Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Hirugarren greba eguna Nafarroako adinekoen egoitzetan, hitzarmen propio bat eskatzeko

Nafarroako zahar etxeetako langileek hirugarren greba eguna izan dute ostegun honetan, eta hitzarmen propioaren alde borrokan jarraituko dutela adierazi dute LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek. Manifestazioak egin dituzte ere, Iruñean, Tafallan eta Tuteran.

Sindikatuen arabera, hitzarmenak Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du.
Sindikatuen arabera, hitzarmenak Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan lan egiten duten 4.500 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak hobetzeko balio behar du. (@ibaiazparren | NAIZ)

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek deituta, hirugarren adinekoen arreta sektoreko ehun bat langilek manifestazioa egin dute ostegun honetan Iruñean, Nafarroako egoitzen lehen hitzarmena lortzeko helburuarekin. Tafallan eta Tuteran ere atera dira kalera, langileen hirugarren greba egunean.

Manifestariak Iruñeko autobus geltoki zaharretik atera dira, aurretik pankarta bat zutela, «Reconoced nuestro trabajo, convenio ya! Lan baldintza duinen alde» leloarekin.

Sarasate pasealekuan amaitu da mobilizazioa eta bertan lau sindikatuetako ordezkariek lehen hitzarmenaren negoziazioetan «patronalaren blokeoa» eta Nafarroako Gobernuaren «pasibotasuna» salatu dute. «Ohi bezala, ezinezkoa izan da gure proposamenetako bakar batean ere aurrera egitea, iazko maiatzetik hona planteatutako proposamenetan, alegia», nabarmendu dute.

Hori dela eta, urtarrilaren 11n Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu ziren langileak, eta urtarrilaren 13an lehen greba-eguna deitu zuten sindikatuek. Ondoren, otsailaren 23an greba deitu zuten ere, eta gaur hirugarren greba eguna izan dute.

Azaldu dutenez, mobilizazio hauen bidez «gure haserrea eta zentzugabekeria erakutsiko dugu», eta «beharrezko presio-neurriak» erabiliko dituztela adierazi dute, Nafarroako 70 zentro baino gehiagotan banatutako 4.500 langile baino gehigorentzat «lan-baldintza duinak lortu arte».

Lan-baldintzen hobekuntza honako hauetan gauzatzen da sindikatuen arabera: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

«Zaintza emakumeei esleitzen zaie»

«Duela bi egun emakumeen nazioarteko eguna ospatu genuen. Zaintza emakumeei esleitzen zaie, berezko baldintza gisa», adierazi dute sindikatuetako ordezakariek. «Mandatu horrek justifikazio zaila du, mendekotasuna duten pertsonei arreta egokia emateko administrazioak dituen gabeziak estatzeko aitzakia da», gaineratu dute.

Hala, nabarmendu dute zaintzak «gizarte osoa konprometitu» behar duela eta, horrenbestez, «kalitate oneko zaintza bermatuko duen sistema baten alde» egin behar dela, «artatutako pertsonen eta langileen interesak patronalen interes ekonomikoen gainetik jarriko dituena».

Horregatik, sektoreko patronalei eta Nafarroako Gobernuari «erantzuna bere gain har dezatela» eskatu diete, diru publikoz sostengatutako sektorea baita. Egun, «gaizki ordaindutako lana da, ikusezin bihurtua eta gutxietsia», erantsi dute.

«Beharrezkoa da zainketen eredu publiko, doako eta unibertsal baterantz joatea, eta bide horretan ezinbestekoa da Egoitzen Hitzarmen bat, ematen den zerbitzuaren eta arretaren lan-baldintzak eta kalitatea hobetuko dituena», adierazi dute.