EH Bilduk ikerketa batzorde bat sortzeko eskaera aurkeztu du ostiral honetan Madrilgo Kongresuan, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutako sarraskia argitzeko asmoz. Egitasmo horrekin, koalizioak Martxoak 3 elkarteak eginiko aldarrikapen etengabeei erantzun nahi die, erantzuleei dagozkien erantzukizunak argitzeaz gain.
«Polizia Armatuak bost langileen hilketan izan zuen esku hartzea eta erantzukizuna ikertzea da batzordearen helburu nagusia», adierazi du koalizioak ohar bidez. Halaber, Madrilgo Gobernuaren ezagutza, inplikazioa eta erantzukizun maila argitzea, zuzenean inplikatutako ministroen (Rodolfo Martín Villa, Manuel Fraga Iribarne eta Alfonso Osorio) balizko inplikazio penala ezagutzea eta martxoaren 3ko biktimen eta euren senideen aitortzan, erreparazioan eta egiaren bilaketan aurrera egiteko baliabideak eskaintzea.
Hain zuzen, EH Bilduk ohartarazi du gaur egun, gertakarietatik lau hamarkada baino gehiago igaro diren honetan, ez dute inor epaitu eta estamentu ofizialetan oraindik ere diktadura frankistak inposatutako bertsio ofiziala da nagusi, biktimak kriminalizatzen dituena.
Babesa ez da aski
«Sarraskiaren 46. urtemugarekin batera, Martxoaren 3ko biktimek beste dei bat egin dute hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta gertatutakoa argitzeko eta justizia egiteko beharrezko mekanismoak martxan jartzeko», gogoratu du EH Bilduren Arabako diputatu Iñaki Ruiz de Pinedok.
Azken urteotan biktimek izan duten babes instituzional eta politikoa nabarmendu behar den arren, adierazpen horiek ez dira aski izan mekanismo eraginkor bihurtzeko eta erantzukizunak argitzeko. Uneotan, irekitako auzibide bakarra da 2010ean Maria Servini epaileak Argentinan zabaldu zuena frankismoaren krimenen aurka. Justizia espainiarrak uko egin dio behin eta berriz kereila horri laguntzeari, eta sarraskiarekin zerikusia duten dokumentu guztiak sekretupean gorde dituzte.
Ohar berean koalizioak gogoratu du duela gutxi, gosari informatibo batean, Sindikatu Harremanen ministro izan zen Rodolfo Martin Villak onartu zuela sarraskiaren «arduradun politikoa eta penala izan zitekeela». Jarraian, EH Bilduk Kongresuan Villaren presazko agerraldia eskatu arren, eskaera atzera bota zuen Kongresuko Mahaiak, egungo gobernuko kidea ez zela eta haren aurkako ikerketarik abian ez zegoela argudiatuz.
«Bistan da Martin Villak gertatutakoa argitzen lagunduko lukeen informazioa duela, eta EH Bildutik ez dugu amore emango Martxoaren 3ko biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko ahaleginean», gaineratu du Ruiz de Pinedok.