NAIZ

Elkarretaratzeak egin dituzte Lakuntzan eta Zegaman hildako langileak oroitzeko

Lakuntzako Sakana S.Coopeko eta Zegamako Goi Laser enpresako langileek elkarretaratzeak egin dituzte, nork bere enpresaren aurrean, iragan den asteburuan lan istripuan hil ziren lankideen heriotzak salatzeko.

Sociedad Cooperativa Sakanako beharginak beraien lankidearen heriotza salatzeko elkarretaratzean.
Sociedad Cooperativa Sakanako beharginak beraien lankidearen heriotza salatzeko elkarretaratzean. (LAB Nafarroa )

Sociedad Cooperativa Sakanako eta  Goi Laser enpresako langileek elkarretaratzeak egin dituzte enpresen atarietan, Lakuntzan eta Zegaman, iragan den asteburuan lan istripuan hil ziren lankideak oroitzekp.

Sociedad Cooperativa Sakanako enpresa batzordeak ohar baten bidez salatu duenez, «azken zazpi urteetan lan istripuen ondorioz lau hildako izan ditugu 300 langilera iristen ez den enpresa batean». Horregatik, aski dela eta «itzulirik gabeko puntu batera» iritsi direla ebatzi du.

Ildo horretatik, konponbideak «orain» behar dituztela ohartarazi dute: «Ez gaude prest ezer gertatuko ez balitz bezala lanean asteko, tamalez horrela izan da orain arte».

Era berean, I.Z.Sren heriotza ez dela «kasualitatea izan» aldarrikatu dute, izan ere, lan istripu hilgarriaren aurreko egunetan, ezaugarri berdintsuetako beste istripu batzuk izan ziren enpresa berean: «Aste honetan antzekoak izan diren bi lan istripu larri izan ditugu, bata bestearen atzetik. Honek agerian uzten du hartutako neurriak ez direla nahikoak, prebentzio neurriak ez direla betetzen ari. Partxeak jartzea bukatu da».

Horretaz gain, lan istripu hilgarriak ez errepikatzeko prebentzio neurriak exijitu ditu Sociedad Cooperativa Sakanako enpresa batzordeak. Hasteko, Nafarroako Gobernuari eta Lan Ikuskaritzari ahal bezain laster gertatutakoa argi dezaten eskatu diete eta, enpresari, indarrean dagoen prebentzio sistema aldatzea exijitu diote, «dagoenak funtzionatzen ez duelako».

Zegamako beharginak hilabete zeraman postuan

Bestalde, Zegamako Goi Laser enpresako langileek ere enpresaren aurrean egin dute protesta, astearte honetan, iragan den larunbatean pieza batek kolpatuta hil zen 57 urteko behargina oroitzeko.

LABek jakinarazi du zendutako langileak hilabete baino gutxiago zeramala lanpostuan eta «lan prozesu arriskutsu» batean ziharduela «berak bakarrik, laguntzarik gabe». Era berean, sindikatu abertzaleak Osalani leporatu dio oraindik ez duela istripuaren inguruko «inongo azalpenik» eman.