NAIZ

Gas errusiarraren hornikuntza soilik errubloetan kobratuko da

Vladimir Putinek modu honetan erantzun dio Mendebaldeak aktibo errusiarren erreserbak izoztearen inguruan hartutako erabakiari. Hala ere, ziurtatu egin du Errusiak gasez hornitzen jarraituko duela, indarrean dauden kontratuetan ezarritako bolumen eta prezioen arabera.

Vladimir Putin, gaurko agerraldian.
Vladimir Putin, gaurko agerraldian. (Mikhail KLIMENTYEV | AFP)

Vladimir Putin Errusiako presidenteak iragarri duenez, herrialdeak uko egingo dio gas errusiarra dibisetan kobratzeari, dolarra eta euroa barne, eta «lagunak ez diren herrialdeei», Europar Batasunekoak barne, hornikuntzak errubloetan bakarrik kobratuko dizkie.

«Ahalik eta lasterren neurri batzuk ezartzea erabaki dut, adiskide ez diren herrialdeek gure gas naturalagatik egiten dituzten ordainketak errubloetara transferitzeko», adierazi du Errusiako Gobernuko kideekin egindako bileran. «Gobernuari eskatzen diot jarraibide egokiak eman diezazkiola Gazpromi, dauden kontratuak zuzentzeko. Aldi berean, atzerriko kontsumitzaile guztiek beharrezko eragiketak egiteko aukera izan behar dute», gaineratudu.

Errusiako Gobernuak martxoaren 8an «adiskideak ez diren» herrialde eta lurraldeen zerrenda bat onartu zuen: AEB eta Kanada, EBko kide diren herrialde guztiak, Erresuma Batua, Ukraina, Montenegro, Suitza, Albania, Andorra, Islandia, Liechtenstein, Monako, Norvegia, San Marino, Ipar Mazedonia, Japonia, Hego Korea, Australia, Mikronesia, Zeelanda Berria, Singapur eta Taiwan.

Putinen iritziz, Mendebaldeak, aktibo errusiarren erreserbak izozteko erabakia hartzerakoan, «Moskuren aurrean ordainketa-etendura deklaratu zuen», eta «bere dibisen fidagarritasunari amaiera eman zion».

«Azken asteotan, dakizuen bezala, mendebaldeko hainbat herrialdek legez kanpoko erabakiak hartu dituzte Errusiako aktiboen izozteari buruz, eta Mendebalde kolektibo honek, egia esan, lerro bat marraztu du bere txanponen fidagarritasunaren azpian», zehaztu du.

Zentzu horretan, estatuburuak adierazi duenez, «Estatu Batuek eta Europar Batasunak, printzipioz, Errusiarekiko betebeharrak ez dituztela beteko adierazi dute eta orain mundu osoak daki dolar eta eurotan dauden betebeharrak ez direla beteko», laburbildu zuen. Errusiako gasa Europar Batasuneko kontsumoaren %40 da.

Zentzu horretan, Errusiako gas-inportazioak murriztea bereziki premiazkoa litzateke Europa erdialdeko eta hego-ekialdeko herrialdeentzat, Moskuren mendekotasun handieneko herrialdeen artean baitaude beren energia-beharrak hornitzeko, eta, horregatik, hornigai-mozketa baten arriskupean daudenen artean.

Herrialde horiek eta beste batzuk lasaitzera zuzendutako mezu batean, Putinek ziurtatu du Errusiak gasez hornitzen jarraituko duela, indarrean dauden kontratuetan ezarritako bolumen eta prezioen arabera. «Azpimarratu nahi dut Errusiak jarraituko duela, jakina, gas naturala hornitzen aurretik adostutako kontratuetan finkatutako bolumen eta prezioen arabera».