika.
Gasteizko Mercedes Benz fabrika. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Mercedesen Gasteizko lantegiko zuzendaritzak ostegun honetan jakinarazi dio langileen batzordeari datorren astean ere hiru egunez soilik zabalduko dutela. Zuzendaritzak hornigaien falta «kritikoa» dela arrazoituz hartu du produkzioa murrizteko erabakia. Hori horrela, aste honetan bezalaxe, Gasteizko Mercedeseko beharginek asteazkenetik ostiralera egingo dute lan datorren astean ere.

Sindikatuek adierazi dutenez, zuzendaritzak langileei azaldu die hiru egunetan zehar hiru txandatan lan egiteko pizak soilik dituztela eskura.

Gasteizko Mercedes fabrikako produkzioa joan den otsailaren 25ean eten zen, eta ordutik aurrera beharginak aste honetako asteazken, ostegun eta ostiralean bakarrik itzuli dira. Datorren astean ere egun horietan soilik egingo dute lan.

Otsailaren 12an, larunbatean, gertatu zen bezala, martxoaren 19an ere plantillak ez du lanik egingo, nahiz eta hilaren hasieran zuzendaritzak bi larunbat horiek aktibatzea proposatu zuen (baita martxoaren 26a ere), galdutako jarduera berreskuratzeko asmoz. Hala ere, «horniduren egoera kritikoa» dela medio, aukera hori baztertu dute.

Ondorioz, martxoaren lehenengo hiru asteetan sei egunetan soilik egingo dute lan Gasteizko Mercedesen eta, beraz, bederatzi lanaldietako produkzioa galduko da.

Erdieroaleen faltak hainbat geldialdi eragin zituen iaz enpresaren, EAEko handienaren, ekoizpenean. Egun, 5.000 behargin inguruk egiten dute lan Gasteizko Mercedeseko fabrikan eta aurreko geldialdi nabarmenena iazko abenduaren 17tik 2022ko urtarrilaren 3ra arte luzatu zen.