NAIZ
Laudio

Apirilaren 1ean abiatuko da, Amurrion, Arabako Bertsolari Txapelketa 30 bertsolarirekin

Apirilaren 1ean abiatuko da Amurrion 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa eta ekainaren 11ean bukatuko da, Gasteizen. Guztira 30 bertsolari arituko dira, horietatik bederatzi aurrenekoz. Gazteenak Eukene de los Aires eta Maddi Agirre dira (17 urte) eta zaharrena Rikardo Gonzalez de Durana (63 urte).

Laudion aurkeztu dute, larunbata honetan, Arabako Bertsolari Txapelketa
Laudion aurkeztu dute, larunbata honetan, Arabako Bertsolari Txapelketa (Raúl BOGAJO | FOKU)

Arabako Bertsolari Txapelketa apirilaren 1ean abiatuko da Amurrion eta datorren ekainaren 11 bukatuko da Gasteizen; orduan jakingo da parte hartuko duten 30 bertsolarietatik nork jantziko duen txapela. Horiek 2022ko edizioak uzten dituen datu nagusiak, Arabako Bertsozale Elkarteak baieztatu duenez.

Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian aurkeztu da larunbata honetan 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketa, baina xehetasunetan sartu aurretik egin zen azken txapelketan, 2019an hain zuzen, Arabako bertsogintzak egin zuen bidea goraipatu nahi izan da. Adierazi dutenez, «bide honi eutsi nahi izango zaio aurtengo XV. edizioan ere», urteetan zehar eraikitzen joan diren zubi eta pausuen garrantzia goraipatuz.

Egoitz Iradier Elkarteko sustapen arduradunak eman ditu txapelketari buruzko xehetasunak eta, aurreratu duenez, Txapelketako lehenengo final zortzirena apirilaren 1ean jokatuko da, Amurrioko Kultur Etxean. Amaiera ekainaren 11an izango da, Gasteizko Europa Biltzar Etxean.

Tartean, bost final zortziren, hiru final laurden, bi finalerdi eta finala izango dira. Final zortzirenak Amurrio, Biasteri, Trebiñu, Legutio eta Langraizen ospatuko diren bitartean, final laurdenak Dulantzi, Zigoitia eta Aramaion izango dira. Finalerdiak berriz Araia eta Izarran izango dira eta finala, lehen aldiz, Gasteizko Europa Biltzar Jauregiko Maria Maeztu auditorioan.

Txapelketak egitura hau izango du: Arabako 30 bertsolarik parte hartuko dute, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi izena eman duten 25 bertsolari gehiagok. Saioetako parte hartzaileei dagokienez, 30 bertsolari final zortzirenetan (5 saio) arituko dira, 18 bertsolari final laurdenetan (3 saio), 12 bertsolari finalerditan (2 saio) eta 6 bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean.

Bertsolariei buruz datu batzuk

Bertsolariei buruz ere eman dituzte zenbait xehetasun, hala nola, lehen aldiz parte hartuko dutela Aitor Najera, Ander Aranburu, Danel Herrarte, Eukene De los Aires, Iñaki Cabeza, Maddi Agirre, Markel Yoller, Unai Gomez eta Xabier Antiak.

2022ko edizioko gazteenak Eukene de los Aires eta Maddi Agirre dira (17 urte); lehena iazko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna da eta bigarrena txapeldunordea. Bestalde, zaharrena Rikardo Gonzalez de Durana (63 urte) da. Gasteizko bertso-eskolako sortzailetariko bat, Aiaraldeako bertso-eskolarekin batera Arabako lehenengo bi bertso-eskoletan aritua da.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke dagoeneko eta aretoetako aforoa bete ezean, saioetako sarrerak lekuan eta egunean bertan erosteko aukera izango da.