NAIZ
Lima

Fujimori presidente ohia askatzeko agindua eman du Peruko Konstituzio Auzitegiak

Peruko Konstituzio Auzitegiak Alberto Fujimori presidente ohia (1990-2000) aske uzteko agindua eman du ostegun honetan. 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari zen giza eskubideen urraketa larriengatik.

Alberto Fujimori Peruko presidente ohia, 2018ko irudi batean.
Alberto Fujimori Peruko presidente ohia, 2018ko irudi batean. (Luka GONZALES | AFP)

Konstituzio Auzitegiko epaile Augusto Ferrerok bere kalitatezko botoa baliatu du hirunako berdinketa hautsi eta Fujimori askatzeko agindua emateko. 1990 eta 2000. urteen artean Peruko presidente izan zena 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da La Cantuta eta Barrios Altos sarraskietan eginiko gizateriaren aurkako krimenengatik.

Fujimoriren sasun egoera delikatua zela argudiatuta, 2017ko abenduan indultu humanitarioa eman zion orduko presidente Pedro Pablo Kuczynskik, ustelkeriagatik bere aurka aurkeztutako zentsura-mozioan Fuerza Popular alderdiaren aldeko botoa saihesteko ahalegin desesperatu bat besterik izan ez zena.

Ia urtebete beranduago, 2018ko abenduan, baliogabetu egin zuten indultua eta Peruko Auzitegi Gorenak Fujimori berriro atxilotu eta espetxeratzeko agindua eman zuen, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak aipatu sarraskiei buruz emandako ebazpena aintzat hartuta. Izan ere, gizateriaren aurkako delitu kasuetan ez dago indultu humanitariorik ematerik.

Gorenaren epai horretan, indultua ematerakoan Kuczynskik egin zituen irregulartasunak ere aipatu zituen Hugo Nuñez Julca epaileak, Fujimoriren seme Kenji eta haren alderdiko beste kide batzuek onura nabarmenak eskuratu baitzituzten.

Peruko Justiziak, halaber, Fujimori presidente ohiaren eta haren hainbat Osasun ministroren aurkako prozesu penala abiaraztea onartu zuen iazko abenduaren erdialdean, 1990 eta 2000 urteen artean hainbat komunitate indigenetako ia 350.000 emakume eta 25.000 gizon derrigorrez antzutu zituztelako.

Gobernuak Giza Eskubideen Ameriketako Batzordean helegitea aurkeztuko du Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurka.