NAIZ

Subiranotasun gatazkak konpontzeko oinarriak aurkeztu eta ekarpenak jasoko dituzte

Heldu den astelehenean, martxoak 21, jardunaldi bat eginen da Donostiako Miramar jauregian. Bertan, Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek sustatutako subiranotasun gatazkak konpontzeko oinarriak partekatuko dira, gero Europako Etorkizunari buruzko Konferentzian (CoFoE) aurkezteko.

Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek subiranotasun gatazkei buruz antolatutako jardunaldi bat, 2020ko azaroan Bilbon.
Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek subiranotasun gatazkei buruz antolatutako jardunaldi bat, 2020ko azaroan Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Eusko Ikaskuntzaren babes zientifikoarekin GUE/ENGL (The Left in the European Parliament) eta RE (Renew Europe Group) Europako parlamentu-taldeak antolatuta, datorren astelehenean, martxoak 21, jardunaldi bat eginen da Donostiako Miramar jauregian.

EIk azaldu duenez, ekitaldiaren helburu nagusia da Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek sustatutako subiranotasuneko lurralde-gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentuaren azken bertsioa plazaratzea eta gizarte zibilaren ekarpenak jasotzea, Europako Etorkizunari buruzko Konferentzian (CoFoE) aurkezteko.

Estatuen barneko subiranotasun-gatazkak konpontzeko tresna gisa, oinarri hauek lankidetza-prozesu zabal eta sakonaren emaitza dira. Izan ere, nazioartean ezagunak diren 80 aditu baino gehiagok parte hartu dute lan honetan.

Eusko-ikaskuntza.eus-en eman daiteke parte hartzeko izena. Aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da. Jardunaldiak ingelesez, euskaraz eta gazteleraz jarraitzeko aukera egonen da, bertatik bertara zein internet bidez.

Testuingurua finkatzeko, subiranotasuneko lurralde-gatazkak konpontzeko oinarrien dokumentua ulertzeko, ekarpenak jasotzeko eta Europar Batasuneko ekosistemak Europako argitasun-esparru bat ezartzeko eskaintzen dituen aukerak baloratzeko, jardunaldia hiru paneletan egituratuko da, elkarrizketarako eta ekarpenak biltzeko guneekin, dinamika parte-hartzaileen bidez.

Egitaraua: hiru panel

Jardunaldia 9.30ean hasiko da, EIko Beatriz Akizuren aurkezpenarekin. Lehendabiziko panelaren izenburua honakoa izanen da: ‘Subiranotasun-gatazken kudeaketa demokratikoa Estatuan, Europan eta mundu osoan. Europako Etorkizunari buruzko Konferentziarako ekarpenak (CoFoE)’.

Francesco Palermo (Institute for Comparative Federalism – EURAC), Nicola McEwen (Center for Constitutional Change – CCC), Gemma Ubasart (Universitat de Girona) eta Juanjo Alvarez (Euskal Herriko Unibertsitatea) ariko dira hizlari. Euren arteko solasean Maite Zelaia (EHU) izanen dute moderatzaile eta amaieran parte-hartzaileen ekarpenak eta galderak jasoko dira.

Atsedenaldi baten ondotik, bigarren panelari ekingo diote, ‘Argitasun marko baterantz Europan. Oinarrien dokumentuaren edukiak’ izenekoari. Beatriz Akizuk Eusko Ikaskuntzak eta Institut d’Estudis Catalans-ek sustatutako proiektua aurkeztuko du, eta erredakzio taldeak dokumentuaren ildo nagusiak jorratuko ditu. Jaume Lopez (Universitat Pompeu Fabra), Zelai Nikolas (EI) eta Mario Zubiaga (EHU) izanen dira azalpenak emanen dituzten kideak.

Elkarrizketa egituratua eginen dute ondotik parte-hartzaileen artean, subiranotasun gatazkak ebazteko oinarrien dokumentuan lortutako adostasunak zabaldu eta azpimarratzeko metodologia parte-hartzailearen bidez. Aurrez aurreko taldeak eta on line taldeak antolatuko dituzte horretarako.

13.10ean hirugarren panelaren ordua izanen da: ‘Dimentsio instrumentala: Europako erakundeetan argitasun marko bat ezartzeari buruzkoa’. Neus Torbiscok (Graduate Institute Geneva) hartuko du hitza aurrena, eta gero europarlamentarien mahai-ingurua irekiko da, honako galderari erantzuteko: ‘CoFoEren ondoren… Zer ekimen plantea daitezke Europar Batasunean argitasun-esparru bat sustatzeko?’.

François Alfonsi (Fermu a Corsica, Greens/EFA), Izaskun Bilbao (EAJ/PNV, Renew), Pernando Barrena (EH Bildu, The Left), Jordi Solé (ERC, Greens/EFA), Toni Comín (Junts, NI), Maria Eugenia Rodriguez Palop (Podemos, The Left) eta Chris Macmanus (Sinn Féin, The Left) ariko dira solasean, Joxerra Bengoetxea (EHU) moderatzaile dutela.

Bukaeran, parte-hartzaileen ekarpenak eta galderak bilduko dituzte eta 14.25ean ondorio nagusiekin itxiko dute jardunaldia.