NAIZ

Korsikan eta Euskal Herrian konponbide politikorako garaia dela aldarrikatu dute

Korsikan Yvan Colonnaren egoerak haserre handia eragin du. Arleseko kartzelan bizi osoko zigorra betetzen ari zela eraso bortitza jaso zuen eta geroztik ospitalean da, hagitz larri, bere herritik eta senideengandik urrun. Gobernu frantsesari eskatu diote presoak askatzeko bidean urratsak egiteko.

Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira herritarrak, EH Baik deituta, konponbide politikoaren alde, Korsikan zein gurean.
Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira herritarrak, EH Baik deituta, konponbide politikoaren alde, Korsikan zein gurean. (Guillaume FAUVEAU)

EH Baik deituta, elkarretaratzeak egin dituzte herritarrek astearte honetan Baionan, Donibane Garazin eta Maulen. Arleseko presondegian bizi osoko zigorra betetzen ari den Yvan Colonna preso korsikarrak erasoa jasan zuenez geroztik, mugimenduek ez dute etenik Mediterranoeko uhartedian, eta gurera ere iritsi dira. Ipar Euskal Herriko gehiengoaren hitza entzun dezala eskatu diote Emmanuel Macronen Gobernuari, eta presoak askatzeko bidean urratsak egin ditzala. Horretaz gain, konponbide politikoa aldarrikatu dute Korsikarentzat zein Euskal Herriarentzat.

Colonnak egoera benetan larrian segitzen du Marseillako ospitale batean. Hasieran garun-heriotza egoeran zegoela zabaldu bazen ere, bere abokatuak gezurtatu egin du hori.

19.00etatik goiti egin dira hiru elkarretaratzeak, Baionan suprefeturaren aitzinean eta Donibane Garazin eta Maulen herriko etxeetan.

«Testuinguru oso bortitza bizitzen ari dira momentu honetan Korsikan, indar polizialen oldartzea zein Yvan Colonnaren egoeraren larritasuna ikusirik. Egoera honetan soilik erabaki du Jean Castex frantses lehen ministroak DPS estatutua kentzea presoari. Martxoaren 11n, berriz, Alessandri eta Ferrandiri kendu diotela adierazi du Matignonek, hauen hurbilketa perspektiban jarriz», adierazi du EH Baik.

«Korsikan, Euskal Herrian bezala, preso politikoen auzia aterabide politiko global baten baitan kokatu behar da. Korsikar presoentzat egin bezala, euskal preso politikoei aplikatzen zaien DPS estatutuak altxatuak daitezen exijitzen dugu», erantsi du. «Honekin batera, Gobernuak PNATari [Fiskaltza Antiterrorista] delegatu dion boterea salatu nahi dugu. Ezin daiteke euskal ala korsikar presoen etxeratzerik proiektatu bi herri hauen prozesuak zangopilatu eta mespretxatzen dituen fiskaltza honekin. Etxeratzea agenda politiko baten baitan gauzatu daiteke bakarrik», nabarmendu du.